Interneteko albistegia

Aukera larregi izan dituen pilotaria?

Xabi Urzelai - Goiena | Bestelakoak | 2002-05-16 : 13:05

Egunotan guztion ahotan egon da Mikel Goñi. Kirolari baten inguruan berba egiten denean, bere lorpenengatik izaten da. Horretan ere ez da ohikoa Mikelen kasua. Eta kaltetuena, beste behin; pilota. Ez da lehen aldia, azkena izango al da?

Inork izan ez dituen aukerak izan ditu Mikel Goñik. Zergatik? frontoiak bete egiten dituelako. Zenbatek amestuko lukete Mikelen dohaina izatea. Eta daukanak, burua falta.

Hala ere, dena ez da betirako, eta pilotalekuak betetzea ez da nahikoa jendeak zure alde apustua egiten ez badu, horrek ematen du-eta dirua. Askok, diru mordoa galdu dute Mikelen alde apustua egitearren, eta gero eta gutxiago dira abentura horretan murgiltzen direnak.

Mikelek pilotalekuan egin dituenak oraindik ez ditu beste inork egin, galdetu Azpeitian bestela. Aspek kontratua etengo du, pilotari nafarrak bere arazoak konpontzeko neurri gogorren bat hartzen ez badu. Baina dagoeneko Maesku enpresa Mikelen atzetik da, "gurean ateak irekita izango ditu, beti". Informazio gehiago oraindik ere bere enpresa den Aspeko webgunean duzu, edo baita konpetizioan dagoen kontrol eskasiaren gaineko artikulu honetan.

Bi galdera:

  • Pilotan, diruaren izenean, guztiak balio al du?
  • Ez al dago mugarik?

San Ferminetarako berriz ere kantxetan izango ei da. Mila bostehuni ezetz!

Erantzunak

Aintzane | 2002-05-16 : 15:12 | #1

> Bi galdera: > > - Pilotan, diruaren izenean, guztiak balio al du? > > - Ez al dago mugarik? > > San Ferminetarako berriz ere kantxetan izango ei da. Mila bostehuni ezetz!

Afari bat baietz! Orain artekoak ikusita, gainera, deskuidatuz gero, San Juanetan ere frontoietan ikusiko dugu Mikel.

Aspe enpresak hamaika bider eman dio bigarren aukera bat (edo mila eta bigarren bat, eta azkeneko aukerak ere bat baino gehiago eman dizkio). Hain problematikoa baldin bada, zergatik ez diote, bada, orain arte kontratua apurtu, eta kitto? Ez al da izango enpresarendako diru iturri ona delako? Edonora doala ere, frontoiak betetzen ditu Mikelek. Ez dakit ze jaialdi berezi dela eta, atzelari moduan jokatu du, esku bakarrarekin, berak bakarrik bi pilotariren aurka… Zein pilotari ikusi duzue horrelako espektakulu ez ohikoetan? Nik, behintzat, inortxo ere ez. Mikel bakarrik.

Pazientzia handia izan ei dute berarekin, asko lagundu ei diote, psikologo bat baino gehiagoren laguntza ere izan du, enpresa beti egon ei da, eta orain ere ba ei dago, berari lagun egiteko prest. Ez naiz inor esateko apreziatzen ez dutenik eta horregatik onena opa ez diotenik, baina, ze enpresa arduratzen da horrenbeste bere langile bategatik? Ardura humanoa besterik gabe baldin bada, oso ondo. Ia gainerako enpresa guztiek ere horretatik ikasten duten. Baina, susmoa daukat ez dela gizatasun hori arduraren arrazoi bakarra.

Bukatzeko, beste hausnarketa bat:

Puntako kirolaria izanda, hein batean, behintzat, normala da Mikel pertsonaia publiko bihurtu izana. Badirudi, famoseorik ez daukagula esaten dugun herri honetan, hasi garela dagoeneko geure famoso propioak sortzen; Goñi bera da horren lekuko.

Aspe enpresak astelehen arratsaldean eman zuen prentsaurrekoa, Mikelek finalerdiko partidua zergatik ez duen jokatuko azaltzeko. Ordurako, baina, makina bat zurrumurru zabaldu ziren: asteburuan sekulakoak egin zituela, halako tokitan halakorekin borrokan ikusi zutela, ez dakit nongo kalabozoan pasatu zuela gaua... Goizeroko kafea hartzera joan eta ez zegoen beste konturik, lantokian ere bakoitzak bazuen bere iritzia, bazkalorduan ere eman digu zeresanik... Gainera, badirudi zilegi dela kirolari horren adikzio, mania eta bizio guztien berri Euskal Herri osoak izatea. Bestetik, nork ez daki duela gutxi ezkondu dela, ordutik Logroñon bizi dela, hilaren 25ean 25 urte bete dituela, handik astebetera Mikel izena jarri dioten ume bat izan dutela eta ez dakit zer gehiago? Ez al da izango euskaldunok ere famoso beharrean gaudela?

Iban Arantzabal | 2002-05-16 : 15:32 | #2

Kristoren zalaparta sortu du gai honek. Pilotarien foroan (bidenabar esan dezadan ia oso-osorik kastellanos beteta dagoen foroa dela) iritzi pila bat batu dira. Anonimoak dira gehienak, izen arraroekin beste batzuk, baina partehartze handia. Izan daiteke bai famosoa delako... Esandako batzuk atera ditut Sustaturako:

  • Aupa Mikel!. Horixe da jendearen oihurik nagusiena. Animoak dira foro horretan gehien irakurri daitezkeenak.
  • Anonimo batek hauxe dio: "Su juego es bonito, pero por mas que nos empeñemos no pasa de eso, su comportamiento en la cancha es mediocre, y fuera lamentable........ Como persona necesita ayuda, y que dios le ayude, como jugador, solo se que es un drogadicto."
  • Beste batek uste du bakean utzi behar zaiola. Gertukoenek lagunduko diotela: andreak, familiak eta benetako lagunek. Dena den, gaineratzen du Mikeli Mikelek lagundu diezaiokeela bakarrik eta inguruko guztiok sobera gaudela.
  • Beste batek argi du nork duen kulpa: Ez dut bukatu nahi nere gorroto eta nazka handienak droga saltzetik bizi diren hiltzaile horiei adierazi gabe: goi mailako trafikanteei eta babes osoa ematen dieten zakurrei, epaileei eta agintari politikoei.
  • Beste batzuk uste dute animoak eman behar zaizkiola eta horretan ez dagoela inor sobera. Aupa Goñi!
  • Mezu motz eta oso zehatz ez diren asko daude tartean, baina Mikel Goñiri egindako karta bat ere badago, hemen. Ez dago izen-abizenez sinatuta eta, beraz, ez du askorik esaten idatzi duenaren alde, baina foro horretan jendeari gustatu zaion gutun bat izan da.

Maria Agirre | 2002-05-16 : 18:14 | #3

Mikel Goñi hilabete gutxi barru berriro ere ikusiko dugu pilotalekuren batean pilotan jokatzen. Egun horretan, telebistak lortuko duen share-a ikaragarria izango da, frontoira joateko sarrera guztiak salduko dira, eta gainera, kazetari guztiak atzean izango ditu pilotariak. Lortutako dirutza ere galanta izango da, nahiz eta apustulariek bere alde ez egin.
Gustora irakurri ditut aste honetan Goñi dela eta egunkarietan idatzi direnak. Asko tontokeriak. Goñiri gaua, emakumeak, drogak eta alkohola gustatzen ei zaizkio larregi. Ados, horrelako kirolari bati ez zaizkio bereziki azken biak komeni. Baina zer arraio gaua eta emakumeak gustoko baditu? 25 urteko gazte batengan ez da hori ohikoa?
Hipokresia galantarekin zabaldu da lau haizeetara Mikel drogazalea dela. Baina bere gainean jo ta ke iritzia ematen aritu diren beste zenbait bezala.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu