Teknofiloen albistegia

"Summun Pirineum" edo "Iturissa" erromatar hiria, Auritzen (Nafarroa Garaia)

berriatb
2019-08-11 : 09:00

Iturissa* baskoi-erromatar hiri bat izan zen, gaur egungo Aurizberri eta Auritz herrietako (Nafarroa Garaia) lurretan zegoena. 400 urte inguruko iraupena izan zuela uste dute arkeologoek, I. mendetik Erromatar Inperioaren gainbeheraraino. 1986-1989 bitarteko indusketa kanpainetan aurkitu zuten Iturissa eta 2012an baieztatu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak herri erromatar bat zela, baskoi herri baten ustezko hondarren gainean eraikia. Astorgatik Bordelera zihoan erromatar galtzadaren alboan zegoen eta baskoien herri hartan ostatuak egin zituzten erromatarrek. Azken urteotako indusketetan Aranzadi zientzia elkarteak erromatarren garaiko bainuetxe baten aztarnak aurkitu ditu, Londresko Arkeologia Museoarekin batera elkarlanean.

Euskal Herriko historiaren berri jakiteko oso aurkikuntza garrantzitsua da, herri hura baskoien lurraldearen erdialdean zegoelako. Erromatarrek hasieran aterpe-leku eta gerora hiri izan zena altxatu aurretik, baskoien bizitoki izan zen. Gainera, etorkizuneko ikerketari begira, potentzialtasun handia duela uste dute arkeologoek, aukera handia ematen baitu erromatar garaiari buruzko eta euskara arkaikoari buruzko datuak lortu ahal izateko.

Oraindik ere galdera ugari daude erantzuteko. Erromatarren kokaguneak lau hektarea eta erdi hartu zituen, eta haren zati txiki bat besterik ez da ikertu orain arte. Adibidez, ez da egiaztatu haren izena: garai hartako idatzietan agertutako Summun Pirineum edo Iturissa izan liteke, baina, metodologia zientifikoak eskatzen duen frogarik gabe, ez dago ezer zehatz-mehatz ziurtatzerik.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu