Aliceren Ibaiak (bertsio hedatua) jokoa da Wii U kontsolara iritsi den euskarazko lehen jokoa. Izatez, kontsola jakin baterako euskaraz dagoen lehenbiziko jokoa da. Android eta iOS sistemetarako ere badago, baina Wii U bertsioa aztertu du Ander Intxaurrondok Game Erauntsia webgunean, eta hango lizentziari esker (cc-by-sa) hona dakarkigu.
Aliceren bidaiak abentura grafiko bat da. Eskola zaharreko jokoekin konparatuta, abentura grafiko sinple bat. Genero honetan hasi berriak zaretenontzat, edo oso txarrak (ni bezala) zaretenontzat pentsatua. Horrek ez du esan nahi abentura grafikoetan oso zaleak zaretenok gozatuko ez duzuenik, inola ere ez.
Joko honetan, Alice lotara doa, eta ametsetan hasten da. Amets hauetan bere beldurrei egingo die aurre, horretarako bere ametsan dauden elementuekin elkarrekintzan ibiliko da. Bere ametsean jende desberdina topatuko du, eta hainbat puzzle ebatzi beharko ditu.
Agertokian ditugun elementu desberdinekin elkarreragiteko, pantailan ukitu besterik ez dugu. Elkarrekintza posible bada, mugikorrak (edo kasu honetan, Gamepadak) bibratuko dute pantailan hauek ukitzen ditugun bakoitzean. Orduan 3 aukera emango dizkigu jokoak: ikusi, hitzegin edo hartu. Jasotako elementuak eta lortutako informazioa beharrezkoa izango da jokoan zehar aurrera jarraitzeko.
Pertsonaien eta Aliceren arteko elkarrizketak guztiz grafikoak dira, ez dago inongo testurik; marrazki batek azalduko digu zer egin behar dugun, edo zer den behar duguna. Alicek informazio guztia libreta batean jasoko du, nahi dugun bakoitzean kontsultatu ahal izateko. Baliteke batzuetan jasotzen dugun informazioa ez izatea nahikoa guretzat, horrelakoetan nagitasuna izeneko barraskilo lotiarengana jo dezakegu, falta zaigun informazioa eskuratzeko.
Aliceren mugimenduak nahiko motelak dira, batzuetan agertoki desberdinen artean ibiltzea neketsua izan daiteke. Horrez gain, agertoki batetik bestera pasatzean karga-pantaila bat egongo da, zorionez pantaila honek aholku desberdinak ematen dizkigu.
Puzzleen zailtasun-kurba egokia da, hasierakoak sinpleak dira, geroago zailagoak dira. Ez dugu estankatzeko arazo handirik izango, baina burua erabili beharko dugu. Kasu batean estankatuta gelditu nintzen, behin zulo horretatik atera nintzela, konturatu nintzen tontakeri batengatik ez nuela asmatzen, jasotako indikazioak ondo ez jarraitzeagatik.
Jokoaren grafikoak oso ederrak dira; hauen diseinuaz Ane Pikaza artista euskalduna arduratu da, eta egin duen lanagatik zorionik beroenak eman behar dizkiogu. Jokoaren soinu bandaz Vetusta Morla indie talde Madrildarra arduratu da, jokorako hainbat abesti atsegin konposatuz. Grafikoek eta musikak argi uzten digute jokoa patxadaz jolasteko dela; eseri, erlaxatu eta gozatu jokoaren irudi eta abestiez.
Hasieran aipatu bezala, jokoa euskaraz dator. Delirium Studiosi eskerrak eman behar dizkiogu itzulpena egiteko jarri duten ausardiagatik, izugarri estimatzen da jarri duten ilusioa. Ia ezinezkoa da bideo-jokoak euskaraz topatzea, eta izugarri eskertzen da euskaraz jolasteko aukera izatea. Ea etorkizunean Euskal Herriko beste hainbat garatzailek ere gure hizkuntza gehitzen duten beraien jokoetan. Gainera, erakundeek esfortzu bat egingo balute kanpoko bideo-jokoak ere euskaraz iristeko, egoera ezinhobea izango zen.
Zerbait txarra komentatzearren, aipatu nahiko nuke ez zaidala asko gustatu Wii U kontsolan jolasteko Gamepada erabiltzea nahitaezkoa izatea. Nahiz eta telebistan gauza berdina ikusi, zentzugabea da hau piztuta edukitzea. Nire ustez, aukera eman behar zuten Pro-Controllerra erabiltzeko, pantailan kurtsore bat agertuz. Aurrerago iritsiko den PC bertsiorako ziurrenik horrelako mekanika bat erabiliko da, ondo egongo zan hau ere bertsio honetan eskuragarri egotea.
Laburbilduz, jokoak pena merezi du eta denoi gomendatzen dizuet. Duela bi urte atera zuten hasierako bertsioak sari dezente irabazi zituen, eta ondo mereziak gainera. Hizkuntzaren aldetik ere lan txukuna egin dute; gainera eskertzen da kontsoletan kalitatezko joko bat euskaraz jolasteko aukera edukitzea; espero dezagun azkena ez izatea. Emaiozue aukera bat, ziur naiz gustatuko zaizuela.
Informazio gehiago:
Jokoa lortzeko:
Erantzun
Sartu