Teknologia albisteak
13

SOS euskarazko bikoizketa

Erabiltzailearen aurpegia
Iratxe Goikoetxea Langarika, ETBko Euskara Saila
2012-03-12 : 13:03

Gure umetako Bugs Bunny, Tom eta Jerry, Vicky bikingoa eta Yoggi euskaldun bihurtu zizkigun. Pitufoak pottokitu. Harri Aro modernora eraman gintuen, Pedro Harriketarraren eta Pablo Atxurdinen eskutik. Eta dragoi bola bila ipini, inguruko erdaldunek usaina ere hartu aurretik. Euskarazko bikoizketak funtsezko zeregina du gure unibertsoan bestela heldu ezineko hutsuneak betetzen. Ez dadila artazi kolpe batez betiko deseginda gelditu.

Dallasko gaiztorik zitalenak zer-nori-norka jarri zizkigun. Detektibe istorioek euskaraz ez zutela xarmarik galtzen ikusarazi zigun, Magnum lotsabakoari esker. Umore ingelesaz gozarazi zigun Gazteak, Sugegorri beltza eta Bai, ministroa telesailekin. Parker Lewis gaztelaniaz baino euskaraz atseginago egin zigun.

Hori dena eta gehiago egin du euskal bikoizketak, 1980ko hamarkadan sortu zenetik hona: mundu zabaleko milaka espezie bizidun izendatu ditu, zientzia eta teknologia arloak jorratu, era guztietako kirolen berri eman, arteaz eta historiaz aritu da, geologiaz, geografiaz...

Dela dokumentaletan, dela fikziozko lanetan, euskarazko bikoizketak lan eskerga (eta kasu askotan eskerbakoa) egin du, gure gizarte txiki honen mugetatik haragoko mundu zabala geureganatzeko. Arian-arian, arlo honetan diharduten itzultzaile, egokitzaile eta bikoizleen lanak aurrerapauso sendoak egin ditu, eta erakutsi digu gustuko produktua gustuz bikoiztuta gustura ikusten dela.

Ez da jende guztia iritzi horretakoa, badakigu. Zalantzabakoa da, ordea, euskarazko bikoizketak funtsezko zeregina duela gure unibertsoan bestela heldu ezineko hutsuneak betetzen.

Jarraitu ahal izango du, baina? Euskarazko bikoiztetxeak larri dabiltza. Sortu zirenetik, ETB izan dute bezero eta zutabe nagusia. Baina badirudi zutabe horrek ez diela gehiago eutsi behar. Krisia dela edo programatzaileen irizpideak direla, lanez urri dabiltza. Larri.

Urte asko behar izan dira euskal bikoizketaren sarea ehuntzeko. Ez dadila artazi kolpe batez betiko deseginda gelditu.

Erantzunak

Jon
2012-03-12 : 13:53

Zer nahi dugu nahiago, euskaraz sorturiko edukietara bideratzea baliabideak, ala erderazko edukinak euskaratzea? Nik egoistaki lehenengoa, helduentzako edukietan batez ere. Askok ikasi genuen euskara batu txukuna telebistari esker, baina ez dakit nik Bruce Willis edo Stallone euskeraz entzuteak askorik merezi duen...

beste bat
2012-03-12 : 15:49

Hemen betikoan gaude. Euskaldunok, euskara hiztunok alegia, bigarren mailako hiritarrak gara.



ETB2n gastatzen den euro bakoitza ETB1en edo ETB3ko euskarazko saioren batean gastatuko ez den euro bat da. Esan dezagun argi eta garbi: ETB2 soberan dago eta euskarari kalte besterik ez dio egiten.

Unai
2012-03-12 : 17:08

Nik ordea erderazko edukiak ikusi nahi ditut euskaraz. Bi eta Bat, Jaun eta Jabe eta horiek onak ziren bai, baina The Wire, The Sopranos eta Breaking Bad maisulanak dira.



Edonola ere batak ez du bestea kentzen eta biak mantendu daitezke. Zoritxarren gaur egun ETB1n ez dute ez bataren ezta bestearen alde egiten.

Inaki Irazabalbeitia
2012-03-12 : 18:29

Bertako produkzioa eta bikoiztutakoa behar ditugu euskara hizkuntza normalizatua izateko. Gure hamasei urteko seme nerabeak telebistan zer kontsumitzen duen ikusten dut eta, seguruenik, bere lagunek ere horixe kontsumituko dute. Gazte giroko serie estatubatuarrak dira nagusi beren kontsumoan. Beraz gure teilatuaren kontra harrika arituko ginateke gure gazte euskaldunei kontsumitzen dutena euskaraz eskaintzen ez badiegu. Berdin bertan zein kanpoan ekoitzia. Eta eta egun ezer gutxi eskaintzen die kirolaz aparte.

Mendizale
2012-03-12 : 20:54

Bikoizketa ezinbestekoa al da? Zergatik jarraitu behar dugu espainiarren edo frantziarren eredua? Holandan izan nintzen orain 2 urte eta bertako telebistetan pelikulak azpitituluekin emititzen zituzten...Eta beste leku askotan gauza bera, ez dago inongo bikoizketarik. Ez dakit, apika umeentzako marrazki bizidunak (eta batez ere ume txikienentzat zuzenduta daudenak) bikoiztuko nituzke....gaztetxoentzat eta helduentzat, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, inongo arazorik gabe.

Gaztelaniaz ospe handia dauka bikoizketak, baina ikus ezazue Modern Family ingelesez eta alderatu gaztelaniazkoarekin... zerikusirik ez dute



assar
2012-03-13 : 10:42

Hau ez da Holanda. Holandan mundu guztiak hitz egiten du (hitz egiten du, ez hitz egiten daki) nederlanderaz. Telebistako telesaioak jatorrizko bertsioan ikusi nahi duenak arazorik gabe egin dezake gaur egun, telebista agintearen funtzionamenduaren ezagutza minimoa edukiz gero. Izatez, nire alabak Clan ikusten badu, ingelesez soilik ikusten du.


Ba bai, bikoizketa ezinbestekoa da, noski euskarak iraun dezan nahi baduzu. Nahi ez baduzu, ez. Joer, euskararen dentsitatea minimoa da Euskal Herrian, eta oraindik presentzia hori txikitzearen aldekoak irakurri behar. Eroskiren eta Euskaltelen iragarkietako esloganak ere jatorrizko bertsioan (espainierazkoan noski) itzulitako bertsioan baino hobeak dira, egin dezagun beraz jatorrizkoen aldeko aldarria, ken ditzatela euskarazko bertsioak!


Mendizale
2012-03-13 : 23:10

Egia da, ez daukat telebistarik eta ahaztua nuen azpitituluak jartzeko aukera hori... ETBn ere bada?? Pelikuletan ere bai?



Halere, ez dut oso garbi ikusten bikoizketaren ezinbestekotasun hori euskarak irauteko. Azpitituluekin euskara galtzen da? Irakurtzea entzutea baino okerragoa da? Nik ez nuen euskarazko pelikularik apenas ikusten, bikoizketa artifiziala saihesteko. Suposatzen dut bikoizketa egin gabe pelikulak emititzea merkeago izango litzatekeela eta beraz pelikula gehiago emitituko lituzketela (eta ez naiz bakarrik ingelesezko filmei buruz ari)



Asier Larrinaga
2012-03-14 : 13:15

Niri zinez harrigarri egiten zait bikoizketaren arazo hau aztertzeko zein arinkeria handiarekin egiten diren orokortzeak.

Lehen orokortzea: nik ez dut behar, beraz, ez du inork behar.

Bigarren orokortzea: bi edo hiru astean behin filmen bat edo serieren bat jatorrizko bertsio azpidatzian ikusten dut, beraz, Estatu Batuetatik, Europatik, Ekialde Hurbiletik eta Ekialde Urrunetik heltzen zaizkidan ikus-entzunezko guztiak jatorrizko bertsio azpidatzian kontsumitzen ditut.

Biak dira gezur.

...Eta bien bitartean, Inaki Irazabalbeitiak dioenez, gure gazteek (eta gazte ez garenok berdin) telesial eta film estatubatuarrak kontsumitzen segituko dute, gaztelaniaz edo frantsesez, noski.

Arazoaren larriaz jabertzen garenerako, ez da egongo nork euskaratu kanpoko ikus-entzunezkoak. Baina lasai! Gasteizko Mendi Zinemaldian hasi dira bidea urratzen: pantailako dokumentalaren euskarazko bertsioa kasko batzuen bitartez irakurtzen zizun esatari batek aldi bereko itzulpenean ariko balitz bezala.

...Eta bien bitartean ETB-2n, TVE-n eta beste batzuetan jatorrizko bertsioen usainik ere ez.

Iratxe
2012-03-15 : 14:31

Euskal bikoizketari esker hainbat belaunaldik ikusi dituzte marrazki bizidunak euskaraz -eta gehienei galdetzen hasita, erdarazko bertsioak "arrotz" eta "itsusi" egiten zaizkiela esango dizuete, Dragoi Bola edo ShinChanekin asko errepikatzen den komentarioa izanik-.



Bestalde, artifizialtasunaz hitz egitea nire ustez nahiko absurdoa da, bikoizketak berez lengoaia propioa baitu, ez euskaraz, baizik eta edozein hizkuntzatan, eta euskarak ere, besteek bezala, bere bidea egin behar izan du -gutxi batzuen lan eta esfortzuari esker, gainera-.



Larrinaga jauna honetan nirekin bat etorriko dela uste dut, esango nuke oraindik ere bidea egin behar duela euskal bikoizketak. Eta bikoizketa horrek etorkizunik izango badu, ezinbestekoa ikusten dut jatorrizko pelikulak eta serieak bikoiztea,-Estatu Batuetakoek arrakasta handia dute egun, ETBko arduradunen batek deskuidoan hau irakurriko balu ere- baina jatorrizko audioa mantenduta euskal azpititituluekin ematea ere ondo legoke. Ez dakit ikuslegoaren zenbatekoak hartuko lukeen azken hori gogotsu, nik behinik behin besoak zabalik! Ez dut modu hoberik ezagutzen, Euskal Herritik mugitu gabe beste hizkuntza bat -eta euskara!- ikasteko, eta konturatu ere egin gabe.

Fermin Etxegoien
2012-03-15 : 19:02

ETB1ko filmak, euskaraz, ia inork ez ditu ikusten, eta arazoa hizkuntza da; jendeak ez ditu euskarara bikoiztutako filmak onartzen, bat egiten ez duelako bertan eskaintzen zaion hizkuntza ereduarekin.



Eta bai; bikoizketa eredu guztiak dira artifizialak, baita gaztelaniazkoa ere, baina arazoa da gaztelaniazkora erabat ohituta gaudela eta gehiegi kostatzen ari zaigula, ordea, euskarazkora ohitzea.



Zoritxarrez, oso zaila izango da egokitze-abiadura azkartzea, euskararen "adierazgarritasun soziala" egun bezain baju den bitartean.



0tik 10era, gaztelaniaren adierazgarritasun soziala, batez beste, 9an baldin badago, nik esango nuke euskararena, momentuz, 3an edo dela.



Horrek ez du esan nahi, noski, euskaldun askoren adierazgarritasun maila pertsonala 9ra -eta baita 10era- ailegatzen ez denik, noski ezetz. Ezta ere, zenbait eremutan -pentsatzen nago, adibidez, nire herriko Araotz auzoko baserritarrengan- euskararen adierazgarritasun soziala 9ra edo 10era ailegatzen ez denik; horixe ailegatzen dela!



Baina ez gaitezen engaina; "media" bat atera behar bagenu Euskal Herri osorako, esan bezala nik 3an edo ikusiko nuke euskara batuaren adierazgarritasun soziala, adibidez bikoiztutako filmei dagokienez (Goenkaleri dagokionez ez bezala; askoz altuagoa da Goenkaleko ikusleen "onarpen maila" bertako euskara planteamentuak bultzatua eta lagundua).



Zer egin, orduan, bikoiztutako filmak jende gehiagok ikus ditzan? Nik itzulpen simpleagoak hobetsiko nituzke, jatorrizko edukien "parte bat" galtzen badugu ere, bidean.



Demagun pertsonaia batek esaten duela:



"Ohartaraziko ninduzulakoan nengoen, William!"



Nik itzuliko nuke:



"Eta zeuk abixatu ez, William!"



Euskararen adierazgarritasun soziala, momentuz, zein baju den ikusita, ezin ditugu filmetako elkarrizketak bikoiztu ñabardura guztiekin, ikusle gehienak bidean galtzen zaizkigulako. Horretan ere, piskanaka joan behar genuen, modu progresiboan, baina kontrakoa erabaki zen, eta orain ordaintzen gabiltza harrokeria hura. Ohi bezala, proiektu nazional integrala nahastu genuelako hizkuntzaren errealitate estetikoarekin.









itziar
2012-03-19 : 11:19

Atzo, kazetaritza ikasle batek, bikoizketari buruz lanen bat egin behar zuela eta, ea galdera batzuei erantzungo ote nien galdegin zidan. Familiartekoa dudanez, baietza eman behar, jakina! Eta hona hemen, lehenengo eta azken galdera, denak ezpal berekoak baitziren.

Ez litzateke hobe, pelikulak bikoiztuta barik, jatorrizko bertsioan emango balira?

Egia da, gai hau aipatzen den bakoitzean sutan jartzen naizela (nazka-nazka eginda naukate horrelako galdera hutsalek) baina hala ere neurriz erantzuten saiatu nintzen



Euskara sendotzeko, indartzeko, hedatzeko… hori al da egin behar dugun galdera?

Eta ez diot galdera interesgarria ez denik! Gaztelerazko munduan logikoa irudituko litzaidake, baina zoritxarrez euskararen egoera hori baino larriagoa da.

Esate baterako, zergatik ez dugu galdetzen zertan laguntzen dion euskarari gaztelerazko kate bat indartzeak? Ez da isilpeko zerbait, alderantziz, hor dago argi eta garbi, guztion aurrean gertatzen ari da. Eta non dago kazetarigaiaren galdera, edo politikarien kontrakotasuna, edo hizkuntzalarien gaitzespena, edo….

Hizkuntza sendo bat indartzen xahutzen ditugun diru eta indarrak, makalaren makaltasuna baino ez du indartuko.

Euskarak, oraindik ere bikoizketa, azpidazketa, hedaketa…..eta nahi beste “keta” beharko ditu bere ahultasunak sendotze bidean jartzeko.



Iratxe Goikoetxea Langarika
2012-03-26 : 18:01

Bikoiztetxeen egoeraz idatzi nuenak izan dituen erantzunak ikusita, gauza batzuk zehaztu nahi nituzke.


  1. Euskarazko bikoizketa ez da ezinbestekoa euskarak irauteko. Baina laguntzen digu mundua (pertsonon unibertsoak) euskaraz garatzen. Pasadizo bat: Orain dela hogei bat urte, gure inguruko baserritar batek epaiketa bat izan zuen. Eta, epaileari dotore zuzentzeko, hauxe bota zuen: "Corto y cambio, su señoría". Bere ezjakintasunean, bereganatuta-edo zeuzkan bikoizketaren bidez zabaldutako esapide bi, irrati komunikazioko bat, eta zuzenbide arloko beste bat. Gure unibertsoa inguruko errealitatea baino zabalagoa da, eta euskaraz ere garatzeko aukera hori aldarrikatzen dugu.

  2. Halere, bikoizketa ez dira filmak edo telesailak bakarrik. Urteotan euskaraz bikoiztutako produktu guztien zatirik txikiena izango dira filmak. Baina bikoizketa aipatu, eta berehala salatzen dute hainbatek filmen sinesgarritasun eta naturaltasun falta. Nahiz eta sarritan euren iritziak orain dela hamaika urte ikusitakoaren gainekoak izan. Bikoizketaren esparrua askoz zabalagoa da: umeentzako marrazki bizidunak (gaitzetsi baino gehiago, txalotuak), era guztietako dokumentalak, erreportajeak eta publizitate iragarkiak, besteak beste.

  3. Fikziora itzulita, jatorrizkoa beti da bikoiztua baino hobea. Edozein hizkuntzatan. Euskara naturalaren eredu jotzen den "Goenkale"-k asko galdu zuen gaztelaniara bikoiztuta. Izan ere, jatorrizko produktuan "barra librea" dago. Ez dago zertan zaindu esaldien luze-laburra, eta sarritan aktoreek euren ekarpenak egin ditzakete, eta gidoia moldatu eta beretu. Bikoizketan, berriz, jatorrizko gidoiari lotu behar zaio, esanetan eta esateko moduetan.

  4. Bikoizketak berez dituen zailtasunez gainera, euskarazkoak beste oztopo batzuk ere baditu, gure hizkuntzaren egoeraren ondorio. Munduaren zati handi bat izendatu barik daukagu, eta asmatu egin behar da. Eta asmatzen asmatu.

  5. Beste zati handi bat, zorionez, jasota eta izendatuta dago hiztegietan eta bestelako lanetan. Baina hori ere arrotza zaie hiztun askori. Erreferenteetan egiten dugu huts, ez baitugu euskara bakar bat, eta bai hizkuntza indartsuagoak inguruan. Eta, hain zuzen ere, horrexetan lagun dezake bikoizketak, euskarazko mundu erreferentziala sortzen eta partekatzen.

Ez litzateke ederra epaitegian harako hari "txanda eta kito, epaile andrea" entzutea?


Fermin Etxegoien
2012-03-26 : 21:51

Nork erabaki zuen kokodriloari krokodilo deitu behar geniola?



Euskal Herriaren konstrukzio -eraikuntza- nazionalean sinesten zuen norbaitek, ez da dudarik. Euskaldunak gara eta harro gaude, beraz gauza izango gara, gizaki bakar baten gisan, kokodriloari krokodilo deitzeko.



Ba ez; ez gara gauza izan. Hizkuntzaren estetikatik sortu behar baitzen eraikuntza nazionala, eta ez alderantziz.



(Onartuta ere, hiru urtetik beherako kokodrilo gehienak krokodilo bihurtu ditugula.)



Zuk ez duzu horren kulparik, Iratxe, ezta nik ere. Are gehiago; seguruenik, krokodiloa hautatu zuenak ere ez zuen kulpa kulparik. Zer hoberik egin zezakeen, eraikuntza nazionalaren aldeko erabaki etiko-linguistikoa hartu baino?



Krokodilo transnazionala hautatuz, noski, eta ez kokodrilo español zikina. Ahaztu gabe iparraldean krokodiloak duen tradizio handia.



Laburbilduz, esango nuke etika gailendu nahi izan zitzaiola estetikari, baina galtzaile atera dira biak.



Harrokeriaz jokatu genuen eta orain gure burua nahi baino gehiagotan ikusten dugu itsusi ispiluan.



Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago