Teknologia albisteak

'Euskaraz eta kitto' bandoaren 40. urteurrenean, beste bando bat Eibarren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-12-21 : 11:56

Gaur bete dira 40 urte Eibarko alkateak udal-bando bat kaleratu zuela euskara sustatzeko. Gazteleraz hazi, tipografia tamaina handituz, euskaraz amaitzen zen aldarri honekin: Euskaraz eta kitto! Ikonikoa bilakatu zen bandoa eta mezua garai hartan, eta 40. urteurrenean, beste bando bat kaleratu du Eibarko Udalak, hizkuntza aniztasunetik eginez euskararen alde.

1982ko bandoa, orduko alkate Mikel Larrañagak sinatua, testu honekin zabaldu zen:

Hauxe zen 1982ko testua.

De parte del Sr. Alcalde de esta Villa Armera se hace saber a todos los ciudadanos: Que no es el euskara, como antaño, lengua mayoritariamente utilizada en esta población por lo que es preciso esforzarse en su uso. Y como no es justo pedir a otros que aprendan nuestro idioma cuando quienes lo saben no lo utilizan corrientemente, dei eta dehiadar egiten zaio euskaldun jendeari euskara gure hizkuntza gaurdanik bertatik erabiltzera etxean zein jendaurrean, Eibar herri euskalduna izatea lor- tu arte arrazoizko epe batetan. Ez da atxakiarik ez mintzatzeko ezagutzen eta maite den hizkuntzaz: Horregatik aldarrikatzen dugu: euskaraz eta kitto!

Eta kontestua, artikulu honetan dago azaldua. Besteak beste, bando horretan du jatorria herriko Eta Kitto euskara taldearen eta tokiko agerkariaren izenak.

Bandoaren diseinua ere aipagarria izan zen, txiki hasi gaztelaniaz, eta handituz tamaina eta aldarriaren indarra, Times Roman tipo argi batekin. 2022koan, txikitik handirako diseinuari eutsi zaio, baina tipografian ñabardura bat aldatu da, News Roman tipoan daude letra latinoak, baina beste alfabeto eta idazkera batzuetako zeinuak ere badaude.

Urteurrena markatzeko gaur banatu den 2022ko bandoa hauxe da:

2022ko bando hau, Eibarko atarietan itsatsi dutena gaur goizean, egungo Jon Iraola alkateak sinatzen du. Eibarren, egindako inkesta baten arabera, mintzatzen diren 70 ama-hizkuntzen artean 35 agertzen dira, euskararen izena hizkuntza horietan, hiztun gutxienetik gehienera ordenatuta tipografian. Azkenean, erremate hau: "Euskeria, Euskara esaten dioguna: es mi lengua y tu lengua, eibartar guztiona."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago