Teknologia albisteak

Japoniar ideogramak euskaraz: japoniera errazago ikasteko gidaliburua

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2010-11-11 : 10:11

Jon Goikolea arrasatearrak "Japoniar ideogramak" liburua kaleratu du. Japoniera ikasteko metodo praktikoa eta erabilerraza eskaintzeko asmoz, egileak euskarara ekarri ditu hizkuntz horretako 2.140 kanji ideograma. Gainera, liburuan eskaintzen ditu ikur horien guztien jatorria, esanahia, ahoskera eta errazago ulertzeko eta memorizatzeko bidea.


Argazkiak.org | Ibilgailua japonieraz © cc-by-sa: goioarana

Esan daiteke, gainera, euskaldunontzat ekarpen berezia egin duela debagoiendarrak, izan ere, ez dago merkatuan aurkitzerik era horretako libururik ez gazteleraz ezta frantsesez ere.

Egungo japoniar idazkerak erabiltzen ditu hiru sistema aldi berean, batetik, soinuak irudikatzen dituzten hiragana eta katakana alfabeto silabikoak eta, bestetik, kontzeptuak ordezkatzeko balio duten kanji ideogramak. Testu arruntetan nahasten dituzte hiru sistemak. Hiragana, esaterako, erabiltzen da japoniar jatorria duten hitzak idazteko; katakana alfabetoarekin, aldiz, transkribatzen dute beste hizkuntzetatik hartutako hitzak; azkenik, jatorri txinatarra dituzten kanji ikurrak erabiltzen dituzte kontzeptu osoak islatzeko.

Kopuru handiagatik eta marrazteko duten zailtasunagatik, kanjiak dira gaitzenak ikasteko eta gogoratzeko, eta horiek dira, hain zuzen ere, euskaratu dituenak Arrasaten lekututa dagoen Goihata enpresako arduradunak. Egun, 6.000 kanji ideograma baino gehiago daude japonieran; Goikolearen liburuan jaso dira, hala ere, egungo hezkuntza ofizialean eta eguneroko testuetan ohikoenak diren 2.140 kanjiak.

Bi urte luze jo duen euskaratze prozesuan, Goikoleak hartu du oinarri bezala Japonen irakasle eta lagun izandako Jos R. De Roo hizkuntzalariak asmatutako Roo kodea. Abade flandiarrak lau laukitan banatu zituen ideogramak eta, batez ere, goiko ezkerreko eta beheko eskubiko zatietan errepikatzen ziren elementuak identifikatu eta deskribatu zituen. Gainera, De Roo-k aztertu zituen ideogramen bestelako osagarriak, testu zaharretara jo zuen eta saiatu zen ikurrek hasieran zuten "zentzua" aurkitzen. Hil aurretik, 2001 kanji izeneko liburuan jasota utzi zuen sistematizazio hori guztia.

Oraingo liburua ez da Jon Goikoleak eta Chieko Hatak, biak Goihata enpresakoak, egin duten aurreneko ahalegina euskara eta japoniera hurbiltzeko. Lehenago, 2007. urtean, Interneten, guztion eskura jarri zuten 20.000 hitz baino gehiago biltzen dituen Euskara-Japoniera eta Japoniera-Euskara hiztegia (Firefox nabigatzailearen erabiltzaileek badute hiztegi hori kontsultatzea Euskalbar gehigarria erabilita).

"Japoniar ideogramak" egileen auto-ekoizpena izan da: beraiek zuzendu, maketatu eta finantzatu dute liburua. Lanak, guztira, 310 orrialde ditu eta Elkar liburu-dendetan jarriko dute salgai.

Liburua ezagutarazteko aurkezpen sortatxoa ere antolatu dute arrasatearrek:

  • Azaroaren 4an, Belgikan, De Roo-ren jaioterrian hitzaldia eman zuten.
  • Azaroaren 13an eta 14an, Bilbon, stand-a jarriko dute japoniar kulturalaren Nihon jaiaren bigarren edizioan.
  • Azaroaren 18an, Arrasateko Kulturaten, liburua aurkeztuko dute iluntzeko 18:30etan.

Etorkizunari begira, eta behin argitalpena komertzializatu eta gero, Goikolearen eta Hataren asmoa da sarean jartzea liburuan jasotako ideogramen bilduma eta egitea gaztelerazko bertsioa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago