Teknologia albisteak
14

Nola idatzi eta esan: @, e-mail, e-posta, .com eta beste

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Urrujulegi
2003-07-03 : 12:07

Nola idatzi eta irakurri euskaraz helbide elektronikoa? Baditugu Internet gure artean dagoenetik euskaraz nola esan zail egiten zaizkigun zenbait termino. Horien gaineko hausnarketa hurrengo lerroetan.

Azter ditzagun bere elementuak.

  • @: zeinua hasiera batean latineko ad preposizioaren laburdura baino ez zen, mendeetan zehar elizak eta merkataritzak oso erabilia. Mikel Enparantza donostiarraren artikulu bat irakurriz, jakin al izan dut zeinu honek izen ugari izan dituela munduan: at, kanela opila, a-mahuka, elefante belarria, arroba, arrobe, marraskiloa, marraskilo txikia, tximino isatsa, katu-isatsa, armiarma tximinoa, begihandia ea. Hemen ere guk zintzo jarraitu diogu horrelakoetan jarraitzen diogun bideari: hegoaldekook espainiar joerari eta iparraldekoek frantziarrari. Berriki, euskaraz a bildua ere irakurri dut nonbait eta gainera gustatu egiten zait.
  • e-mail: Orain arte euskaldunok e-mail (imeil, electronic mail, posta elektronikoa) erabili dugu, nazioarteko erabilera izatearen kriterioz suguruenez. Baina ikusirik mail hitzak ingelesez gure posta esan nahi duela, e-posta zabaldu da dezente. Baina eta agian nahiko kriterio egokiz, bada posta-e erabiltzen hasi denik ere, hots, posta hitza erabili behar bada, euskaldundu dezagun espresio osoa: posta-e, hots, posta elektronikoa eta ez e-posta edo elektroniko posta.
  • .com (edo .es, edo .net, edo .info, edo .org berdin da) elementua irakurtzeko bi era nagusitu dira: punto kom edota puntu kom. Nire iritzi apalez, euskaraz puntua kom irakurri beharko litzateke, artikuluarekin alegia. Batek galdetzen badigu: gero zer jarri behar da? Erantzungo diogu: puntua eta ez puntu. Bada irakurtzean ere puntua esan beharko genuke, puntua jarri behar dela hor. Badakit esapide batek behin zuztarrak sakon botaz gero, zail dela gero euskal senak eskatzen duen erara bihurtzea. Beraz, ados jarri gaitezen nola euskaratu:
  1. e-mail espresioa: e-mail, e-maila, e-posta, posta-e.
  2. Nola irakurri beharko genuke, adibidez: nafarroa.bil@euskalnet.net helbide elektronikoa: nafarroa-puntu/punto/puntua-bil-arroba/arrobe/a bildua/at/begihandia-euskalnet-puntu/punto/puntua-net. Agian edukiko du arazoak beste ezpalen bat ere, nik ikusten ez dudana.Komeni da euskaldun guztiok behingoz ados jartzea erabilera eta irakurketa bakarrekin.

Hitz berriei aurrea hartu

Noizbait proposatu izan dut nobedaderen bat azaltzen denerako, hitzen bat, espresioren bat berria, aurrez ekipo batek egon behar lukeela prestaturik, berehala euskal baliokidea sortzeko. Adibidez, prentsaren munduko bat, irratien munduko besteren bat, telebistako norbait, irakaskuntzako beste norbait, idazleren bat eta Euskaltzaindiko norbait izan litezke batzorde edo ekipo horretakoak.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2003-07-03 : 13:16

> - e-mail: Orain arte euskaldunok e-mail (imeil, electronic mail, posta elektronikoa) erabili dugu, nazioarteko erabilera izatearen kriterioz suguruenez. Baina ikusirik mail hitzak ingelesez gure posta esan nahi duela, e-posta zabaldu da dezente. Baina eta agian nahiko kriterio egokiz, bada posta-e erabiltzen hasi denik ere, hots, posta hitza erabili behar bada, euskaldundu dezagun espresio osoa: posta-e, hots, posta elektronikoa eta ez e-posta edo elektroniko posta.
>


Euskaldunon Egunkarian Internetez euskaraz ezer idazten lehena izan nintzela uste dut, eta 1996tik, hasieratik bertatik, e-posta baizik ez dut erabili izan. Jabi Zabalak ere berdin idatzi izan zuen beti Euskaldunon Egunkarian, eta badirudi orain Berrian idazten hasiko denez, han ere hala segituko duela. Frogak, Sarean.com webguneko biltegian.


Beraz, e-posta ez da berrikeria bat. Eta ezerk badauka tradiziorik, termino horretxek dauka.


Sustatu-k ere e-posta eskatu du beti artikuluak kargatzerakoan.


Okerra dela? Posta-e zertan litzatekeen hobea nik ezin dut irudikatu. Gustu kontua izango da.


Eneko
2003-07-03 : 13:17

Gai honekin nolabaiteko zerikusia duten glosario terminologikoak egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak.


Horretarako, egun hauetan lehiaketa publikoa kaleratu du Kultura Sailak, eta besteak beste, honako hauek egiteko asmoa dago:


  • Bulegotikako hiztegia, (testu-tratamendua, kalkulu-orriak, dokumentuak trukatzea…). Hiztegi eleaniztuna (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), lanbide-heziketako irakasle nahiz ikasleentzako erabilgarriak bai eta eremuko enpresa publiko zein pribatuentzat ere.

eta


  • Laburtzapenen hiztegia (laburdurak, ikurrak, siglak); siglak direla eta, dagokien kasuetan, gaztelania, frantsesa eta ingelesaren baliokideak eramango ditu.

Beranduenez 2003ko abenduaren 31rako eginak izan behar dute.


Amaia
2003-07-03 : 14:43

Oker ez banago, lan hori egina du UZEI-k.

2001. urtean Elkarlanean-en eskutik argitaratutako Informatika eta Internet Hiztegiaarekin alegia.

Pedro Arizmendi
2003-07-03 : 15:29

> Beranduenez 2003ko abenduaren 31rako eginak izan behar dute.



Goizenean ere 2010erako ikusiko dugu sarean denok erabiltzeko moduan.

Eneko
2003-07-03 : 16:32

Ba, pdf formatoan, hemen dago EHAAn, 2003ko uztailak 2an agertu den LEHIAKETA PUBLIKOA, irekia, lau glosario terminologiko egitea esleitzeko. (K-20/2003 esp.)


> Oker ez banago, lan hori egina du UZEI-k.


Iñaki Alegria
2003-07-03 : 17:51

Nik e-posta erabiltzen dut aspalditik. Donostiako Informatika Fakultatean gehienok hala erabiltzen dugula uste dut.



Eztabaidatzen jarrita URLetan agertzen diren beste sinbolo hauen irakurketa ere tartean sartuko nituzke:

www: ube-bikoitza-hiru aldiz, ube-ube-ube, ???

/: barra, slash, ???

~: olatutxoa, txerri-buztana, ???

-: marra

_: azpimarra



Nola erabiltzen dituzue zuek?

Juan Etxenike
2003-07-03 : 20:34

> /: barra, slash, ???

Espainolek bi terminologia erabiltzen dute barra diagonalak izendatzeko.

/: Barra Catalana

\: Barra Gallega

Nola bait, azpiko punta Madrilen Kokatzen dute eta goikoa Kataluñan edota Galizian.



Geuk antzeko zerbait egin genezakeen:

/: Barra Zuberotarra

\: Barra Bizkaitarra

ulehartze
2003-07-04 : 01:35



> Nola bait, azpiko punta Madrilen Kokatzen dute eta goikoa Kataluñan edota Galizian.

>

> Geuk antzeko zerbait egin genezakeen:

> /: Barra Zuberotarra

> \: Barra Bizkaitarra



Eta azpiko marra non kokatzen dugu, Iruñean? Autonomistei, foralistei eta kostituzionalistei ez die grazia handirik egingo horrek. Nik, badaezpada, hauentzat ere aukerak aurkeztuko ditut.



- Autonomistentzat: Vitoria-Gasteizen azpiko punta ezarrita /: Barra Donostiarra, \: Barra Bilbaina.



- Foralistentzat: Panplonan azpiko punta ezarrita \: Barra CAV, /: Barra Francesa.



- Konstituzionalistentzat aurretik aipatu dena, catalana eta gallega.



Hala, barre apur bat egingo zenutelakoan (graziarik badauka behintzat).

Juan Etxenike
2003-07-04 : 01:41

> Eta azpiko marra non kokatzen dugu, Iruñean? Autonomistei, foralistei eta kostituzionalistei ez die grazia handirik egingo horrek. Nik, badaezpada, hauentzat ere aukerak aurkeztuko ditut.

Nik trebinon jarriko nuke, aberria egiteko :-))



Gero Iparraldean daudenei eta bere burua frantsesa jotzen dutenentzat:

/: barre Strasbourgeoise

\: barre Bretonne

i
2003-07-04 : 01:44

> Noizbait proposatu izan dut nobedaderen bat azaltzen denerako, hitzen bat, espresioren bat berria, aurrez ekipo batek egon behar lukeela prestaturik, berehala euskal baliokidea sortzeko. Adibidez, prentsaren munduko bat, irratien munduko besteren bat, telebistako norbait, irakaskuntzako beste norbait, idazleren bat eta Euskaltzaindiko norbait izan litezke batzorde edo ekipo horretakoak.



ideia interesgarria da, baina nik uste aurrerago ere jo daitekeela, kontua era zabalago baten antolatuz. behin baino gehiagotan pasa zait burutik ez ote diren terminologia kontu hauek oso jende gutxiren artean eta nahikoa presaka erabakitzen, ofizioz afizioz baino gehiago sarritan. teknologia berrien gainean dugun ezagupenak gauzak beste era batera eratzeko aukera eman diezaguke ordea.

jo dezagun web bidezko tresna bat sortzen dugula, non bisitariek aukera izango duten termino berri hauen inguruko proposamenak egin, lehendik egindakoak irakurri, hauei buruzko iritzia eman eta azkenean erabaki bat hartzeko aukera duen. erabakiaren inguruko adostasun mailak erakutsiko luke, azkenik, egindako proposamenaren egokitasuna. proposamenak pilatu ahala osatuko genuke geure hiztegi berezitua, aukeren zergatiak ezagutuz eta geure apurtxoa gehitzeko aukeraz.

@-ri dagokionean 'a bildua' iruditzen zait politena, baina hori ez denez inon 'erabakita' gelditzen ez da erraza inoren aurrean erabiltzen hastea ere... eta hori bezala beste asko: subject -> sujeta, izenburua?; topic -> mintzagaia, gaia, topikoa?; thread -> haria, ildoa? newsgroup -> eztabaidagunea, berriketagunea, foroa? e-mail -> nik posta-e. erabili izan dut beti, 'posta elektroniko'-tik hala ondorioztatu dudalako, baina gehienek e-posta erabiltzen duzuela jakinez gero, ba... horixe, nik uste era horretako erabakiak azkarrago eta hobeto hartzeko bideak jar daitezkeela. ea inor animatzen den.

ulehartze
2003-07-04 : 02:58

>Nik trebinon jarriko nuke, aberria egiteko :-))

Ene, horrek hautsak harrotuko lituzke!



> Gero Iparraldean daudenei eta bere burua frantsesa jotzen dutenentzat:

> /: barre Strasbourgeoise

> \: barre Bretonne



Iparraldean beste haibeste banaketa egin daitezke, frantses direnak, frantses euskaldun (zentralistak, departamentuaren aldekoak...), euskaldun huts...

Chessy
2003-07-06 : 19:43

> > /: barra, slash, ???

> Espainolek bi terminologia erabiltzen dute barra diagonalak izendatzeko.

> /: Barra Catalana

> \: Barra Gallega



Ez dut sekula horrelakorik entzun. Askoz errazagoa eta erabiliagoa da gaztelaniaz:



/ : barra

\ : contra barra



eta itzulpen zuzena izango lukete euskaraz.



Chessy

Jon Abril
2003-07-10 : 20:32

Bada bertze modu bat arroba euskaratua izan daitekeena: arroa. Hau pisu neurriari dagokiona da. Baliagarri ote? Tradiziorik ez du teknologien munduan, gainerakoan aski zabaldua.



Mikel Haranburu
2003-07-11 : 15:07

> Bada bertze modu bat arroba euskaratua izan daitekeena: arroa. Hau pisu neurriari dagokiona da. Baliagarri ote? Tradiziorik ez du teknologien munduan, gainerakoan aski zabaldua.

>



Saiatu gabe ere, jakin ezean, euskaldunok euskaratu dugu jatorrizkoa: hots, ingeleseko "arrow" hitza. Uve bikoitza b bihurtu dugu, eta mugatzailea gehitu: arroba. Kasualki, gaztelaniazko arroba bezalaxe jotzen du. Nik neronek, ordea, a bildua 'abilduko' nuke.

>

Erantzun

Sartu