Teknofiloen albistegia

Sakanako Euskal Senaren 3. bilkura larunbatean Ziordian

2019-06-13 : 13:21

Larunbat honetan, ekainaren 15an, Ziordian (Amarauna gune autokudeatua), Euskal Senaren 3. Bilkura izango da, 10:00etan hasita

Bertan gai hauek landuko dira:
• Euskarak bere baitan duen sena eta munduikuskera.
• Euskal gizarte eredua (Auzolan, Batzarreak, Komunalak eta Zuzenbide Piriniarrak bermaturiko Demokrazia Zuzenan), eta ekonomia nola ikusten den.
• Munduikuskera naturalista, batez ere mitologian islatua, indar naturalek arreta harturik, naturaz kanpoko jainkoei obedientzia, sumisio eta bildurrik gabe.
• Etxea, Amalurraren gorpuzte gisa.
• Amatasuna eta Emetasuna, Amalur eta Etxearen gorpuzte gisa, bizitza ikusteko gakoa da guretzat.

 

Euskal hiztunek eta kultur eragileek nola sentitzen dute, gaur eta hemen, euskara eta euskal kultura?

Euskal Sena Taldea Euskarak eta Euskal Kulturaren agerpenek atzean duten sena, izaera eta mundu-ikuskera azaleratzeko sortu zen. Jendarte ekimenetan nabarmendu diren eragileek osatzen dute, beste interesatuekin bildurik, Biltzarre plataformaren baitan.

Senak diñotsu hori ba! Gure amonek sarri esandakoa da. Hizkuntza europarrek abereen berezko joera automatikoak ‘instintu’ hitzarekin izendatu ohi dute. Euskaraz ere, hori dugu sena. Baina hedatuagoa dugu esanahia eta erabilera. 

Bada zerbait gure baitan, bizitzan hartu behar diren ekimenekiko eta jokaerekiko erabat zentzuzkotzat, zilegitzat, egokitzat eta bidezkotzat jotzen duguna. Hori dugu jendearengan sena.

Baina berezkoa dugun sena hori desberdin sentitzen da kultur desberdinetan. Herri bakoitzak baditu bere ukituak, bere ñabardurak, eta bere enfasiak. Ta euskaldunok ez gara salbuespena.

 Konturatzen ez bagara ere, euskaldunoi senak zerbait ‘erakusten’ edo ‘argitzen’ digunean, gure euskal sena da hori.

Euskaldunok gauzak nolakoak diren ulertzeko duten berezko era dugu Euskal Sena, beraz, gure munduikuskera eta jokamoldeak islatuz. Euskaran, eredu sozialetan eta beste kultur espresioetan antzeman daiteke.

Larunbat honetan, lan dokumentua eztabaidatuko dute. Asmoa ahazturik dugun gure herriaren sena eta izaera mahai-gaineratzea da, etorkizuneko praktika kontzienteetarako laguntza gisa. Plazaratuko diren dimentsio nagusiak dira:

  • Euskarak bere baitan duen sena eta munduikuskera.
  • Euskal gizarte eredua (Auzolan, Batzarreak, Komunalak eta Zuzenbide Piriniarrak bermaturiko Demokrazia Zuzenan), eta ekonomia nola ikusten den.
  • Munduikuskera naturalista, batez ere mitologian islatua, indar naturalek arreta harturik, naturaz kanpoko jainkoei obedientzia, sumisio eta bildurrik gabe.
  • Etxea, Amalurraren gorpuzte gisa.
  • Amatasuna eta Emetasuna, Amalur eta Etxearen gorpuzte gisa, bizitza ikusteko gakoa da guretzat.

Nola lortu dute eskema hauek bizirautea, ingurumen indoeuropar antagoniko batean? Euskal Sena Taldeko partaideek plazaratutako munta handiko galdera da. Herri identitatea eta burujabetza, borroka historiko guztiekin, ezinbestekoak izan direla uste dute.

Nafarroaren Konkistatik mantentze borrokan ari da Euskal Sena, baina Goi Erdi Aroko Iraultzan finkatua zen, aurretik emaniko Bagauden Iraultzari esker. Denboran atzerago, Indoeuroparren uholdeekin talka ederra pairatu zuen ere, baina mantentzea lortu zuen.

Aurre-Indoeuroparra dela eztabaidaezina da beraz, gutxienez megalitikoa, eta Paleolitiko iturri eztabaidagaitzak dituelarik. Euskaldunak Europako ‘Azken Indigenak’ garenaren metafora gure herri mito modernoa bilakatzeko arrazoi handiak ditugu.

Hurrengo hamarkadetan eta milurte honetan, zein formak hartuko ditu Euskal Senak? Gure eskuetan dago. Baina zerbait argi dago: euskarak gure sena garraiatu du mendez mende, eta horrela jarraitu beharko.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu