Teknologia albisteak
8

Iruña Veleia: seguru zaudete?

Erabiltzailearen aurpegia
Juan Martin Elexpuru
2009-02-14 : 23:02

Juan Martin Elexpuru idazle bergararrak iritzi-artikulua idatzi du Iruña Veleiako aurkikuntzen inguruan. Horrez gainera, ostraketako euskarazko testuen azterketa ere egin du eta PDF honetan dago irakurgai.

Oraindik gai honek nobela, polizia-film eta misterio-saioetarako pagotxa ederra emango du. Joan den azaroaren 19an Arabako Foru Aldundiak grafito “ez ohikoak” aztertzeko izendaturiko Batzorde Zientifikoak bere epaia eman zuen: faltsuak dira, inolako zalantzarik gabe! Arkeologoek, epigrafistek eta filologoek mila eta bat zantzu aurkeztu zuten ebazpena frogatzeko. Batzordeko kimikariaren txostena ere bat zetorren funtsean aurrekoekin (bere ebazpena oso garrantzitsua zen, denborak ildoetan sortzen duen patinarik agertzen den ala ez esan behar zuelako), nahiz eta onartzen zuen zenbait piezatako patina zaharra eta jarraikorra zela.

Arratsaldean estamentu politikoak ofizialdu zuen zientifikoak goizean erabakitakoa. Lorena Lopez de la Calle Kultura Diputatuak prentsaurreko jendetsuan erabakitzat eman zuen auzia. Handik gutxira, fiskalaren esku jarriko zuen kasua, Eliseo Gil, ordura arteko indusketa arduraduna, auzibidean jarri ala ez erabaki zezan.

Harri eta zur geratu ginen denok. Filtrazioetatik bagenekien iritzi ezberdinak zeudela grafitoen benetakotasunaz, baina ez genuen uste epaia hain bizkorra eta hain borobila izango zenik. Txostenak eta materialen argazkiak argitaratzea eskatu zen, eta azkenik, urtarrila ezkero, edozeinek kontsultatzeko moduan daude interneten, Arabako Aldundiaren webgunean.

Orduak eta orduak pasa daitezke argazkiak ikusten eta batzuen eta besteen txostenak irakurtzen. Azkenekoz ezarritakoak “defentsarenak” dira, Gil eta Filloy indusketa-arduradunek eta Cerdan fisikariak (laborategiko analisien koordinatzailea) Batzordeari emandako erantzunak. Batzordeko Julio Nuñez arkeologoak “inposibletzat” jotzen dituen gauza gehienak “posible” direla azaltzen du Filloy-k, froga dokumental ugari aurkeztuz. Cerdanek, berriz, Batzordeko kimikari Madariagaren arinkeria salatzen du. Azaltzen duenez, 64 pieza “dudazko”, tartean euskarazko batzuk, bidali ziren Frantziako laborategi batera, eta, analisi kimikoen arabera, ia guztien patina zaharra eta jarraikorra omen da. Hiru edo lau bakarrik dira zalantzazkoak. Analisien hainbat datu tekniko ageri da txostenean.

Gilek 2007an indusketa utzi zuten hiru arkeologoei erantzuten die. Prentsaren aurrean agertu dira duela gutxi eta, Gilen taldearen lan egiteko era gogor kritikatu ondoren, diote hasieratik hartu zutela susmo txarra eta horregatik utzi zutela lana. Gilek, bere lan metodologia defendatu ondoren, erantzuten die esanez taldeko beste guztien euforia konpartitu zutela grafitoak agertu eta aurkeztu zirenean, eta horren lekuko 2006ko udazkenean hiruretako batek Hala Bedi irratiari eskainitako elkarrizketa. Ulrike Fritz, Alemaniako Tübingen-go unibertsitateko egiptologoaren txostena ere agertu berri da, eta bertan posibletzat ematen ditu hieroglifo tankerakoak eta Nefertiti edo Ramses bezalako izenak. Illarregi arkeologoak Gilen taldearen indusketa-metodoa eta jarduna egokia izan dela baieztatzen du.

Aipamen berezia merezi du euskal ostrakez Lakarra filologoak egindako txostenak. Goi-mailako estilo literarioa erabiliz, lezio magistral bat ematen du euskararen historiaz, eta grafia, fonetika, sintaxia, morfologia... ikuspegitik idazkunak ezinezkoak direla baieztatzen du. Halako batean, iruzurgileen perfilaz ironizatzen du; idazkunen ergatibo eza dela eta, iruzkin hau egiten du: “Resultaría, por tanto, mucho más verosímil que estas frases fueran debidas no a vascos inergativos del III sino a pseudo-euskaldunberris de fines del s. XX o comienzos del XXI que no estuvieran muy atentos al tratar el tema en clase”. Baina txostenaren azken atalean, beste norabait zuzentzen ditu susmoak: Coda sobre posible fecha y fuente de la falsificación de los ostracas eusquericos veleyenses, titulatzen du. Bere ustez, faltsutzaileek derrigor ezagutu behar zituzten protoeuskaran adituak diren filologoen azken ondorioak, bereak esate baterako. Idazkunetako elementu batzuk bat datozelako azken hipotesiekin. Ondorio horietako batzuk Luis Nuñezek 2003an argitaratu zuen euskararen historiari buruzko liburuan biltzen dira, baina beste batzuk oso jende gutxik ezagutzen dituen apunte pribatuetan daude. Honetan oinarrituta, Lakarrak susmatzen du 2004 izan litekeela iruzurraren urtea.

Hilabete bat igaro da txostenak eta argazkiak argitaratu zirela, baina ia inork ez du ahorik zabaldu. Aurrekari hauekin, ea nor den ezer esatera ausartzen den tontoharroa. Nori sinetsi, dena faltsua dela dion Batzordeari edo dena benetakoa dela dion indusketa-taldeari? Badirudi iritzi publikoak eta euskararen munduak ontzat emanda daukala Batzordearen eta politikarien epaia.

Zer galdu gutxi dudanez, neure ustea azalduko dut. Kontrako froga erabakigarriagoak plazaratzen ez diren bitartean, zalantzekin, baina benetakoak direla pentsatzen jarraituko dut; gehienak behintzat. Baliteke batzuk faltsuak izatea, norbaitek aurkikuntzak edo aurkitzaileak izorratzeko berriki ipinitakoak. Edo eta hitzak edo zeinuak gehituta egotea benetako ostraken gainean. Hala balitz, identifikatu egin beharko dira pieza horiek, baina ezin dira horregatik denak txartzat eman. Saskiko perretxikoetarik hiru edo lau pozoitsuak izateak ez ditu besteak toxiko bihurtzen.

Ehunka ostraka dira, horietako berrogei inguru euskarazko hitz eta esaldiekin. Batzuen argazkiak ikustean, “hau ezin da berria izan” datorkizu burura. Zahar itxura handia dute, letrak higatuta, ia desagertuta daude askotan, oso zaila dirudi faltsutzea. Laborategi analisiek ere, kontatzen digutenez, letra-ildoetako patinaren zahartasuna baieztatu dute kasu askotan. Gainera, zertarako faltsutu hainbeste pieza, nahasmena sortzeko banaka batzuk nahikoa direnean?

Euskarazkoetara etorrita, ulertzekoa da filologoen harrimena, gauza asko ez baitatoz bat espero zitekeenarekin. Baina zer dakigu garai hartan egiten zen euskaraz? Ez gehiegi. Gainera, baliteke ostraken idazleak ikasleak edo gutxi eskolatuak izatea, batzuen ustez “paedagogium” bat zelako gehienak agertu diren lekua, eta ez litzaiguke hain harrigarri egin behar ortografia, konkordantzia eta era guztietako akatsak agertzea. Ez dut testuez jarduteko lekurik, baina niri ez zaizkit hain ezinezkoak begitantzen. Apunte bat bakarrik: NAIA agertzen da, eta NAHIA beharko lukeela diote filologoek, aspirazioa bizirik zegoelako garai hartan. Baina ez ote da aNAIA? Ikusita NEBA, REBA, LABA, SEBA, SABA ere agertzen direla?

Nazioarteko batzorde zientifiko bat izenda dadila dena berraztertzeko, ari da ozen esaten Eliseo Gil, Iruña-Oka Argitu Dezagun Taldea eta beste batzuk bezalaxe. Eta azkar, gaia usteldu edo lehertu baino lehen.

Ez dakit inoren iritzirik kolokan jarriko zuen idatzi honek, baina ezer esaten hasi aurretik komeni da ordu batzuk ematea alava.net orriko txostenak eta argazkiak begiratzen.

Erantzunak

Ostraka
2009-02-16 : 09:44

Iruña Veleiako 1.700 urteko euskara Elexpururen arabera



Juan Martin Elexpururen testu azterketa.pdf



http://sustatu.com/1234522791/testu-azterketa.pdf



EUSKARAZKO OSTRAKETAKO HIZTEGI TXIKIA



ABRAHAN

AMA (9) AM. (2)

ANA (?)

ARAINA: arraina

AROS: arrosa? Kolorea

ATA (11): Aita. Batzuetan familiakoa,gehienetan zerukoa

ATHER(ostraka.mundua.com. Ez dugu argazkietan aurkitu)

BA

BADI: bedi ziurrenik

BANA: baina?

BER (ostraka.mundua.com. Ez dugu argazkietan aurkitu)

BIITA: b(el)t(z)a, agian

BIITI

BISI (2), VICI (1)

CISTIANA: pertsona izena

CORNII: Cornelio/a

DAN (ostraka.mundua.com. Ez dugu argazkietan aurkitu)

DIINOS, DIINO: pertsona izena?

EDAN, EDA

EGIN

ELOSI: pertsona izena dirudi

ENE (ostraka.mundua.com. Ez dugu argazkietan aurkitu)

ENTV: ent(z)u(n)? (Lakarraren txostenean aipatua, ez dugu argazkietan aurkitu)

ERRE (ostraka.mundua.com. Ez dugu argazkietan aurkitu)

ESKON

ESQUERO (Lakarraren txostenean aipatua, ez dugu argazkietan aurkitu)

ESTA: ez da?

GAV: kontestuagatik “gaur” dirudi.

GI(DA)TV? Ez da ongi irakurtzen

GIIVRII (6)

GIV: geu-ren errata?

GORI (3), GORY (1)

IAN (2)

IAVIII (Ik. YAVHII)

IIISVS

IITXII? Etxe??? ala et XII (zenbakia),ala II t x (separazio aspa) III (?)

ILTA (2): il ta (hil da) ziurrenik

ISAR

ISON? (ostraka.mundua.com. Ez dugu argazkietan aurkitu)

IVAN

IZANA

LA (atzizki sintaktikoa?)

LABA: alaba

LAGVN

LAIKII (LAIRII?): leike laguntzailea? Laire izen propioa?

LVRA? (zure ere irakur daiteke)

MARCVS

MARIA

MIRIAN

MIRTO: pertsona izena

MONA: amona

NA (4) naiz aditz laguntzailea?

NAIA (2): anaia, gure ustez

NIIBA (2)

NIIRII

NIIV (8)

NIIVRII (8)

NOVA, NOVVA (Ik. Veleia)

OSO, OSOV

POLITA

RIIBA. Arreba

RIIINY? reiny? (13364)

ROMAN (2): Erroman

SABA: osaba

SANTV

SIIBA: izeba

SVA

TA (10) Batzuetan eta, beste batzuetan da laguntzailea

TV (6) du laguntzailea dirudi.

VDIA (VOIA?) ? (15924)

VICI (Ik. bisi)

VIILIIIA (2): Veleia

VIILIIIAN (4)

VIILIIIA NOVA , VIILIIIA NOVVA

VR, VRA

VRDIN (2)

VRTII, VRT

YAVHII (3) IAVII (1)

ZII (?)

ZVRII (2), ZVR. (1)

ZVTAN (6)

ZVTI(K?) (15924)



Juan Martin Elexpururen testu azterketa.pdf

Sustatu
2009-02-16 : 14:00

Berrian igandean argitaratu zen Elexpururi txosten honi laguntzen dion artikulua. Eta erreportaia ere etorri zen, Veleiako polemikaren uneaz eta Interneten agertzen diren gauzez.


Xabier Agirre
2009-02-17 : 10:38

"transkribatu nahi zuela", "ez dakit", "ez dut artikulurik ikusten", "ez ote duen", "ez ote dira". Berez da labankorra gaia, halako duda-muda oinarrigabeak gehitzeko. Zelan azaldu "REBA" forma bat, kontsonante horrekin hasieran, edo "AMONA", Erdi Aroko eta XVI. mendeko testuetan oraindik ere bokalen arteko fusioa ez bada guztiz gauzatu -"amaona" edo beharko litzateke-. Eta non dago amaierako u bokala "POLITA" hitzean, euskarak gordetzen du, ba.Eta "ARAINA"? XII. mendean "ARRAIGN" idazten da oraindik.... Seriotasun apur bat, mesedez.

Bittor Hidalgo
2009-02-17 : 21:19

Eskerrik asko bihotzez Juan Martin Elexpururi hausnarketa zentzudun hauek publiko egiteko ausardiagatik.



Zoritxarrez, oraindik gaude, faltsu edo ez, aurkitutakoaren azalpen osatu eta ofizial baten zain. Uste dut. Eta gutxieneko, merezi eta behar dugula uste dut.



Ondo izan



Bittor

Juan Martin Elexpuru
2009-02-18 : 19:21



Xabier Agirreri: nahiko nuke zure ziurtasuna izatea, baina zalantzak ditut egungo gauzez, eta nola ez ditut ba izango duela mila edo bi mila urtekoez.

"Reba", "mona", "polita", emana dut nire iritzia nire idatzian eta ez dut errepikatuko. Baina ez nuke zure azken esaldia komentatu gabe utzi nahi:

“Eta "ARAINA"? XII. mendean "ARRAIGN" idazten da oraindik.... Seriotasun apur bat, mesedez.”

Oker ez banago (ez noa bada ezpada ere “uste dut” berriz esatera), mende horretan lehenengo aldiz, eta behin bakarrik, agertzen da hitz hori. Horrela dio Americ Picaud erromes pikardiarrak bere Codex Calixtinus-ean, 1132an: “Deum vocant Urcia..., carnem aragui, piscem araign, domum echea, dominum domus iaona...”

Beraz, ARAIGN idazten du eta ez ARRAIGN. Eta, bestalde, ez dakit zer esan nahi duzun “XII. mendean "ARRAIGN" idazten da oraindik” horrekin. Lehenago ere hala idazten zela? Baduzu adibideren bat?



Bittor Hidalgori: milesker.

Mitxo
2009-02-20 : 13:53

Gaur Gros auzoan iragarki bat ikusi det autobus paradaren aldamenko paretan. Astelehenak 23 19:00-tatn Elexpururen hitzaldia honi buruz KM-n. Ondo dago ordua eta eguna?



Ea saltsa pixkat sortzen den!

Mikelene
2009-02-20 : 20:06

Ni ez nago ba, batere konforme Juan Martin Elexpururekin. Iruditzen zait norbaitek ziri ederra sartu digula. Filologia ikasi dudan aldetik, hizkuntzaren alderditik segitu dut batez ere orain arteko tirabira. Akaso, Lakarraren txostena ez da aski fina izan? Baina hain da nabarmena hitzen forma horiek ezinezkoak direla garai horretarako! Nire ustez, ardatza jarri behar da egin dutena zergatik egin duten argitzean.

Iñaki
2009-02-20 : 21:50

Hori da, hori! Saltsa, hori da behar duguna Arabako euskalgintzan! Horixe da Rosa Diezek ere esaten didana begi aurrean dudan sobrean! ¡"Sentido común"!



Baina zuek lasai, gipuzkoano jatorrak, geuk irentsiko dugula saltsa dena! Zuek segi barre egiten.

Erantzun

Sartu