Teknologia albisteak

Interneteko konexioaren abiadura %30 bizkortu da, batez beste, 2017an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-01-02 : 09:04

Sareko konexioaren testak egiten ditu Speedtest webguneak, eta test horien ondorioz argitaratzen du hilero Speedtest Global Index delakoa. Mundu osoko konexio-abiadura neurtu eta laburbiltzen du indize horietan. 2017ko ondorioak ere atera ditu: azken urtean %30 hazi da, batez beste, mundu osoko konexioen abiadura. 40 Mbps-eko abiadura gainditu da lehenengoz (mundu osoko konexioen batez bestekoa) konexio arruntetan, eta 20 Mbps-eko abiadura konexio mobiletan. Singapurek dauka munduko konexiorik onena (154 Mbps) eta Algeriak txarrena (3,8 Mbps). Euskaldunok zerrendaren erdi-goi mailan gaude, Europako eta Asiako hainbat herrialderen atzetik, baina mundu osoko batez bestekotik gora, espero zitekeenez.

Urterik urte arinago, askoz arinago. Gero eta bizkorrago nabigatzen dugu, izan sare arruntetik zein mugikorretako konexiotik. Hazkuntza, gainera, abiadura handian ari da gertatzen; dagoeneko ahaztu ere egin dugu duela 6-8 urte inguru nolako abiadurak genituen gure ADSL eta mugikorretan. Azken urtean, esate baterako, mundu mailako konexioen abiadura %30 hazi da, batez beste. Une honetan 40 Mbps-ekoa da mundu osoko konexioen batez bestekoa.

Euskal Herrian dexente azkarrago nabigatzen dugu (64 Mbps inguru), nahiz eta zerrendako goiko postuetatik urrun egon. Izan ere, hauexek dira konexiorik onena daukaten 5 herrialdeak:

  • Singapur 154 Mbps
  • Islandia 147 Mbps
  • Hong Kong 134 Mbps
  • Hego Korea 127 Mbps
  • Errumania 104 Mbps

Euskaldunon kasuan, Espainiako eta Frantziako sareen bitartez nabigatzen dugu eta rankingaren erdi-goi mailan gaude, logikoa den bezala. Hala ere, oraindik urrun gaude konexiorik arinengandik. 20. postu inguruan daude Frantzia eta Espainia konexio estandarrari dagokionez.

Sare mugikorrari dagokionez, aldiz, pixka bat atzerago, zerrendaren 30. postu inguruan (31 Mbps-eko abiadura dago, batez beste, Espainiako zein Frantziako sare mugikorretan). Munduko mugikor-sare azkarrena Norvegiak, Herbehereek eta Islandiak daukate, gurea baino abiadura bikoitzarekin (50-60 Mbps).

Hauek datu guztiok erabiltzaile anonimoen konexio-datuen bitartez ateratzen dira. Speedtest erreminta erabiliz sareko konexioa aztertzen eta neurtzen den bakoitzean, Speedtestek datuak gorde egiten ditu eta herrialde bakoitzeko batez besteko abiadurak kalkulatzen ditu, hilero-hilero. Datuen fidagarritasuna bermatzeko, gutxieneko konexio-kopuru bat behar du erremintak. Horregatik, argitaratzen dituen zerrendetan ez dira agertzen munduko herrialde guztiak. Esate baterako, Afrikako hainbat herrialde falta dira, gutxieneko horretara iristen ez direlako.

Erantzun

Sartu