Elhuyar Fundazioak Manjit Kumar fisikari eta filosofo indiarraren Quantum: Einstein, Bohr eta errealitatearen inguruko eztabaida handia dibulgazio-liburua argitaratu berri du, euskaraz, eta Durangoko Liburu eta Disko Azokan dago salgai. Publiko orokorrari dago zuzendua zientzia-dibulgazioko liburu hau, Z izpiak serieko hirugarrena.
Fisika eta filosofia dira liburu honen ardatz nagusiak. Einsteinen, Bohrren eta beste zenbait zientzialariren nortasunak erakusten dizkigu istorio honek. Drama, tragedia, irrika, ustekabeko gertaerak, ekintza heroikoak eta beste zenbait ezaugarri ditu, eta horiei esker, ez da eduki zientifikoko edo dibulgazio zientifiko hutseko liburua, nahiz eta informazio asko dagoen mekanika kuantikoari buruz. Liburu historiko edo biografiko baten antzera antolatuta dago; pertsonaia (aditu) bakoitzaren nortasuna zehatz azaltzen du, eta bakoitzaren izaerak nolako eragina duen aurkikuntzaren garapenean edo aurkikuntzan bertan: Planken kontserbadurismoak azpimarratu egiten du aurkikuntza; Pauliren adimena eta umore txarra erabakigarriak izan ziren; Bohrren irmotasuna eta lotsa, berriz, ezinbestekoak; Eisnteinen irudikapenak eta askatasunak polemika bizirik iraunarazi Horiez gain, Heisenberg, Shröringer, Dirac, Born, Bohr, Compton, De Broglie, Sommerfeld, Lorentz, Boltzmann, Rutherford, Uhlenbeck, Goudsmith, Bell eta abarren izaerak ederki jasotzen ditu liburuak, eta haien erretratu zuzena egiten du.
Dagoeneko salgai dago liburua, 15 -an, Elhuyarren on lineko dendan eta Durangoko Azokan bertan. Datorren astetik aurrera, liburu-denda nagusietan ere izango duzue.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Sailaren laguntza jaso du argitalpenak.
Ingelesezko bertsioa eskuratu eta irakurri nuen. Eta benetan interesgarria da. Azken mende honetako iraultza zientifiko garrantzitsuena Europak ezagutu zituen garai tragikoenetan eman zen. Halaber, Manjit Kumarrek garai hartako giro politiko eta zientzilarien harremanetan duen eragina ederki deskribatzen du.
Ez dut itzultzailearen arrastorik aurkitu ez albistean, ez Elhuyarren webgunean; liburuaren azalean ere ez da ageri... Pentsatzen hasita nago agian Manjit Kumar bera izan dela euskarazko testua prestatu duena...