Teknofiloen albistegia

Adimen Artifiziala erabiliz Wikipediako artikuluak idazten irakatsi nahi diote robot bati

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu.eus
2018-02-19 : 09:35

Lehen urratsak besterik ez dira, baina emaitzak ez omen dira horren txarrak. Algoritmo bat ari dira garatzen Wikipediako artikuluak idatzi ditzan bere kabuz. Adimen Artifizialaren beste adibide bat.

Google Brain egitasmoaren baitan ari dira algoritmoa garatzen. Azken batean, wikipediako hainbat artikulu aztertu, eta behin eta berriz errepikatzen diren egiturak berridazteko gaitasuna garatu nahi dute. Helburua litzateke, robot bati erreferentziazko testu batzuk ematea, eta robota gai izatea eduki hori Wikipediako artikulu batean laburbiltzeko. Duela urte batzuk hasitako bidearen beste urrats bat besterik ez da. 

Adimen Artifizialaren erabilera gero eta zabalagoa da. Kasu honetan lortu nahi diren emaitzak ez dira errazak. Izan ere, testu bat idaztea ez da prozesu automatiko bat, eta gizakiaren hainbat gaitasun kognitibo behar dira idazki bat egituratu ahal izateko. Robot bati hori guztiori irakastea ez da hain erraza. Hala ere, orain arte algoritmo honekin lortu dituzten emaitzak ez omen dira horren txarrak. Oraindik ere robotak esaldi laburrak sortzen ditu, baina gutxinaka esaldi konplexuagoak eta sormen-maila handiagokoak idazteko gauza ei da. 

Sistemak horrela funtzionatzen du (ikasketa-fase honetan, bederen):

  • gai jakin bati buruzko 10 webgune hartzen ditu (Googleren bilaketaren arabera gai horri buruzko adierazgarrienak, Wikipedia kenduta) eta testu guztia erauzten du.
  • paragrafoak interesaren eta garrantziaren arabera sailkatzen eta ordenatzen dira, algoritmo bat erabiliz; informazio guzti-guztia dokumentu bakarrean txertatzen da.
  • Ondoren, testua birkodetu eta laburtu egiten da; esaldi luzeegiak laburtu egiten dira eta egitura jakin bat ematen zaio.

Ikusten denez, robotak ez du berez artikulurik "idazten"; informazioa bateratu eta laburpen moduko bat egiten du. Baina gizakiok ere ez dugu gauza bera egiten Wikipediarako artikuluak idazteko orduan? Han eta hemengo erreferentziak hartu eta Wikipediako artikulu batean sintetizatu?

Esan bezala, idazketa automatizatua lortzeko beste urrats bat besterik ez da; Adimen Artifizialaren beste adibide bat.

 

................

Irudia: Vulcanpost.com.

 

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu