Teknologia albisteak
4

Argibide gehiago, ikasteko euroa nola deklinatu

Erabiltzailearen aurpegia
Mitxel Kaltzakortaren bidez - Joxe Aranzabalek aukeratua
2002-01-12 : 01:01

Iazko azken egunean Luistxok albiste interesgarri bat argitaratu zuen sustatun, nolako oztopoak ditugun euro hitza deklinatzeko. Bezperan, berriz, alegia 2001eko abenduaren 30ean, Mitxel Kaltzakorta irakasle lekeitiarrak beste bat kaleratu zuen Euskaldunon Egunkariaren Bizkaia gehigarrian, gai horren inguruan. Mitxelek beste ikuspegi bat dauka eta, argi piska bat egingo duelakoan, hona ekarri dugu, egilearen baimenarekin.

Euroaren bidez adierazi gura izanez gero “neurria” (euro kopurua) leku-denbora kasuetan, mugatu singularrean deklinatu beharra dago.

Urte berrian laster sartuko garela-eta, aspaldi neukan pentsatuta zer edo zer idaztea zelan deklinatu euro berba. Dagoeneko ikusi ditut erabilera batzuk, eta, zoritxarrez, ez dira izan formarik egokienak. Egia esateko, Euskaltzaindiak ez dauka emanda araurik, normala denez, zelan deklinatu euroa, baina ezta zelan deklinatu beste diru-unitateak ere, esate baterako, pezetak, ogerlekoak, duroak… (geroago ikusiko dugu zer edo zertxo eman dutela argitara).

Ohi den legez, problema konpontzeko lehenengo eta behin definitu beharra dago, formulatu beharrra. Hona hemen zertan dagoen problema: azkeneko urteotan, deklinatzeko unitateak (pezetak, euroak, kiloak, metroak…) leku-denbora kasuetan —non, nora, nondik, nongo…— joera bi dira nagusi euskara batuan: bata, mugagabea; bestea, mugatu singularra. Dena zehatzago esateko: problema sortzen da unitateok erabilten ditugunean zer edo zer neurtzeko, neurri bat (unitate-kopurua) adierazteko. Hona hemen aipaturiko deklinabide joera biak adibide bitartez adierazita:

Mugagabean

  • Bideoa 6 euroTAN dago salgai.
  • Prezioa 6 euroTARA igo da.
  • Prezioa 6 euroTATIK jausi da.
  • 6 euroTAKO prezioa dauka.

Mugatu singularrean

  • Bideoa 6 euroAN dago salgai.
  • Prezioa 6 euroRA igo da.
  • Prezioa 6 euroTIK jausi da.
  • 6 euroKO prezioa dauka.

Baina era biok ezin daitezke ondo egon. Bizkaieraz (eta gipuzkeraz ere bai) forma bat bakarra daukagu zelan deklinatu unitateak: mugatu singularra. Eta hemen aurkeztu dudan marapiloak horixe dauka askabidea.

Euroa unitate berria da euskaraz adierazteko prezioa (neurri bat), baina badauzkagu (martxora arte-edo) beste unitate batzuk: pezetak, ogerlekoak, duroak eta abar. Honekin esan gura dut jakinez gero zelan deklinatu behar den, esate baterako, pezeta, era berean deklinatu behar dela euroa.

Zenbatzaile zehaztuekin

Idatzizko tradizioari dagokionez, datu gutxi daude, baina unitate guzti-guztiak (pezetak, kilometroak…) mugatu singularrean daude deklinatuta (hemen ezin ditut paratu toki ezagatik) zer edo zeren neurria adierazten dutenean. Ahozko tradizioari dagokionez, jakin gura nuke bizkaieraz (eta gipuzkeraz) zein hiztun naturalek (euskaraz eskolatu bakoa, 50 urtez gorakoa eta giro euskaldunekoa) ez duen mugatu singularrean deklinatzen pezeta zer edo zer neurtu behar denean? Honetara:

  • Prezioa 1.000 pezetaN dago.
  • Prezioa 1.000 pezetaRA igo da.
  • Prezioa 1.000 pezetaTIK jaitsi da.
  • 1.000 pezetaKO prezioa dauka.

Hau da, pezeta mugatu singularrean deklinatu izan da determinatzailetzat zenbakiren bat erabilita. Eta oraindino halaxe deklinatzen da nagusiki. Eta ez mugagabean (pezetaTAN, pezetaTARA, pezetaTATIK…), gazte euskaraz eskolatutako batzuek egiten dutenez orain. Euskaltzaindiak ere badauka arau bat emanda, “Hiru kiloko haurra, lau hankako mahaia” araua, hartan ere:

“Oinarrian zenbatzaileren bat ageri denean eta adina, prezioa, neurria, pisua, adierazten duten izenlagunak osatzen direnean ere, -ko da hobesten dena. Idatz bedi, hortaz, bi urteko umea, bost liberako egunkaria, hiru kilometroko bidea, hamar metroko garaiera, hiru asteko egonaldia, e.a. Baina -ta- atzizkia erabili beharrekoa izan daiteke zenbaitetan”.

Arau hau, ageri denez, nongo kasurako soilik dago emanda eta determinatzailetzat zenbatzaile zehazturen bat (zenbakia) dauka. Hori dela-eta, araua aplikatuz gero euro unitateari, honelako perpausak izango genituzke, esaterako:

  • 6.000 euroKO autoa erosi du.
  • Horrek 5.000 euroKO prezioa du.
  • 30 euroKO prakak dauzka.

Ikusita euroak nongo kasuan zelan deklinatzen diren (mugatu singularrean) logikoa ere logikoa da beste kasuetan be (non, nora…) deklinatzea mugatu singularrean (beti ere neurtzen bagabiltza):

  • Prezioa 8 euroRA igo da.
  • Prezioa 8 euroAN dago.
  • Prezioa 8 euroTIK 6ra jaitsi da.

Zenbatzaile zehaztugabeekin

Orain arte determinatzailetzat zenbatzaile zehaztuak (zenbakiak) erabili ditut, baina gauza bera esan liteke erabiliz gero zenbaitzaile zehaztugabeak (hainbat, hainbeste, asko, zenbat, makina bat…).

  • Autoa zenbat euroAN dago?
  • Angulak hainbat euroRA igo dira.
  • Angulek euro askoKO prezioa egin dute.

Leku-denborako beste kasuetan ere deklina daiteke euroa mugatu singularrean:

  • Hau 100 euroRAINO igo da.
  • Hark 10 euroRAINOKO prezioa egin du.

Noiz mugagabean

Erne! Determinatzaile zehaztugabe bidez, sekula ere ez da deklinatzen mugatu singularrean:

  • *Zein euroAN (…)
  • *Edozein euroAN (…)

Irakurlea, barkatu tokirik eza, eta urte barri on.

Mitxel Kaltzakorta Mentxaka

Erantzunak

Arantza Ugarte
2002-01-14 : 20:32

Mitxeli jarraipena emanez



Euro eta duro



Autoa zenbat durotan erosi duk?

Nik horrela erabili izan dut. Oikia aldeko hizkera da.

Nire amak ere bai, 86 urte ditu.







Luistxo
2002-01-15 : 12:41

Oso argigarria Kaltzakortarena. Baina beste puntu bat falta da argitzeke nire kezka hartatik. Ez du erlaziorik mila duroan/mila euroan gaiarekin.


Zera da. Nola nahi duzu trukea?


  1. Eurotan / pezetatan.

  2. Euroetan / pezetetan.

Bigarren aukera balekoa da zenbait herri-hizkeratan, nere euskalkikoan adibidez. Hau erlazionatua dago, nire ustez, beste gai honekin. Herri batzuetan, haurrak besotan hartzen dituzte, eta ahijado besotakoa da, baina Eibarren, umeak besoetan hartzen ditugu, ahijado besoetakoa esaten da (Jon Mirandek esaten zuen bezala, bestalde), kanbixua euruetan mesedez eskatzen da, eta distantziak kilometroetan neurtzen dira, ez kilometrotan


Mitxel Kaltzakorta
2002-01-18 : 13:06

Zelan? EuroTAN edo euroETAN


Ez dakit zelan izan beharko litzatekeen. Nire begiei eta belarriei jaramon eginez gero, zalantza barik “euroTAN” (mugagabean). Edozein modutan be, zergatik ez diozu itauntzen Euskaltzaindiari, Jagoneti?


Mitxel Kaltzakorta
2002-01-18 : 13:18

Zelan? “zenbat euroTAN” edo “zenbat euroAN”


Euskaltzaindiak araua dauka emanda: “1.000.000 euroKO autoa” (nonGO deklinabide kasua). Bestela esateko: “Zenbat euroKO autoa erosi duk? Gramatika batzordeak iritzia eman du zelan deklinatu _noN kasuan soilik_: “euroTAN” eta “euroETAN.


Ez dago arauaren eta iritziaren artean kontraesana?


Nire ustez (leku-denbora kasu guztietarako –non, nora,nondik, nongo..-), beti ere prezioa adierazi gura dela, gure erkidegoko erabileraren arabera (horretarako, datuak ditudala neureak eta Gaminde, Basterrechea eta Kamiñazpi-ren ikerketakoak) “euroAN” dabil zabal-zabal-zabalen, kenduz gero ohiko salbuespenak (zurea-eta).


Galdera pare bat


Barkatu galderatxo bat edo beste: zelan esaten duzue?


  • Autoak 1.000.000 euroTIK gora balio du?

  • edo Autoak 1.000.000 eutoTATIK gora balio du?

  • Autoaren prezioa 1.000.000 euroRA igo da?

  • edo Autoaren prezioa 1.000.000 euroTARA igo da?

Itaun hauek erantzuntzat badaukate “euroTIK” eta “euroRA”, uste dut ulertuko duzula nire proposamena.


Edozein modutan ere, jarraitzen baduzu “euroTATIK” eta “euroTARA” erabiltzen, idatz iezadazu eta erantzungo dizut datorren hilean sits eta bits.


Erantzun

Sartu