Teknologia albisteak

21 nuits avec Pattie: Horrela bizi bagina beti

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren / Sustatu
2015-09-21 : 07:35

Horrela bizi bagina beti (21 nuits avec Pattie)

Alphonse Daudet-ek “Tartarin de Tarascon” idatzi zuenetik gutxienez (lehenagotik seguru asko) topiko bat izan da Parisen proventzalak pertsona bitxi, xalo, apur bat lelo, zoro baina maitagarri gisa irudikatzea. Asimilatu den nazioari kontsolamendu gisa ematen zaion saria, nonbait. Larrieu anaiak Lourdesen jaioak direla irakurri berri dut, ezin esan beraz paristar exotismozale tipikoak direnik, baina jakina da metropoliaren ikuspegia gogo onez hartu ohi dutela gehienetan periferian ere (espainiarrek topiko regionalekin egiten dutenak badu aurrekaririk, baduenez).

Caroline paristarra Okzitaniara doa, hango oporlekuan hil baita bat-batean ia ezagutzen ez zuen ama. Billi Wilder-en "Avanti" (Zer gertatu zen nire aitaren eta zure amaren artean) datorkigu une batez burura, baina istorioa ez doa hortik. Lamia erotomano bat ezagutuko du, jendarme xelebre bat, egurgile basajaun bat eta abar… bizizale eta hedonistak denak ere, paristar frigidatxoaren aurrean. Atseginez ikusten da oro har, baina badu zerbait faltsua eta topikoa, nire ustetan.

Erantzun

Sartu