Patxi Gallegoren Pololoak komiki-trilogia (zeina sarritan izan baitugu e-gorblog-en hizpide) komunikabideetan daukagu berriz ere, berriki estreinatu den antzezlana dela-eta, eta ziur aski gehiago izango dugu hurrengo asteetan, egun gutxi barru Elkarrek Pololoak 3 - Atxeritoko balada trilogiaren azken alea kaleratu behar baitu. Horri buruz idazteko Patxiri komikiaren azala eskatzeko atrebentzia izan nuen, bera aspalditik ezagutzen baitut. Horren ordez, Patxik etxera gonbidatu ninduen, liburuaren sorkuntza prozesua bertatik bertara ezagutzera!
Esperientzia ikaragarria izan zen. Han nintzen ni, komikigilearen santutegian, nire komikirik gustukoenetako baten jaiotza sortzaileak berak xehetasun guztiz azaltzen zidala! Pololoak 3-ren sorreraren testu, zirriborro eta original mordoa erakutsi zizkidan, paperean eta ordenagailuan (horietako hainbati argazkiak atera nizkien, 1, 2, 3, 4, 5 eta 6), eta komikiaren sortze-prozesua azaldu zidan: nola dena akuarelaz koloreztatu duen, nola orri berezi bat erabili behar izan duen bestela akuarelak tinta korritzen zuelako, nola Mari ongi ateratzeko ia obsesionatu arteko probak egin zituen... Azkenean baztertutako azalak ere erakutsi zizkidan. Bat hemen ikus dezakezuen Batman-en omenaldia, eta bestea hemen ikus dezakezuena.
Gainera, Pololoak-en lehen libururako egin zituen proba eta zirriborroak ikusi nituen, Xabinaitor superheroi klasikoago, gihartsuago baten gisan irudikatzen zuenekoa. Eta izenaren probak ere bai!
© Patxi Gallego
Horiek guztiak ikustean jabetzen da bat zenbat lan suposatzen duen komiki bat egiteak. Pololoak-en bezalako trilogia baten kasuan, obra faraoniko bat da. Eta euskara merkatu txikia izanik, ez da posible euskarazko komikigintzaz soilik bizitzea, eta ordu horiek guztiak jaten ematen duen laneko orduez gain egin behar dira. Patxik, eta komikiak euskaraz egiten ari diren beste jendeak ere (Xabiroikoak, Ihes Ederrakoak, Numenakekoak, Gartxotekoak...), kristoren sakrifizioak egiten dituzte komikiei eta euskarari dieten maitasunagatik... Hauek bai benetako superheroiak!
e-Gorblog beti da erreferentzia interesgarria euskarazko komikigintzaren nobedadeak jarraitzeko. Polita idatzi zuen duela gutxi Ihes ederra irudi-eleberri edo nobela grafikoaz (komiki luze bat, alegia)
Azken hiru urte luze hauetako berririk onena.
Fecebooken izena eman behar nuen, zertarako eta Xabineitorren abenturen aldeko talde bat osatzeko.
Irrikitan nago, ez dugu ahaztu behar (KONTUZ; SPOILER, bigarren liburua irakurri ez baduzu ez jarraitu) Xabi Kariñerekin hitu urtetako txortaldia egin duela, eta euskaldun batentzat, nahiz eta superheroia izan, gehiegitxo dela.
Gora Xabineitor! Ausartuko al da Xabineitor gure erchain normalizatuekin sartzen? Lortuko al dute Aresen mutilek superterrorista harrapatzea? Kariñe Audientzia Nazionalera deituko du Garzonek, bere bahiketaren nondik norakoen berri emateko? Kariñe Victima del terrorismo ote da? Mariano, zauritutako Guardia Zibila, bizirik atera ote da? Gure "erchancha" faboritoak atera al du bigarren hizkuntz eskakizuna? Noizbait ikusiko dugu Pirinioetara doan bidegurutzean gertatu zenaren making-off-a? ... irrikitan nao joe....