Teknologia albisteak

Gaur eta bihar #Librecon2014 kongresua Bilbon, Software eta jakintza libreaz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2014-11-11 : 11:12
Gaur eta bihar bitartean (azaroaren 11 eta 12), software eta jakintza irekiak sustatzea helburu duen LibreCon 2014 kongresua izango dugu Bilbon, Asolif eta ESLE elkarteek bultzata. Hitzaldi eta topaketa agenda zabala dago antolatuta Euskalduna jauregian gauzatuko den ekitaldian. 1.500 profesionalek eman dute izena, 120 hizlaritik gora izango dira, eta era guztietako 500 enpresa eta erakunde baino gehiagoren parte hartzea espero da. Antolakuntzak ahalegin berezia egin du software eta jakintza irekiarekin loturiko arrakasta kasuak egon daitezen. Aurtengo edizioaren gakoak ondorengo sektoreak izango dira: hezkuntza, industria, osasuna eta komertzioa.

Gaur goizeko 9etan ireki da #Librecon2014 Euskalduna Jauregian (Bilbon). Teknologia librea, softwarea, ezaguera irekia, opendata, proiektu europarrak, negozio irekia, ekimenak, eta arrakasta kasu interesgarriak ezagutzeko aukera izango dugu Bizkaiko hiriburuan. Esan bezala, programa zabal eta interesgarria dago antolatuta. Ekitaldi paralelo moduan beste bi gune egongo dira, gainera: Business txokoa eta Take up txokoa; gertutik jarraitzekoak biak ala biak.

LibreCon-eko erakusketa eremuak espazio berritzailea eta irekia izango du, non proiektuak, adibideak eta kultura irekia ezagutzeko aukera izango den. 2.200m2 dira, ezagutza sorketari eta negozio aukerei zuzenduta. 

Teknologia irekien bidez, kostuak aurreztu eta beraien negozioak hobetu dituzten enpresa handi, txiki, erakunde eta herri administrazioen arrakasta kasuak ezagutzeko aukera ugari izango da LibreCon 2014an eta, era berean, helburu nagusietakoak enplegua sortzea eta lehiakortasu hobetzea dira.

Gaur egun garapen teknologiko eta aplikazio informatiko gehienen lokalizazioa eta euskaraz izateko aukera, software libre eta teknologia irekiei esker etorri da, esate baterako. Sustatuk berak azpian duen softwarea, adibidez, kode irekiko Django izeneko framework-a da.

Erantzun

Sartu