Leon XIV aita santuak bere lehen entziklika argitaratu du aste honetan. Saiakera erako testu landuak izaten dira entziklikak, eta izenburua ematen zaie latinezko bertsioaren lehen bi hitzekin. Magnifica Humanitas da hau beraz, baina latinez gain, beste hizkuntza batzuetan ere aurki dezakezue hemen, gure hurbileko erdaretan. Adimen artifizialari buruzkoa dela irakurriko zenuten hortik, eta badu aipu eta azterkerik (enpresa edo zerbitzu zehatzik izendatu barik) AAz, baina orokorrago joera teknologiko azeleratuen ingurukoa da. Gure analisitxoa jarraian.
Aita Santuak berak honela laburbildu du sare sozialetan 100 orritako muina:
"Gaur egunean, guztientzako izan beharko liratekeen ondasun unibertsaletan, jabetza forma berriak dauzkagu: patenteak, algoritmoak, plataforma digitalak, azpiegitura teknologikoak, datuak. Nazioen aberastasuna gero eta gehiago oinarritzen da ezagutzan eta teknologian, baina ondasun horiek gutxi batzuen eskuetan biltzen badira, partekatze eta sarbide egokirik gabe, eten handi bat zabal daiteke iraultza digitalean barneratutakoen eta bazterrean geratutakoen artean.
Fluxu ekonomiko, plataforma digital, datuen kudeaketa eta algoritmoen gaineko erabakietan, ezin daiteke prozesuen bidea eragile gutxi batzuek markatzen uztea. Elkarlan formak eraiki behar dira, mundu-komunitatearen maila desberdinak errespetatuz, eta denak ko-erantzul bihurtuz ondasun komunetan.
Garai digitaleko gizarte ordena bidezkoa izango da denei aukeretarako berdintasunezko sarbidea eskainiko diena, txiki eta ahulenak babestuko dituena, gorrotoa eta desinformazioa borrokatzen dituena, eta datuen eta teknologien kontrol publikora makurtzen dena; arrazoibidea ez dadin bakarrik mozkina izan, baizik eta pertsona bakoitzaren duintasuna eta herrientzako onura".
Sare sozial edo hedabideetako laburpentxo horretan AA zuzenean aipatu ez arren, entziklikan bai, zuzen eta gogor jo du aita santuak:
"Adimen artifiziala esaten zaien horiek ez dute esperientziarik, ez dute gorputzik, ez dute alaitasunik edo minik sentitzen, ez dira harremanen bidez heltzen, eta ez dakite barrutik zer esan nahi duten maitasunak, lanak, adiskidetasunak edo erantzukizunak. (...) Ez dute kontzientzia moralik, ez baitute ongia eta gaizkia epaitzen, ez dute egoeren azken zentzua atzematen, ez eta ondorioen erantzukizuna hartzen ere".
AAk jendearengan piztu ditzakeen esperantza faltsuez ere ohartarazten du entziklikak, eta gaitz batzuk aipatu: Kontzentrazio-gaitasunaren galera, gizarte-isolamendua, depresioa, antsietatea... Eta testuak aipatzen du baita AAren kontestu ekonomiko eta geopolitikoa ere bai: datu prozesamenduari lotutako energia xahutze handia, AA armen garapenean ezartzeak ekar dezakeen arrisku larria, eta enpresa batzuen kontzentrazio oligopolistikoaren ondorioz etor daitekeena: nazioen eta nazioartearen araudietatik kanpoko botere baten hegemonia.
Beste analisi gehigarri parea, gurea osatzeko balio izan dutenak, hemen: gaztelaniaz / ingelesez.
Argazkia: Edgar Beltrán, The Pillar, Wikimedia Commons, cc-by-sa.
Erantzun
Sartu