Teknologia albisteak

Amazon Key: eman baimena Amazoni, eta erosketa etxe barruan utziko dizu (zu egon ez arren)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-27 : 11:42

Erosketa bat online egin ondoren, ez zaudela etxean? Erosketa ekarri behar dizutenean, zu kanpoan zaudela? "Arazo" hori konpondu nahi du Amazonek aste honetan aurkeztu duen aukerarekin, Amazon Key. Zerbitzu berria erabili ahal izateko kit hau erosi beharko duzu Amazon dendan (sarraila berezi bat eta kamera berezi bat). Banatzaileak kode bat erabiliko du zure etxera sartzeko, eta kamera baten bidez ikusi ahalko duzu nola uzten duen paketea zure etxeko sarreran. Etxean inor egon ez arren, zu itzultzerako hortxe izango duzu erosi berri duzun hori.

Amazonek jarraitzen du urratsak ematen erosketa-prozesua gero eta errazagoa izan dadin. Katalogo gero eta handiagoa, erosketa-sistema erraz eta samurra, banaketa bizkorra,... eta orain Amazon Key, banatzaileari aukera emango diona erosketa zure etxe barruan utzi dezan, nahiz eta etxean inor ez egon. 

Zerbitzu berriaren ezaugarriak:

  • Amazon Prime bezeroa izan beharko duzu (eta proba fase honetan ez dago erabilgarri herrialde/hiri guzietan). 
  • Kit hau erosi beharko duzu: sarraila eta kamera bereziak, 250 dolarretan. Amazoneko teknikariek doan instalatuko dizute etxean.
  • Zarraila hori kode baten bidez irekitzen da. Banatzaileak kode hori erabiliko du zure etxera sartzeko eta erosketa ate ondoan uzteko (kode bakoitzak behin irekiko du atea; banaketa bakoitzeko kode bana). 
  • Prozesu guztia aplikazio baten bidez kudeatzen da (jakinarazpenak, banaketa-mezuak,...), eta zuzenean jarraitu ahalko duzu kamera berezi horri esker, mugikorrean bertan (eta grabatuta geratuko da, badaezpada). 

Amazoneko banatzaileari ez ezik, beste edozeini ere eman diezaiokezu atea irekitzeko kode hori, jakina. Familiakoei, lagunei, txakurra pasiora atera behar dizun horri,... Akabo giltzen kopiak banatzen ibili beharra. Gainera, beste saltzaile/banatzaile batzuekin ere erabili ahalko duzu sistema hori (nahiz eta kodearen kudeaketa ez den automatikoa izango kasu honetan).

Zerbitzu berria proba-fasean egongo da denboraldi batean, baina epe ertainera edonora hedatzeko aukera aztertuko dute. Batez ere belaunaldi gazteenengan pentsatu dute, "gazteek ikuspegi malguagoa dute pribatutasunaren inguruan, nagusiagoak baino errazago erabiliko dute zerbitzu berria".

Dena dela, esan behar da, ateak kode baten bidez irekitzeko sistema hau ez dela erabat berria. Walmart dendak ere antzeko sistema bat ari da probatzen Californian (modu esperimentalean), eta Airbnb-ko apartamentuetan ere gero eta ohikoagoa da horrelako sistemak erabiltzea, Estatu Batuetan, bederen. Bezeroak kode bat jasotzen du, eta horixe darabil apartamentura sartzeko, giltzarekin gora-eta-behera ibili beharrik gabe.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago