Teknologia albisteak

Word dokumentuak salatu ditu Blair eta enparauak

Erabiltzailearen aurpegia
Gontzal Landa - Sustatu
2003-07-17 : 12:07

Jakina da AEBek eta Erresuma Batuak Irak erasotu zutela txosten faltsu batean oinarrituz. Gainera, Blairren Gobernuak jarri zuen ikusgai txosten hori Word dokumentu bezala, bere webgune ofizialean. Ikerlari batek frogatu du txosten hori britainiar agintariek manipulatu zutela.

Britainia Handiko Gobernuak argitara eman zuen Irakeko segurtasunaren gaineko txosten bat, joan den otsailean. Hil berean Colin Powell-ek txosten horretan oinarritu zen Nazio Batuen Erakundean emandako hitzaldian. Hitzaldian AEBetako estatu idazkaria mintzatu zen Irak erasotzeko beharraz.

Cambridge Unibertsitateko hizlari Glen Rangwala doktoreak, ordea, ziurtatu zuen txosten hori plagio bat zela. Ikerlari estatubatuar bateko eginiko lan baten plagioa hain zuzen ere.

Gainera, Blairren Gobernuak egin zuen hankasartze potolo bat: jarri zuen txosten faltsua Microsoft Word artxibo bezala bere webgunean. Orduan Smith deiturako batek txosten hori deskargatu zuen, eta ikusi zuen nortzuk egin zituzten aldaketak dokumentuan.

Word dokumentuak batzutan arriskutsuak dira

Word dokumentuek badaukate zerrenda bat, non egindako azken hamar errebisioen izenak azaltzen diren. Zerrenda hau ezkutuan egoten da, baina Smith delakoak pantailaratzea lortu zuen. Zerrenda horretan Foreign Office-ko goi karguak azaltzen ziren.

Hankasartzea ezagutzerakoan Blairren Gobernuak kendu zuen dokumentua webgunetik. Downing Street-ek ikasgaia ondo ikasi du: Irak-en gainean argitaratu duen azken txostena (2003ko ekainean) PDF formatuan dago ikusgai.

Informazio gehiago computerbytesman.com-en Han lotura interesgarri ugari dago, baita zure iritzia emateko aukera ere.

Erantzun

Sartu