Teknologia albisteak

Panlex, hizkuntza anitzeko hiztegi bitxi bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-09 : 10:01

Panlex izeneko ekimena The Long Now Foundation izeneko erakundearen baliabide bat da, hizkuntzen-arteko datubase lexiko erraldoi eta aske bat sortzekoa, itzulpengintzan aurreratu ahal izateko. Erakunde bitxia da The Long Now Foundation, epe luzeko futurismo batera begirako proiektuak babesten ditu, hala nola 10.000 Urterako Erlojua, 100 mende irauteko gauza izango den makina bat, ingenieritzarako erronka itzel bat.

Panlexen bultzatzaileek diotenez, 10 urtez eraikitzen joan direna munduko "datubase lexiko handiena" da. Helburua "panlinguala" da, hizkuntza guztietara hedatua, eta azpimarratzen dute itzulpen automatikoko ekimen ezagunenak ehun bat hizkuntzara iristen direla (Google Translate kasu), non eta eurenak milaka hizkuntza hartu nahi ditu. Datuak libreak dira.

https://vocab.panlex.org/eus-000Euskarazko datubase lexikoa egon badago Panlexen, baina bere izaeraz zalantzak ditugu: izen propioak eta termino arraro samarrak ere badaude, eta bakoitza nola definitzen den ez dugu argi.

Hizkuntzak elkarrekin alderatuta, ordea, ikusten dira korrespondentziak. Hona irudian wolof hizkuntza eta euskara parekatuta, eta batetik besterako korrespondentzia batzuk (ortografia hautu bereziak ere ikusten dira tartean):

Itzulpen tresna bat ere badauka, baina ez da inolaz ere itzultzaile automatiko bat, hiztegi-bilaketa bat baizik. Termino soilekin funtzionatzen du, eta letra xehez bakarrik. Egun On idatzita ez liguke hau emango Bambara hizkuntzan kontsultatuta, bai ordea 'egun on' xehez:

Wolof eta Bambara Euskal Herrian entzun daitezkeen hizkuntzak dira. Bata Senegalgo hizkuntza hedatuena da, eta bestea Malikoa, baina Euskal Herriko senegaldar asko bambaraz mintzo dira halaber. Artikuluko lehen irudian, berriz, beste bilaketa bat egin dugu: elurra nola ote eskimalen Inuktitut hizkuntzan? ehun forma badituzte, ez dakigu, baina bat eman digu: aput.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu