Wikipediari edo oro har Interneteko eduki-produkzioari lehia egin diezaiokeen Google Knol proiektua (duela zenbait hilabete aurkeztua, Sustatun jaso genuen bezala) ireki egin dute bart eta jendeak izena eman dezake jada, artikuluak editatzen hasteko. Konparatu ditzagun bi zerbitzuak.
Knol proiektuaren erreferentzia argiena Wikipedia da. Baina badaude zenbait desberdintasun.
- Gai bati orri bat dagokio Wikipedian, baina Knol-en ez dago mugarik: autore desberdinak gai bera ikuspuntu desberdinetatik tratatu dezakete.
- Wikipediako eduki guztia librea da, lizentzia honi jarraiki, baina Google Knol-eko orri bakoitzaren egileak erabaki dezake zein lizentzia ematen dion bere edukiari, Creative Commons-eko aukera batzuen artean. Lizentzia horietako batzuk libreak dira (CC-BY eta CC-BY-SA) eta beste batzuk ez, adibidez hagineko minaz idazteko doktore batek aukeratu duen CC-BY-NC lizentzia.
- Wikipedian ezin duzu zure buruari dagokion orria editatu, edo zure enpresaren auto-promozioa egin. Knol-en bai.
- Wikipediako edozein orri edozeinek editatu dezake, baina Knol-en zure orriaren moderazio irizpideak zuk ezartzen dituzu: zuk berrikusteko irekia baina moderatua, edo pertsona jakin batzuk gonbida ditzakezu baimena emanda.
- Artikuluei puntuazioa eman dakieke Knolen, eta erantzunak utzi ere bai. Wikipedian ez dago halakorik.
- Wikipedian ez dago iragarkirik, baina Google Knol-en, zuk editatuko orrian, zure AdSense kontura lotutako iragarkien agerpena programatu dezakezu, klikekin dirua irabaziko duzu (Googlek ere bai, noski).
- Edizio anonimoa edo pseudoanonimoa dago Wikipedian; editoreen artean, goitizenaren jabeak erabakitzen du ze informazio publiko asoziatu goitizen horri. Knol-en, editoreen identifikaziorako sistema bat jarri dute martxan, erreputazio edo izen-onaren ziurtatze sistema baten traza du horrek.
- Wikipediak Mediawiki wiki-sistema darabil, edizio sistema konpleto baina ez oso bisualarekin. Knol-en WYSIWYG edizio sistema bat dago, testu-editore batek izan ohi duen tresna-barrak lagunduta, eta aukerak daude edukiak osorik inportatzeko zenbait formatutatik (Word, PDF, Excel...).
Erabilpenari buruzko azalpen gehiago hemen.
Konparaziorako okurritzen zaizkidan beste pare bat puntu:
Orri bakoitza editatzeko mekanika errazagoa da Knolen, baina Wikipedia apur bat kontrolatzean, barne loturen sistemak eta kategorizazio aukerak askoz aberatsafoak dira. Ondorioz, Wikipedian artikuluak oso-oso elkarlatuak daude, eta Knol-en, igo Word bat eta zer duzu? testu luze bat, loturarik gabe. Wikipedian nabigatu egiten duzu, jakintza esparru batetik bestera. Knolen ez dirudi hain erraza izango denik. Konparatu:
Beste kontu bat:
Wikipedia eleanitza da, hiztun talde batek bere hizkuntzan entziklopedista izateko boluntario aurkezten denetik sortzen ahal da bertsio bat. Knol ingelesez jaio da, eta hizkuntza gehiago gehituko ditu Googlek, baina badirudi haien esku egongo dela aukera hori. Euskarazko Knol? Ez dakit.