Teknologia albisteak

"Itzalitako kalabazen berpiztea" liburua, Arimen Gau edo Halloween-en gaineko ikerketa etnografikoa

Erabiltzailearen aurpegia
2018-10-31 : 09:43

Eibarko Udalak antolatutako Juan San Martin ikerketa beka irabazi zuten, 2015eko edizioan, Josu Ozaita eta Jaime Altuna ikerlariek. Orain UEUk editatu du lana "Itzalitako kalabazen berpiztea" izenburuarekin. Arimen Gau, Hallowen eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa da.

Egileek sakon jorratu dute gaia  liburuak dauzkan 13 kapituluen barrena, eta, Atxagaren hitzak batuta, zera dioskue “bizitzaren ertzetan daudenen Halloween gauean murgildu gara: umeen egungo jaietan eta zaharren haurtzarako arimadun kalabazen errituetan”. Horixe da liburuaren muinetako bat, eta Eibarri gagozkiola, bertan daude jasota Ikastolako haurrek tradizio zaharra ohitura berriekin uztartu eta “Xanduli, Manduli, Kikirikiii, eman goxokiak guri!” asmatu duten jolas-leloa, “trato-truco”ren bertsio euskaratua, edo Arimen Gaueko eskea, urriaren 31n baserriz baserri egiten den ohitura zahar-berritua.

Ikerketak oso metodología zehatza erabili du, hiru urrats hauetatik abiatuta: aurrenik, Euskal Herrian XX. mendearen hasieran eta erdialdian kalabazak oinarri hartuta burutzen ziren ospakizunak ezagutzea (hemen adibide batzuk Ahotsak proiektuak jasotakoak); hurrenik, urriaren 31n ospatzen diren jaietan barneratzea eta haien ezaugarriak deskribatzea; eta, azkenik, jai hauen inguruko haur eta nerabeen diskurtsoak, gogoetak eta bizipenak jasotzea. Azken horretan interesgarria da ikerlariek egin duten bilketa-lana, “haurtzaroa oroimenean” eta “haurtzaroa orainean” ataletan batzen diren testigantzak: 7 urtetik 90 urtera bitarteko lekukotasun ugari jasotzen ditu lanak.

Lan interesgarria tradizioaren bizipen fosildu mugiezinaren eta tradizioaren bizipen bizi eta aldakorraren arteko zubia non dagoen jakiteko, eta batik bat, umeekin jorratu beharreko elementuen inguruan hausnarketa sakona egiteko.

Eibarko Udalean ondare kulturalaz arduratzen den Egoibarra batzordearen iritziz, Juan San Martin bekara urteetan aurkeztu den lanik interesgarrienetako bat da hau. "Liburuak Halloween jaiaren bertsio euskaldun bat ontzat ematen du, jaiak biziko badira, berriztu egin behar direlako; eta ideia hori defendatzeko lan polita egin da antropologiaren aldetik".

Liburua sarean erosi daiteke UEUren dendan, eta kapitulu bat eskuragarri dago bertan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago