Teknologia albisteak
7

Kobazulotik irten da Mursego

Erabiltzailearen aurpegia
Amodio Jauna
2009-06-16 : 13:06

Mursego izenarekin (saguzarra portugesez) euskal musikan egile berria agertu da, Maite Arroitajauregi, freskotasunez beteta. Igandean ikusi nuen Donostian. Eta asteburu honetan aukera izango duzue Bilbon eta Gasteizen.

Musika jostailu gisa hartzen duten egileak gustatzen zaizkit. Elementuak nahasi era librean, estereotiporik gabe. Eguneroko gauzak erabili abestiak egiteko. Trastelekuko bazterretan orain arte lo egin dute gauzei alderdi kreatiboa ateratzea soinuak eraikitzeko.

Ez pentsa umeentzako musikari buruz ari naizela. Ez. Mursegoren abestiek experimentazio puntu ederra daukate. Ertz komunitarearen esperimentazioa baino erosoagoa, hori bai. Pop munduan oinarritua. Hor daude PJ Harvey eta Juno filman agertzen zer Moldy Pechesen abestiak. Hor agertzen dira Serge Gainsbourg edo Auki Kaurismakiren erreferentziak. Hor gure Laboaren garraxi existentzialistak. Hor abesti dibertigarriak, odola xurgatzeko soinuekin.


Argazkiak.org | Mursego ukelele jotzen © cc-by-sa: el blog de la nadadora

Txeloa du laguna. Horrela ezagutu genuen, euskal taldeen diskoetan kordak xarmaz urratuz. Orain zuzenean jotako soinuak errepikatzen dituen pedala erabiltzen du makila gisa, abestiak pixkanaka eraikitzeko. Abesteko era zuzena du, Nicok edo Georgia Hubleyk bezala.

FNAC batean jo baino lehen mila gauza okurritzen zaizkion neska hori da Mursego. Kobazulotik irten da. Espero dugu gero eta gehiago gustatzea eguneko argia.

Mursegorekin disfrutatzeko hurrengo aukerak:

  • Ostiralean, ekainak 19, 20.00etan Bilboko ANTI-Liburudenda. Mursego + Jon Mantxi
  • Igandean, ekainak 21, Gasteizen 20.00 Hala Bedi tabernan.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2009-06-16 : 13:51

Benetan sorpresa polita izan zela Donostiako kontzertua. Goiko bideo hori Gernikako Astra gaztetxean izandako kontzertu batekoa da, hona beste ale bat ordukoa. Youtuben ere badago bideoren bat edo beste, adibidez Banpiroaren musua.


Bideo horietan baino osoago ikusi nuen Mursego igandeko kontzertuan. Hegan azkar ikasten du saguzarrak.


Sustatu
2009-06-16 : 15:09

El blog de la nadadora egiten duenak argazki batzuk bidali dizkigu. Maite Arroitajauregi Mursego ukelele (goian), auto-arpa eta txeloa jotzen.


Igandean Donostian izandako kontzertuaz kronika hau argitaratu da gaur prentsan gaztelaniaz.


loveof74
2009-06-16 : 15:14

Noticiaseko kronika ahaztu gabe...

iturri
2009-06-16 : 18:32

Igandean egon zen Gazteszenan eta Imari ere asko gustatu zitzaion Mursego: Do it yourself.


Datu bat: 50 disko eraman eta denak saldu.


Desplazatua
2009-06-16 : 23:37

E.Irratian, Arratsaldekoan, entzun dut gaur bideoko abesti hori eta ez dudanez aurkezpena entzun, ez dut jakin Mursego zenik, baina bai, bere abesti hori izan da, eta oso ondo entzuten zen.

Edu
2009-06-17 : 10:26

Apirilean elkarrizketatu nuen Maite Berrian.


Hemen esteka:


Beti izan dut argi klasikotik etorrita ere txeloarekin nahi nuen musika joko nuela


Eta, badazpadaere, hemen elkarrizketa:


2009-04-25


Maite Arroitajauregi.
Musikaria


Anarirekin eta beste hainbat talderekin biolontxeloa jotzen aritu den musikari eibartarrak diskoa grabatu du Mursego izenarekin, txeloa, elektronika eta ahotsa nahastuta. Gernikan joko du gaur.


«Beti izan dut argi klasikotik etorrita ere txeloarekin nahi nuen musika joko nuela»


Edu Lartzanguren.


Hainbat talderekin txeloa jo izan du Maite Arroitajauregi musikariak (Eibar, Gipuzkoa, 1977), besteak beste, Lisabö, Anari eta Moraurekin. Bakarkako diskoa argiataratu du Mursego izenarekin. Biolontxeloa, elektronika eta ahotsa erabiltzen ditu, eta hainbat hizkuntza nahasten ditu piezatan. Gaur, Gernikan joko du, 22:30ean, Astra gaztetxean.


Zuretzat, antza, ez dago arazorik txeloa rock musikan sartzeko. Beti izan duzu argi txeloarekin halako musika egingo zenuela?


Niretzat biak batera joan dira beti. Txelo ikasketak bukatu baino lehenago, Moraurekin grabatzen ari nintzen. Beti izan dut argi. Txelo jotzailea naiz, baina beti esan dut klasikoaren mundutik etorrita eta tresna klasikoa jota ere beti ahal duzula nahi duzun musika jo.


Mursego izena jarri diozu zure bakarkako lehen egitasmoari. Portugesez horrela ahoskatzen da saguzarra adierazteko hitza. Animalia horrekin identifikatzen zara?


Hitzaren soinua gustatzen zait. Horrez gain, omenaldi bat da BAP taldeari: "Ni ondo nago, alderantziz zuek zaudete", abesten zuten, "eszenatokia saguzarrez jabetu". Batmanen kantaren bertsioa ere egin zuten. Animalia zatarra da izatez, baina gauza politak ditu, odola xurgatzearena, adibidez. Buruzbehera zintzilik bazaude, mundua beste era batera ikusten duzu.


Diskoa apirilaren 8an grabatu zenuen, egun batean, eta Myspaceko orrian jarri dituzu kantak entzungai. Zergatik horren azkar?


Bat-batekoa izan da. Duela hilabete batzuk Bilbon bakarrik jotzeko proposatu zidaten. Hilabete bat pasatu nuen prestatzen bilduma. Jendeak oso ondo hartu zuen, eta Eibarko entsegu lokaletako estudioan grabatu nuen, beste talde baterako prest zegoela baliatuta. Orain pentsatzen ari naiz kopiak zelan egin eta zabaldu, baina argi dut CD gisa argitaratu nahi dudala.


Euskara, portugesa, gaztelania, ingelesa eta beste hainbat hizkuntza nahasten dituzu kantetan. Zergatik?


Kantuek beraiek eskatzen didatelako. Tanqueray kantak, esaterako, errusieraz edo polonieraz izan behar zuela iruditu zitzaidan, halako kutsua duelako. YouTuben, mutil bat topatu nuen errusieraz nobela bat irakurtzen, eta esaten zuena transkribatu nuen. "Gora igo nahi dut Esne Bidean pasiatzeko, eta behera jaitsi nahi dut infernu sutsua ezagutzeko", esan nahi nuen portuguesez, Subir arriba baixar abaixo kantan, eta Interneteko hiztegi batekin itzuli nuen, ez dakit ondo edo ez.


Musika ordenagailuarekin egiten dituztenak egurtzen dituzu My Laptopista kantan. Elektronikaz sortzen dituzten hotsak ahotsarekin imitatzen dituzu...


Halako lagun asko egin ditut azken boladan. Egiten dutena gustuko dudala esaten diet kantan, baina nahiago ditudala erritmoa eta melodia dituzten kantak.


Gaur emanaldia duzu Gernikan. Zer joko duzu?


Myspacen ditudan kantak joko ditut, eta baita anaiak joan zen astean urtebetetzerako oparitu zidan berak eginiko ukelelearekin prestatu dudana ere. Horrez gain, Uruguaiko Whisky filmean agertzen den pertsonaia baten elkarrizketa erabili dut: alderantziz hitz egiten du, baina esaten duena ulertu egiten da. Nire musika bezalakoa da: erraza.


maite
2009-06-17 : 13:54

Atzo gabean Ibonek esan zeztan "sustatu.com" begiratzeko...eskerrikasko zuen berba goxoengatik.

banpiro musuak danori...gaur eztao girorik kobazulotik urtetzeko ta.keep on rocking!

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu