Teknologia albisteak

Felix Etxeberria 'Parapan' Elgoibarko euskaltzalea hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-05 : 08:21

Felix Etxeberria Larrañaga 'Parapan' Elgoibarko herrigintza eta euskalgintzako erreferente eta bultzatzailea hil zen joan den astean, 95 urte zituela. Elgoibarko herrigintzan, kooperatibismoan eta euskalgintzan aritu zen urteetan, eta besteak beste, Elgoibarko Izarra kultur elkartearen eta Danobaten sortzaileetako bat izan zen. 

Felix Etxeberria Elgoibarko Sallobente auzoko Parapan baserrian jaio zen 1926an. Zortzi urterekin hasi zen eskolan, baina hamaikarekin utzi egin behar izan zuen etxeko lanak egiteko. Hamalau urterekin peoi lanari ekin zion Eibarren; Orbea bizikleta lantegian eta Elgoibarko Sigman ere jardun zuen. Elgoibarko Jarbe lantegian doitzaile lanbidea ikasi zuen. Bertan bederatzi urtez jardun ondoren, lantegiko beste hamasei langilerekin Danobat makina-erreminta lantegi berria sortu zuten, geroago kooperatiba bihurtuko zena. 1973an Etxepe lantegia sortu zuen beste lankide batzuekin batera.

1959an Ongarri kultur elkartearen eratze prozesuan eta bere sustapenean parte hartu zuen; euskarazko gau-eskolen eratze prozesuan parte hartu zuen eta bertan euskarazko klaseak eman zituen 10 urtez; 1962an Elgoibarko Ikastolaren bultzatzaileetako bat izan eta, urtebete geroago, Elgoibarko Izarra elkarte euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen. Halaber, beste hainbat ekimen sustatu zituen Elgoibarren: antzerkia, dantza eta bertsolarizaren inguruko ekimenak, Aubixa aterpetxea, mendizaletasuna… Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan kronikagile ere aritu zen.

Lan-mundua euskalduntzen ere jardun zuen Felixek, eta Danobaten kasuan, lehen hiztegi teknikoa sortu zuen. Etxeperen kasuan ere antzera izan zen, euskaraz lan egiteko eta funtzionatzeko konpromisoa hartu zuten eta, besteak beste, enpresaren irabazien zati bat euskalgintzari ematen zioten.

 Lolita Canales elgoibartarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten, horietako bat Hasier Etxeberria zena, idazle eta kazetari ezaguna.

Ahotsak.eus webgunean bere bizipenen hainbat pasarte utzi zituen grabatuta.

Barren tokiko agerkariak bere bizitzako hainbat kontu jaso ditu, hil-oharrarekin batera.

Hil-beila atzo igandez hasi zen Elgoibarko Etxeberria tanatorioan, baina gaur astelehena hilak 5 izango du jarraipena, 16.30-18.30 artean. Eta hileta gaur astelehena halaber, Elgoibarko San Bartolome parrokian, 19.00etan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago