Publizitate eta komunikazioan Eusko Jaurlaritzak 2013an gastatu zuen aurrekontuaren %2 baino gutxiago iritsi zen euskal hedabideetara: 107.1911 € denera. Kopuru hori Jaurlaritzak egin zuen gastu orokorraren %1,9 da, hain justu. Sormena eta ekoizpena kenduta, hau da, publizitate eta komunikazio kanpainak sortzeko erabilitako diruak hartu gabe, portzentajea ez da iristen %3ra.
Sailez sail, Segurtasuna eta Lehendakaritza sailak izan ziren iaz euskal hedabideetan publizitate gutxien jarri zuten sailak (% 1 eta % 1,63, hurrenez hurren), nahiz eta aurrekontu handienetakoak izan: Segurtasun sailak 960.000 € gastatu zituen, eta Lehendakaritzak, berriz, miloi erdi pasatxo, 508.000 €. Kopuru absolutuetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da euskal hedabideetan diru gehien inbertitzen duen saila, eta kopuru erlatiboetan, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun saila: publizitaterako norbere aurrekontuaren %5etik behera, beti ere.
2013 publizitate eta komunikazio instituzionalaren memoria izeneko txostenean jasotako datuen arabera, 5.649.112 € gastatu zituen iaz Eusko Jaurlaritzak publizitate eta komunikazio instituzionalaren arloan. Legeak ezarzen du Eusko Jaurlaritzako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak bi txosten egin behar dituela urtero: amaitutako urteari buruzko memoria bat, eta hasiko den urterako plan bat. Bi dokumentu horiek Legebiltzarrera bidaltzen dira urte bakoitzeko saioen lehen epealdian.
Txostenaren arabera, eta soilik hedapenerako kopuruak aintzat hartuta, euskal hedabideetan iaz egin zen publizitatea aurrekontu osoaren %2,96 izan zen. Hekimenen barruan dauden hedabideei dagokien portzentaje hori %2,48 da: 89.520 € denera. Eusko Jaurlaritzaren publizitatea jaso zuten Hekimeneko hedabideak Anboto aldizkaria, Argia, Berria, Gaztezulo, Hamaika TB eta Hirinet izan ziren. Horietaz gain, Bizkaia Irratiak eta Entzun! eta Euskal Herria aldizkariek ere jaso zuten Jaurlaritzaren publizitatea.
Sailez sail, Ekonomia garapena eta Lehiakortasun sailak 28.951 € gastatu zituen euskal hedabideetan (publizitaterako bere diruaren %5); Enplegua eta Gizarte Politika sailak, 7.437 € (aurrekontuaren %3,19); Herri administrazioa eta Justiziak, 3.694 (%3,49); Hezkuntza, hizkuntza politika eta Kulturak, 32.456 € (%4,57); Ingurumen eta Lurralde Politikak 13.309 € (%3,85); Lehendakaritzak 8.268 € (%1,63); Osasun sailak 3.706 € (%2,32) eta Segurtasun sailak 9.370 € (%0,98).
Hona grafikoa:
Grafiko hori perspektiban ere jar daiteke, beste hedabideetan inbertitu dena ehunekoa zenbatuz gero:
Eta beste ikusmira bat ere eskaini daiteke, kopuru absolutoetan zenbat inbertitu duen sail bakoitzak euskarazko hedabideetan, eta besteetan:
Hedabide motaren arabera
Eguneroko prentsa da diru ekarpen handiena jasotzen duena Eusko Jaurlaritzatik (publizitatearen %27,56), eta atzetik datoz irratia (% 21,8), telebista (%21,2), Internet (%7,14) eta aldizkariak (%5,2).
Euskal hedabideen kasuan, berriz, eguneroko prentsan egiten da publizitate guztiaren erdia baino gehiago: 55.349 €, %52; aldizkarietan egiten da % 25 (27.086 €); Interneteko euskarrietan %12 (12.756 €); irratietan %9 (9.368 €); eta telebistetan, berriz, %2 baino ez (2.632 €).
Oharrak:
- Sustatu Hekimenen parte da.
- Artikulu honetan Hekimeneko idazkaritzarena da testua, grafikoak Sustaturenak (berrerabilgarriak, noski).
- Sustatun ez zen Jaurlaritzaren publizitaterik izan 2013an, eta 2014an ere 0 euro ikusi ditugu.
Erantzun
Sartu