Jon Maiaren txio baten ondoren ('Euskal Herria superpotentzia emozional bat da') zenbait erreakzio izan dira, eta horietako bat da Beñat Sarasolak Separata blogean idatzi duena, hango cc-by-sa lizentziari esker hona ekarria.
Joan den urtean Giza Katera joatearekin euskaldun zintzoaren kuota bosturteko baterako behintzat beterik nuela sinetsirik, aurten kale egin dut estadioetarako erromesaldian. Esan gabe doa, asko izango dira uste dutenak iazkoarekin bakarrik nire konpromiso maila hutsaren hurrena dela –inoiz ez baita aski euskaldun jatorra zarela demostratzeko eginahaletan–, baina, aizuek, erabakitzeko eskubidea ez ezik nekatzekoarena ere aldarrikatzen dugu batzuek. Nire protesta txikia izan da beraz aurtengo ausentzia, apur bat gogaituta jadanik betiko paripé eta folklorismo artean ibiltzeaz. Zoritxarrez, estadioetan ikusitakoek –Anoetan behintzat– nire usteak konfirmatu besterik ez dituzte egin. Izan ere, iazko Giza Kateko jende erakustaldi, balentria eta abarren ostean, zer eta urtebete geroago estadioak jendez betetzea baino proposamen taxuzkoagorik ez egitea… Alaporai esan nuen nire kolkorako, eta kale egin.
Euskaldunok hogeitaka urte daramatzagu demostratzen muntaiak montatzen parekorik ez dugula, ekitaldigintzan txapeldun olinpiko garela. Bale, hori ongi frogatu dugularik, beste zerbait egiteko garaia bazela imajinatzen nuen; baina bai zera, berriz ere ebento ikusgarri bat, zer eta duela 17 urteko ereduaren kopia gainera (orduan han izan ginen baita ere, enegarren egun historikoan, Benito Lertxundi entzuten eta gauza horiek).
Harrigarria da nola betiko eskemak errepikatzen diren, ezaguna denaren bertangoxoan eroso. Esaterako, famosoen atxikimenduen ohiko zerrenda eta argazkia. Sinadura berriren bat gorabehera, holako argazki batek jendea sarrerak saldoka erostera eramango duela sinistea ez dakit zer den, xalokeria edo erosokeria, baina, edonola ere, espero dut atzoko zapuztxoaren ondoren famosoei urte batzuetarako bake pixka bat ematea. Merezita dute eta deskantsua. Alderdi politikoei begira egote hori ere –azken orduan EAJ gehitu zelako poza eta guzti–, ez ote aski zaharmindurik dagoeneko? Zorionez, kontuaren muina aparatu horien kalkuluengandik aski aparte dagoela esango nuke. “Bildu+ EAJ = Egina zagok” (bai, -k) ekuazioaren amarrua behintzat argi geratuko al zen! Bestetik, egitaraua ikusi eta, baiki, marmotaren eguna. Betikoak betikoa egiten: Jon Maia, Eñaut Elorrieta, Alkain, Pirritx eta Porrotx… Aurretik, oihal katean, hortxe ikusi nituen joaldunak, entzun nituen adarra, trikititxa. Kontua ez da halako egitarau eta sinbologiarekin jai izango dugula sektore sozial berriak erabakitze eskubidera agregatzeko (to, Errejon), ezpada betiko euskaldunak ere gogaituko ditugula luze gabe. Abertzale ez garenok aspaldi garatu dugu halakoetarako jasangarritasun –hots, pairagarritasun– azaltxoa, baina nago jada kaskotik oinetarako abertzaleak ere hasiak direla ernegatzen. Betikoa betikoek betiko moduan egiten, nola arraio sortu ezer erakargarririk? Nola eraman erabakitze eskubide demokratikoa euskal abertzaleez haratago?
Egiazki, ez naiz batere harritzen estadioak bete ez izanaz, baina oraindik argigarriagoak egiten zaizkit joan zirenen bueltako nekadura eta ilusio falta. Anoetako ekitaldia, behintzat, luze eta, topikotik topikora, ezin ernegarriagoa izan omen zen. Han esan zirenen arteko harribitxiren bat hartzea besterik ez dago. Jon Maiak “Euskal Herria superpotentzia emozional bat da” bota omen zuen lotsagorritu gabe. Ana Malagonek “hunkigarrismoa” deitu zion behin gure arteko epatatzeko joera horri, bertsolari –bon, puntulari– frankok, tipikoki, etengabe ustiatzen duten sentimentalkeriari. Alemaniarrek, berriz, kitscha deitu zioten aspaldi handian hunkitu-nahi jaidura horri, eta aski erreakzionarioa dela azaldu. Baiki, hunkitu nahiaren hunkitu nahiaz, jendea gurean ere paripé eta folklorismoez kokoteraino ez ote dagoen. Euskal Herria, superpotentzia izatekotan, hitz fazati eta jaialdi historikoena baita.Eu
Erantzun
Sartu