Teknologia albisteak
7

Argazkiak ateratzeko eskubide eta mugen inguruko argibide batzuk

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Mendicute - Sustatu
2010-10-25 : 14:10

Goardia Zibilaren errejistro batean ez zidaten argazkiak ateratzen utzi eta, kuriositateak bultzatuta, horren inguruko eskubide eta mugen inguruko informazioa bildu dut. Gaztelaniazko artikulu bat hartu dut iturri eta aipatzen dituen legeak ere kontsultatu ditut hona ekartzeko, argazkiak ateratzen dituztenentzat informazio baliagarria izango delakoan.

Post hau idazteko kontsultatutako lege guztiak espainiar Estatukoak dira eta, hortaz, hemen aipatutakoak Hego Euskal Herrian balio dute. Ez ditut Frantziako legeak kontsultatu eta, hortaz, ezin esan Iparraldean eskubide beretsuak ote dauden gai honen inguruan.

Hego Euskal Herrian, legala da polizia agenteei eta bere autoei argazkiak ateratzea. Lan publikoari dagokion eginkizunak toki publiko batean egiten ari direnean, zilegi da argazkiak ateratzea. Gaztelaniaz honi buruzko artikulu batek 1/1982 Lege Organikoa aipatzen du eskubide horren defentsan, eta lege horren 8. artikulua zehazki.

Espainiar Konstituzioaren 20. artikuluak jasotzen ditu informazio eta adierazpen askatasunen oinarriak. Artikulu horrek lehenengo puntuan aitortzen eta babesten ditu honako eskubide hauek:

  • Pentsamenkera, ideia eta iritziak hitzez, idatziz edo beste edo- zein era batez libreki azaldu eta zabaltzeko.
  • Emaitza eta sortze literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako.
  • Katedraren askatasunerako.
  • Edozein hedabidetatik libreki egiazko informazioa komunikatu edo jasotzeko. Askatasun iharduera hauetan, legeak, kontzientzia baldintza eta profesioari dagokion sekreturako eskubidea arautuko du.

Artikulu horren laugarren puntuan, baina, eskubide horiei muga hauek ezartzen dizkio:

Askatasun hauek, Titulu hontan, errekonozituriko eskubide errespetuan, aurrera eramaten duten legeen agindu eta, batez ere, ohore, barrukotasun, norberaren irudi, gaztaroaren eta haurtzaroaren babes eskubidean dute muga.

Ohore, barrukotasun eta norberaren irudi eskubideak, hain zuzen ere, 1/1982 Lege Organikoan zehazten dira eta, hortaz, horrek zehazten ditu batik bat argazkiak ateratzeko eskubideen mugak.

Lege horren 8. artikuluaren arabera, norberaren irudi eskubideak ez du galarazten argazkiak ateratzea, erreproduzitzea edo argitaratzea, honako kasuetan:

  • A) argazkian agertzen dena kargu publikoa baldin bada, edo ospea edo proiekzio publikoa duen lana baldin badu
  • B) argazkian agertzen dena toki publiko batean eta ekintza publiko batean ari baldin bada

Horretara, izatez, poliziari argazkiak ateratzeko eskubidea egon badago, 1/1982 Lege Organikoaren 8. artikuluaren a) atalaren arabera. Baina artikulu horren c) atalean (gaztelaniaz irakurri dugun post horretan ez zen atal hori aipatzen), eskubide horri muga bat ezartzen dio:

Eskubide horiek ez dira aplikatuko ekintza burutzen dutenek, ekintzaren izaera dela-eta, bere anonimotasuna beharrezkoa baldin badute.

Informatzeko eskubidea eskubide konstituzional bat da, eta kasuan kasu erabaki beharko litzateke lanean dabilen autoridade publikoaren anonimotasuna urratzen den ala ez.

Anonimotasuna bermatu behar den kasuetan, praktikan, argazkilariak esan dezake anonimotasuna bermatuko dela, irudia pixelatuta agertuko dela... eta a posteriori, argazkiak argitaratutakoan, eztabaidatu ahal da anonimotasuna urratu den ala ez.

Hala ere, poliziak argazkirik ez ateratzeko eskatu eta argazkia atera ezkero, Autoritateari desobedientzia dela-eta salaketa batekin egin zenezake topo.

Argazkirik atera ezkero, ezin dituzte ezabatu

Aipatu bezala, argazkia ateratzeko eskubideak badauzka bere mugak. Baina muga horiek gaindituta ere, polizia batek ezin du inor behartu ateratako argazki bat ezabatzera. Halaxe azaltzen dute Fotografiaperfecta blogean:

Argazki kamera, memoria txartela eta memoria txartelean gordetako informazioa jabetza pribatua dira, eta jabetza pribatuaren suntsiketa ilegala da. Ateratako argazkiak, jabetza pribatua izatez gain, Jabetza Intelektualari buruzko legepean ere badaude.

Argazkiak ezabatu ahal izateko, epailearen erabakia egon behar da tarteko. Horretarako, poliziak zera egin beharko luke:

  1. argazkiak atzeman
  2. txosten bat egin
  3. salaketa bat jarri

Behin horrela, epaileak frogatu ezkero argazkiaren arriskua edo bere erabilpen oker posiblea, erabaki lezake argazkiak suntsitzea.

Polizia batek argazkirik ezabatuko balu, horren kontrako salaketa jarri eta kartzela zigorra jaso lezake. Izan ere, Zigor Kodearen 508. artikuluaren arabera, epaileen eskuduntzarik beretzat hartzen duen agintari edo funtzionario publikoak honako zigorra jasoko du:

  • 6 hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra
  • 3 eta 8 hilabete arteko isuna eta
  • lan edo enplegu publikoren bat izateko ezintasuna urtebete eta 3 urte artean.

Polizia batek argazkiren bat ezabatzeko eskatu ezkero, eta argazkilariak ezabatzen baldin badu, poliziak esan lezake boluntarioki ezabatutako argazkia dela. Horregatik, halako eskari baten aurrean, poliziak berak ezabatzeko eskatu. Gomendio hori ematen digute Fotografiaperfectakoek.

Halakorik gertatu ezkero, testiguak egotea komenigarria da; izan ere, poliziek egitasun presuntzioa dute euren alde. Alegia, norbaiten hitza eta polizia batena kontraesanean baldin badago, poliziak esandakoa izango da fidagarriagoa epaile baten aurrean.

Horretara, poliziari argazkiak atera nahi izan ezkero, bi gomendio desberdin jarraitu ditzazkezu:

  1. Gizalegez, argazkiak atera baino lehen, poliziei abisatu argazkiak ateratzera zoazela.
  2. Zuzenean argazkiak atera. Horrela, ezingo dizkizute ezabatu.

Lehenengo kasuan arazoak ekidin ditzazkezu, baina gerta liteke poliziek eskatzea argazkirik ez ateratzea. Bigarren kasuan, errazagoa izan daiteke poliziak moskeatzea eta euren anonimotasunaren izenean argazkirik ateratzen ez uztea, baina ez dute izango ordurarte atera dituzun argazkiak ezabatzeko eskubiderik.

Polizi-etxeei argazkiak ateratzea

Aipatutako gaztelaniazko artikulu horren arabera Espainian ez dago legerik eragozten duena toki publiko batetik argazkiak ateratzea. Hortaz, komisaldegiei argazkiak ateratzeko aukera ere badago, sekretua dena ezkutuan izango dutelakoan. Hala ere, gomendagarria da argazkiak atera baino lehen komisaldegira joan, argazkiak aterako dituzula abisatzea, eta datuak ematea. Izan ere, Zigor Kodeko 576. artikuluak zera dio:

  1. 5 eta 10 urte arteko kartzela zigorra eta 18 eta 24 hilabete arteko zigorra jarriko zaiola talde armatu edo erakunde terrorista batekin kolaboratzen duenari.
  2. Pertsonen, ondasunen edo instalazioen informazioa eta bigilantzia kolaboraziotzat jotzen direla.

Horretara, susmoak uxatzeko, aurretiaz identifikatu ezkero, ez litzateke arazorik egon behar komisaldegi bati argazkiak ateratzeko.

Argazkilarientzat FAQ bat

Gaztelaniazko artikulu horrek galdera-erantzun sorta polita dakar, eta horietatik batzuk ekarri ditugu hona, betiere artikulu horren arabera.

  • Jarri dezake inork eskua nire kamararen objektiboaren aurrean?

Ez, inork, ezta polizia batek ere. Zure kamara ikutuko balute, erasotzat jo liteke eta, hortaz, salagarria litzateke.

  • Ofizialak ez diren segurtasun langileek debekatu dezakete argazkirik ateratzea?

Ez. Segurtasun Indar eta Zerbitzuen inguruko 2/1982 legearen arabera, honako hauek dute legea betearazteko eskuduntza:

  1. Nazioko Gobernuaren Segurtasun Indar eta Zerbitzuek
  2. Autonomia Erkidegoetako Poliziak
  3. Udaltzainak
  • Segurtasun zaintzaile batek badauka nik argazkiak ateratzea galarazteko eskubidea?

Ez. Inola ere ez.

  • Ba al du segurtasun zaintzaile batek merkatalgune bat bezalako toki pribatu batean nik argazkiak ateratzea galarazteko eskubidea?

Merkatalgunea toki pribatua izan arren jendarteari irekitako tokia da eta ez ez dute identifikaziorik eskatzen bertara sartzeko eta, hortaz, toki publikotzat hartzen da. Beraz, aurreko puntua aplikatzen zaio.

  • Ba al du polizia batek eskubidea ni toki publiko batetik kanporatzeko, horretarako arrazoia argazkiak ateratzea izanik?

Ez. Ez behintzat argazkiak ateratze hutsagatik. Hori bai, Hiritarren Segurtasunerako Babeserako 1/1992 Lege Organikoaren 19. artikulua aplikatuta, segurtasun arrazoiak medio, poliziak eskatu lezake toki publiko bat uzteko.

Baldintza bereziak aireportuetan

  • Aireportu kanpotik barrura argazkiak ateratzea legezkoa al da?

Bai. Esparru batean argazkiak ateratzeko debekua esparru barruan bakarrik aplikatu daiteke, eta esparru horretatik kanpo ezin da aplikatu, kamerarekin barrura apuntatzen baduzu ere.

  • Legezkoa al da aireportu barruan argazkiak ateratzea?

Bai, toki publikoa da eta legez, argazkiak atera daitezke aireportuan. Erakunde askok baimen berezia eskatzera edo tasa batzuk ordaintzera behartzen zaituzte eragozpenak direla-eta, baina hori legezkoa da tripode bat muntatzen baduzu, ez bestela. Argazki kamara eskuan, toki publikoetan, libre zara argazkiak ateratzeko.

  • Orduan, aireportu osoan argazkiak atera ditzaket?

Ez, aireportu osoan ez. Aireportuko toki batzuetarako sarbidea langile batzuei murrizten zaie, eta toki horien jabe den enpresa edo erakundeak dauka hor argazkiak ateratzeko baimena emateko eskumena.

  • Atera ditzaket argazkiak airetik aireportu baten inguruan?

Horretarako eskuduna den erakunde baten baimenik gabe ez.

Erantzunak

bilbogorri
2010-10-25 : 15:35

Antzeko eztabaida izan genuen beste foro batean http://bilbogorri.blogspot.com/ bezalako blogetan argitaratutako argazkien inguruan. Badirudi goian idatzitakoaren arabera ez liratekeela legearen aurkakoak, ezta?

Joseba L.
2010-10-25 : 17:03

Oso interesgarria! Mila esker! Ba al dakizue bideo grabazioei legedi bera aplikatzen zaien? Alegia, hemen esandako guztiek bideoarentzat ere balio ote duten?

mikel
2010-10-25 : 17:33

Oso lan ona Josu, zorionak, izango dut kontuan egoera "kritikoetan" argazkiak ateratzerako orduan.

Josu Mendicute
2010-10-25 : 17:47

Bilbogorri, eztabaida horren bila aritu naiz, baina ez dut aurkitu zuen blogean. Hala ere, bertan dauden argazkiak ikusita... matrikulen argazkiak argitaratzean dago eztabaidaren gakoa?


Joseba, pozten naiz interesgarri iruditu izanaz. Ziurtziaz ezer esaten ausargu gabe: pentsatzen dut bideoarekin berdin izango dela, izan ere legeek argazkiak baino, informazio grafikoa aipatzen dute.


Mikel, eskerrik asko!


Joseba Arrillaga
2010-10-25 : 18:16

Bideoekin arriskutsua izan liteke, irudiaz gain soinua ere erregistratzen delako. Adibidez, musika emanaldi batean argazkiak atera daitezke arazorik gabe, baina musika grabatzea ez dago berdin arautua, autoreen legearekin arazoak egon litezke.

Jon Abril
2010-10-26 : 02:16

Legeak dioena gauza bat da, baina Kode Penalak berak biltzen duen moduan, eta euskal herritarra izaki, argazki horien erabilera talde armatua laguntzeko edo honi informazioa emateko dituzula leporatu diezazuke poliziak. Maiz ikusi ditugu epaitegietan (Entzutegi Nazionalean, bereziki) sartzen polizia-autoak. Hori bera grabatzeagatik poliziaren kontrako bortxakeriagatik zigortu ninduten. Eta ezagutzen ditut horrelako hainbat kasu, polizia-etxeak grabatzeagatik edo argazkiak ateratzeagatik. Eta interpretazioa, horrelakoetan, euren esku dago!

jon
2010-10-26 : 14:56

oso interesgarria eta modu egokian azaldua! hala ere zalantza bat dut; hau prentsa argazkilariei, akreditatuei, edonori... nori aplika dakioke hemen esandakoa?

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu