Teknologia albisteak

Herritarren Askatasunetatik Elikadura Burujabetzara

2012-10-08 : 01:07

           

Bilboko Barrekoek barre egiten diotela euskarari? Barre kontuetan, bada gurean beste espezie bat, bitxi samarra: horiek hizkuntzaren aldeko aldarrian dabiltza etengabe; baina idazten jarri eta barre algaraka aritzen dira.

Itzulpen intrakraneala. Urteak dira kontzeptu hori sortu zena, baina gure hizkuntzaren aldeko tronpetero askok eta askok ez dakite zer den ere. Euskaldun peto ugari dabil munduan istripuz dena euskaldun: geografiaz edo bragetaz. Inori leporatzen diote ez duela ahaleginik txikiena ere egin euskara ikasteko, konturatu gabe berek ere ez dutela  ahaleginik txikiena ere egin bide horretan. Euskaldun dira berez, eta egin duten oro ondo dago.

Noizean behin, baina, izaten da barne kritikarik egiten duenik. 2012ko urriaren 6ko BERRIAn, Zuzendariari atalean, Akatsak zuzenduz aurrera izeneko gutun bat zetorren. Bertan, Arnaldo Otegiren liburuaren gaztelerazko bertsioa euskarazkoaren aurretik argitaratu izana kritikatzen da. Gutun horren lehen paragrafoak honela dio:

  • Nazio Askapen prozesuaren euskarazko praktika da berme bakarra Euskal Herri euskalduna ziurtatzeko. Hala genion Herri Batasunaren 1994ko Aholkularitzako Topaketetan.

Gutuna idatzi duenak primeran idazten du euskaraz, baina zein amaren semek ulertzen du zerk bermatuko duen Euskal Herri euskalduna? Ez 1994an ez 2012an.

Eta 18 urte geroago, bide beretik dabiltza Herri Batasuna haren oinordekoak: euskal berbekin eratutako paragrafo ulertezinak, gazteleraz pentsatutako leloak, itzulpen intrakranealak, kalko nazkagarriak... Gaztelera jakinda bakarrik ulertu daitezkeen euskal itxurako idazkiak.

Nondik sortu dira, bada, Herritarren Askatasunak eta Elikadura Burujabetza? Lehenengoa ulertzeko, ezinbestean jakin behar da gazteleraz Libertades Ciudadanas izeneko kontzeptu bat dagoela eta euskaraz Libertades = askatasunak eta Cidadanas = herritarrenak direla. Zer esan Elikadura Burujabetzaren gainean? A, horrela esaten da Soberania Alimentaria euskaraz? Zer politak gaztelaniazkoak eta zein zatarrak euskarazkoak, eta gainera okerrak.

Herri Batasunan lehen eta Ezker abertzalean orain, sekula ez dute izan denborarik beren hizkuntza (arlo idatzian, behintzat) duintzeko, hori baino zeregin handiagoak zituzten: Herria behar zen askatu! Haiek euskaldun ziren geografiaz edo bragetaz; hori nahikoa zen, eta da! Ikasi dezatela euskara Barakaldokoek eta Sestaokoek!

Ulertzen bada, ondo dago! Besterik da zergatik ulertzen dugun. Total, nori dio ardura?

 

http://korneliera.blogariak.net

Erantzun

Sartu