Teknologia albisteak

CDPrest!: katalogo multimediak egiteko modu erraza

Erabiltzailearen aurpegia
Usoa Agirre - Goiena
2003-10-08 : 10:10

Lotura kooperatibak garatu duen CDPrest! software-ak erraztasun handiz katalogo multimediak egin eta edozein momentutan berritzeko aukera eskaintzen du. Programa berri honekin, enpresek ez dute diseinu agentzien beharrik izango, eta enpresaren kostuak murriztu ditzake.

CDPrest! -ekin edozein motatako informazio digitala sailkatu daiteke –eskuliburuak, aldizkariak, dokumentazio teknikoa, araudiak, dossierrak, prentsako artikuluak, bideoak, soinu-fitxategiak... – eta, gero, informazio hori banatzeko erabiltzailearen araberako CD pertsonalizatuak ere egin daitezke.

Erabiltzeko erraza

Interfaze erraz baten bidez, CDPrest! -ekin hainbat dokumentu elektroniko atal bakar batean bateratu daitezke (baita formatu ezberdina dutenak ere), eta horien barruan azpiatalak sortu. Dokumentu bat berritu eta CDPrest!-en gorde nahi badugu, klik bat egitea nahikoa izango da, horrela dokumentu zaharragatik ordezkatuko dugu.

Bestalde, erabiltzaileak atalak eta dokumentuak erakusten dituen aurkezpen CD bat sor dezake botoi bati sakatu hutsarekin, eta aurkezpenean zein atal edo irudi erakutsi nahi diren ere erabaki dezake.

Kostuak murriztu

Loturaren programa berriak enpresa askoren gastuak murrizteko aukera eskainiko du: Enpresaren katalogoan aldaketaren bat egin nahi denean ez dute, orain arte bezala, diseinu agentzia batera jo beharko. CDPrest! -ekin enpresako langileek erraztasunez egin ahal izango dituzte aldaketa horiek guztiak.

Software berriari buruzko informazio gehiago duzue hemen: www.catalogocdprest.com

Erantzun

Sartu