Teknologia albisteak

OPT-175B: Metak hizkuntza naturalera aplikatuko adimen artifiziala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-05-19 : 09:55

OPT-175B izeneko tresna erabilera librerako (baina ez-komertzialerako) jarri du Metak, Facebooken enpresak. AI edo adimen artifizialaren alorrean hizkuntza naturalaren prozesamendurako sortu den tresnarik handiena da. OPT-175B erabiltzeko ireki dutelako aurkezpen oharrean, Metan proiektuan lanean diharduten hainbat ikerlariren izena agertzen da, tartean Mikel Artetxe informatikari euskaldunarena. Artetxek berak azaldu digu Sustaturako OPT-175B-ren irismena eta garrantzia zein den.

Adimen artifizialeko sistemak ari dira hizkuntza sorkuntzan aurrerakuntzak egiten, eta duela gutxi azaldu genituen adibideak ingelesez OpenAI GPT3 izeneko tresnaren bidezkoak. Funtzionalki halako sistenma bati "hizkuntza eredu handi" bat deitzen diote adituek. "Eredu hauek milaka milioi hitzetako testuak irakurriz ikasten dute (wikipedia, liburuak, webguneak...), eta gai dira dialogo errealistak izateko, testu baten inguruko galderak erantzuteko, edota buruketa sinpleak ebazteko, besteak beste", azaldu digu Mikel Artetxek.

Horrelako hizkuntza ereduak eraikitzea oso aktore gutxiren eskura dago, eskatzen duen ezagutza espezializatuaz gain kostu konputazionala izugarria delako. Oso ordenagailu potente eta garestiak behar dira, Meta moduko erraldoiek soilik dauzkatenak. Eta horixe da OPT-175B, ingelesezko hizkuntza eredu handi bat, erabilpen ez-komertzialerako eskaini duena Metak. Alde horretatik, hala nola OpenAI GPT3 delakoak hau bezalako trastadak, API baten bidez, egiten utzi digun euskaraz...

...ikusteko dago OPT-175B-rekin ere jolasteko modurik izango dugun. Baliteke makina erraldoiarekin jardurteko tarteko API bat sortzea inork. Mikel Srtetxek azpimarratu digu Metaren OPT-175B inportantea dela, eta munduan egin den ahaleginik irekiena dela. "OpenAIren GPT-3 eredu ospetsua API baten bidez soilik erabil daiteke, ordainpekoa izateaz gain eredua ikertzeko aukera mugatuak eskaintzen dituena. Era berean, Google eta DeepMindek lan garrantzitsuak egin." Horien ondoan, OPT-175B "ez da jende arruntaren eguneroko bizitza bat-batean aldatuko duen zerbait, baina", Artetxeren iritziz, "urrats garrantzitsu bat da adimen artifizialaren eta, modu zabalagoan, teknologiaren demokratizaziorantz."

OPT-175B ingelesez dabil bakarrik, ez de eredu eleanitz bat. Hala ere, eskala txikiagoko proiektu eleanitz baten berri ere eman du Artetxeren Metako taldeak duela gutxi. Paper honetan azaltzen da modelo hori, mugatuagoa dena, baina euskaraz ere badabilena.

Erantzun

Sartu