Teknologia albisteak

Nola oparitu liburu bat Kindle irakurgailua duenari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-05 : 08:17

Badira zortzi urte Amazon denda liburu elektronikoak saltzen ari dela Espainian, baina Hego Euskal Herriko erabiltzaileek debekatua izan dute orain arte aukera sinple bat: ezin zenion libururik oparitu zure kontutik, beste Kindle baten jabeari. Aurtengo abuztuan ezabatu dute murrizketa. Beste norbaiti liburua erosteko aukeraz gain, doako bidalketak egiteko aukera ere badago, eta hori ere azalduko dugu.

Kindle jabe batek, orain arte, aukera bakarra zuen Amazon dendan liburua erosteko: norberaren kontuarekin (eta kontu korrentearekin) egitea. Honek zenbait arazo sortzen zituen: adin txikiko bati Kindle bat ematekotan, hark libururik erostekotan, bere kontu propioa ireki behar zenion Amazonen, horrek dakartzan "arrisku" gehigarriekin: klik bakarreko erosketa hiper-errezekin, gastuak eragitea, adibidez. Guraso batek, ordea, ezin zuen bere kontutik haur batentzako libururik erosi.

Arazoa konpondu da orain. Kindle baten jabe den edonori erosi diezaiokezu liburu elektroniko bat Amazon dendatik. Behar duzun gauza bakarra da beste pertsonak Amazon kontua kudeatzeko darabilen e-posta helbidea da. Liburua erosteko interfazean daude aukerak argi asko.

Goiko aukera eta botoi horixkan, zure Kindle batera bidaliko duzu. Bigarren aukeratik, Continuar eman eta hortik osatuko duzu prozedura, beste bati bidaltzeko liburua.

Jasotzaileak urrats parea egin behar du liburua jasotzeko: bere e-posta ireki, eta han egongo den mezuan klik egin behar du onarpena emateko. Ondoren, wifiarekin konektatzen bazaio Kindle-a, etorriko zaio liburu elektronikoa.

Doako oparia

Erosketatik aparte, beste aukera bat da doako liburuak oparitzea. Hau da, DRM edo babesik ez daukan liburu elektroniko bat izan behar da.

Kasu honetarako, jasotzaileak ukitu behar ditu parametro batzuk bere Amazon kontuan. Irudi honetan, pantaila jakin bateko elementu batzuk laburtu ditugu:

Amazon kontuan, gailuen kudeaketara joan behar duzu, eta han preferentzia edo hobespenak ikusi. Dokumentu pertsonalen konfigurazioa dioen atal bat dago, eta bertan zure Kindle partikularrerako kindle.com e-posta helbide zehatz bat dagoela ikusiko duzu izena_XXX@kindle.com erakoa edo...

Beherago, baimendutako e-posta helbideen aukera duzu, eta hor e-posta jakin bat baimendu behar duzu. Hau da, nahi baduzu Urliak liburu bat bidal diezazun, Urlia@gmail.com helbidea edo dena delakoa baimendu behar duzu hor. Ondoren, Urliari esan behar diozu bere helbidetik bidaltzeko liburua eranskin gisa zu izena_XXX@kindle.com helbidera.

Urlia@gmail.com > erantsi .mobi bat e-posta mezuari > izena_XXX@kindle.com

Bidalketa egiteko, erantsi behar dena .mobi formatukoa izan behar dela kontuan izan. Euskarazko .mobi liburuak aurki daitezke, adibidez, Booktegi proiektuan. Bestela, .epub formatuko zerbait badaukazu, formatua aldatu beharko diozu, esate baterako Calibre softwarea erabiliz.

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu