Teknologia albisteak

Bilbo Zientzia Plaza 2022: iraila dibulgazioari emana

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-07 : 09:38

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duen Bilbo Zientzia Plaza jaialdiaren bosgarren edizioa izango da datorren astelehenetik (irailaren 12tik) irail amaierara arte (30era arte). Bi erakusketa eta zazpi ekitaldi biltzen ditu programak 2022ko edizio honetan.

Erakusketak honakoak dira:

• Ibilbide bat nanomunduan. (Irailak 12-24, Bizkaia Aretoa). Nanozietziako eta nanoteknologiako egileak, lanak eta tresnak aurkezten dira. Erakusketa honekin lotuta, ibilbide bat antolatu da (irailaren 22an euskaraz, eta 23an gazteleraz) Ibon Santiago ikertzailearen eskutik (eman izena 'kzk.ehu a bildua gmail.com' helbidera idatziz).

• Zientzia kalean. (Irailak 15 - 18, Euskalduna Jauregiko zabalgunea; irailak 26 - urriak 9, Arriaga plaza eta Metro Bilbaoko Moyua geltokia). Telefono mugikorraren, ogiaren, garagardoaren, sukaldeko plakaren, kotxearen eta egunero erabili ohi diren beste elementu batzuen inguruko erakusketa.

Ekitaldiei dagokienez, hauek dira:

Ciencia Show. (Irailak 15, Euskalduna Jauregia). Big Vanek antolatu eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak protagonista dituen bakarrizketa lehiaketaren azken gala, gazteei zientzia eta teknologia modu atseginean eta zuzenean hurbiltzea helburu duena.

Naukas Pro. (Irailak 15, Euskalduna Jauregia). Zientzialari profesionalek eta ikerketa-zentroetako kideek 20 minutuko hitzaldietan partekatuko dituzte zientziaren arloan dituzten esperientziak, beren lana zertan datzan azalduko dute eta beren berrikuntzarik deigarrienak publiko orokorrari jakinaraziko dizkiote. Aurtenho Naukas Pro honek Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruan egindako ikerketak izango ditu ardatz.

Naukas Bilbao. (Irailak 16 eta 17, Euskalduna Jauregia). Ezagutza zientifikoa modu erraz eta lotsagabean zabaltzeko gaztelaniaz egin den zientzia-dibulgazioko ekitaldirik handienak hamar urte baino gehiago daramatza Bilbon. Bi eguneko ikuskizuna da, publiko guztiari zuzendua, eta 10 minutuko hitzaldiak eta ikuskizunak izango dira.

Naukas Kids. (Irailak 18, Euskalduna Jauregia). Tailerrak, esperientziak eta  ikuskizuna, gaztetxoenek zientzia hurbilenaz eta atseginenaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Bidebarrieta Zientifikoa. (Irailak 21, Bidebarrieta Liburutegia). Maia García Vergniory ikertzailea (DIPC) eta Kepa Acero surflariak Historia de una ola hitzaldia egingo dute: surfean egiteko olatuetan zer paper duten mareek, haizeak edo itsas hondoak. Hitzaldia zuzenean jarraitu ahal izango da Kulturgunea kanalaren bidez.

Bilbo Zientzia Plazako jarduera guztiek sarrera libre eta doakoa izango dute. Naukas Pro eta Naukas Bilbao streaming bidez ikusgai izango dira Kosmos EITB kanalean.

Jaialdiaren inguruko informazio eta xehetasun guztiak Bzp.eus webgunean.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago