Teknologia albisteak

Euskadinternet Biltzarra Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - CS
2001-11-13 : 16:11

Hirugarren urtea da Euskadinternet antolatzen dela, Grupo Correo eta Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak bultzatuta, eta zenbait erakunderen laguntzarekin. Azaroaren 22 eta 23an da hitzordua, Donostiako Kursaal Jauregian. Programan gauza interesgarriak badaude. Adibidez, Javier Etxebeste Yahoo Españako zuzendaria (euskalduna bera), edo Alfons Cornella Interneteko guru katalana.

Biltzarreko egitarauan, bestalde, euskara agertu da, azkenean (aurreko bi urteetan, ezer ere ez). Ikastaro bat programatu da euskaraz (Gaur egungo eta biharko Teknologia mugikorra: negozioetan erabilera), eta izena ematen badu nahikoa jendek (30.000 pta kostatzen da), emango da euskaraz... Bestalde, Euskal webgune onenari sariak emango dituzte Kongresuan (Buber sariak), eta sari berezi bat egongo da aurten, euskararen aldeko lan onena egin duen webguneari.

Nobedadea da berez ikastaroak egotea programan. Hitzaldi eta erakusketaz gain, izena eman eta ordainduz gero, formakuntza teknikoa jaso daiteke zenbait alorretan. Ikastaro horietako bat euskaraz da: Josu Ugalde Díaz, Lantik-eko berrikuntza saileko Arduraduna izango da irakaslea. Hauxe da ikastaro horren informazioa:

Gaia: Gaur egungo eta biharko Teknologia mugikorra: negozioetan erabilera

Noiz: Ostirala, hilak 23. 15,30-19,30. Kursaaleko 6. gelan, Donostian, Euskadinternet biltzarraren barruan.

Gaian barruan sartzen dira, teknologia mugikorraren eboluzioa (GSM, GPRS eta UMTS), WAP eta I-mode formatuen etorkizuna, mugikor berriak (PDA-k eta telefono inteligenteak), domotika, adibide praktikoak...

Prezioa: 30.000 pzt.

Erantzun

Sartu