Teknologia albisteak

Nesken artean bokazio teknologikoa sustatu

Erabiltzailearen aurpegia
2017-08-02 : 09:36

Inspira proiektuaren 2. edizioa aurkeztu da Donostian. Ekimena aitzindaria da EAEn, eta nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu, sentsibilizazio eta orientazio ekintzez baliatuz. Ekintza horiek ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek bideratzen dituzte.

Lehenengo aldiz erabiliko da taldeko mentoring teknika STEAM deitutakoak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) sustatzeko lehen hezkuntzako ikasleen artean.

Proiektua Deustuko Unibertsitateak sustatu du, Elhuyarren eta Innobasqueren laguntzaz, eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban egingo da, hiru foru aldundien babesean.

Esperientzia honen aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Asier Perallos Deustuko unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak. Iaz, proiektuaren lehenengo edizioan, 17 emakume izan ziren 200 neska baino gehiagoren mentore, 11 ikastetxetan. Aurtengorako, EAEko 113 mentore, 43 ikastetxe eta 1.075 ikasle elkartu dira. Gipuzkoari dagokionez, INSPIRA proiektuarekin bat egin dute 43 mentorek, 12 ikastetxek eta 20 taldek.

INSPIRA proiektuak EAEko ikasleen artean eta, bereziki, nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatu nahi ditu. Izan ere, teknologia arloko prestakuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua beherantz doa urtetik urtera. Eta, neskei dagokienez, datuak are larriagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak izan arren, titulazio teknikoetan, esate baterako, Ingeniaritzan eta Arkitekturan, % 26,4 besterik ez dira.

Erantzun

Sartu