Teknofiloen albistegia

"Arteria Bilgunea" sortu dute, Goierriko sortzaile, erakunde eta herritarren plataforma

2019-04-08 : 10:01

Dar-Dar Produkzioko Asier eta Iker Zinkunegi legorretar anaiek Arteria Sorkuntza Gunearen proiektua garatu dute, «Goierriko sortzaileak bildu eta balioa emateko espazioa» sortzeko helburuarekin. Goierriko sortzaileekin batera, erakundeak, eragileak eta herritarrak Arterian biltzea da asmoa, «elkarren artean loturak saretzea». Artea eta giza eskubideak ditu ardatz proiektuak.

Albistearen eta argazkiaren iturria:GOIBERRI

Pausoz pauso ari dira Arteria eraikitzen. Lehenengo fasean –2017an–, Arteria Bilgunea osatu zuten, Goierriko 911 sortzaile, erakunde, gizarte eragile, kultur eragile, gaztetxe, adineko etxe… zerrendatuta. Ikerren esanetan, «orain zerrenda hori eguneratzen ari gara, garrantzitsua baita zerrenda hori ondo egitea plataforman bilaketak ondo egiteko».

Bigarren fasea, Arteria Plataformarena izan da, 2017 eta 2018an egina: www.arteria. eus webgunea. Bertan sortzaileek, erakundeek eta herritarrek dute lekua, «esperientzien sorgune, ezagutzen transmisio gune eta artearen bilaketa gune» baita. Pixkanaka ari dira plataforma edukiz betetzen eta dagoeneko izena eman daiteke. «Artea eta kultura interesatzen zaion edonork eman dezake izena Arterian. Urtean zehar hainbat dinamika sortuko dira eta haien inguruan informazioa jasoko dute».

Arteria Bihotza Goierri

Goierriko sortzaileen bilatzaile aurreratua egokitu dute plataforman eta sortzaileen bilaketaren bat egiten duenak bi aukera izango ditu: zuzenean harremanetan jartzea bilatzaileak emandakoarekin edo Zinkunegi anaiei deitzea bitartekaritza lanak egiteko.

Goierriko sortzaileen artelanen denda jartzea ere aurreikusten dute, eta artelanen zozketak ere egingo dituzte. Martxoaren 8ari keinu eginez, Itsasoko Pott zeramikako Maite Salutregi eta Jone Urainen bi artelan erosi eta zozkatu zituzten Facebook eta Instagram sare sozialez baliatuz.

Sorgunea, gune fisikoa

Bilguneaz eta Plataformaz gain, Arteriak Sorgunea ere izan nahi du, Goierriko sortzaileak bildu, beraien lanari balioa eman eta elkarren arteko elkarlana sustatzeko gune fisikoa. Dena den, Asierren esanetan, «gizarteak esango du Goierrin sorgune bat beharrezkoa den ala ez. Guk uste dugu beharrezkoa dela. Sortzaileek ere horrela uste dute eta erakundeek ere bai». Hala ere, «epe luzerako diseinatutako proiektua da. Bere osotasunean bermatzeko, bere maximoetara iristeko, 10-15 urte dabilzkit buruan».

«Artea eta kultura interesatzen zaion edonork eman dezake izena Arterian», Iker Zinkunegi.

«Gizarteak esango du Goierrin sorgune bat beharrezkoa den ala ez», Asier Zinkunegi.

Arteria Sorgunea Goierriko artisten piezak sortu eta sormen prozesuak herritarrei erakusteko lekua izango da. «Fabrika horretara joateko aukera izango dugizarte guztiak. Ikastetxeak Ekogunera joaten diren bezala, Arteria Fabrikara joan daitezke eta han ikusiko dute, eskultore bat musikari batekin lanean  proiektu baten sormen prozesuan».

Izan ere, hezkuntza proiektu bezala ikusten dute Arteria: «Gizartea hezi beharra daukagu artearen inguruan. Artista burujabetu behar dugu, ahaldundu behar dugu. Azken batean, burujabetza bultzatzeko tresna bat da Arteria. Burujabetza guretzako, burujabetza artistarentzako, burujabetza herritarrentzako».

Oraindik ez dakite Arteria Fabrika non kokatuko litzatekeen, «Proiektua bera behar bezala garatzen joaten baldin bada, proiektuak berak aurkituko du lekua. Azalduko da. Guk lortzen baldin badugu proiektu honetan 100 sortzaile, 500 herritar, 20 udal… biltzea, bere espazioa bilatuko du. Horrek ez gaitu gehiegi kezkatzen. Tamalez, espazio huts gehiegi daude».

Industriari hain lotuta dagoen eskualdean, «beste garapen batzuk ere egon» behar direla uste dute. «Industria aldetik izugarrizko garapena izan du eskualdeak, baina beste esparru batzuetan ere garapenak eman egin behar dira, eta industriarekin konplize izan nahi dugu».

Arteria proiektuaren aurkezpen ofiziala foru aldundiarekin batera egingo badute ere, Goierriko udalerrietan eta erakundeetan Arteriaren asmoak azaltzen ari dira Zinkunegitarrak, eta udal gehienen babesa jasotzen ari dira. Udal bakoitzak urtean 500 euro jartzea eskatzen dute, Arterian izena eman dauden sortzaileen artean hiru beka sortzeko helburuarekin. «Udalek emango duten diru hori sortzailearentzat eta gizartearentzat izango da, Dar-Darrentzat ez da hortik dirurik egongo. Udalek jartzen duten dirua beti izango da gizartearentzat eta sortzailearentzat. Dar-Darrek aldundiaren eta jaurlaritzaren diru laguntzetatik kobratuko du, estatutik edo Europatik».

Izena eta izana

Izen aproposa aukeratu dute proiektuarentzat; esan nahi asko dituen hitza da arteria eta guztiek bat egiten dute Zinkunegitarren proiektuarekin: «Kale asko bukatzen diren kalea da arteria. Bihotzetik gorputzeko beste atal batzuetara odola daraman odol-hodia ere bada. Eta arte hitza dauka bere baitan». Beraz, «Sorgune batera iristen baldin bagara, sorgune horretatik Arteriak artea gizartera, herrietara zabalduko du. Eta plataforma atalarekin ere, artea zabalduko dugu Goierriko eskualdean barrena».

Arterian izena emanda dauden sortzaileentzako hiru beka

Aurtengo udazkenean proposamen bat aurkeztuko du Arteriak: arte diziplina guztietako Goierriko sortzaileei zuzendutako hiru beka. Parte hartzeko baldintza bat beharko da, Arterian izena emanda egotea. Zinkunegitarrek aurreratu dutenez, «giza eskubideen inguruan dituzten lanak aurkeztu beharko dituzte. Eta Arterian bildu garen guztion artean hiru sortzaile eta hiru sortzaileren lanak aukeratuko ditugu». Beste berezitasun bat ere izango du bekak: «Gizarteko geruza guztiak hartuko ditugu kontuan». Honela, beka bat emakume batek jasoko du; beste bat adimen urritasun, LGTBI eta etorkinen multzoko batek; eta hirugarrena, orokorra izango da. «Hiru pieza horietako bat, gainera, haurrei eskaintzeko modukoa izango da, bestea gazteei eskaintzekoa eta hirugarrena adineko pertsonei eskaintzekoa». Beka jasotzen duten sortzaileek, herriz herri, obra irabazleaz gain, obra hori sortzeko sormen prozesua erakutsiko die herritarrei.

Ikusi hemen: https://arteria.eus/

Izena emateko: https://arteria.eus/batu.html

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu