Mondragon Unibertsitatearen Humanitate Fakultateak, HUHEZIk, Jakingarriak aldizkaria aurkeztu du, diseinu berriarekin. Azken ale honek gai monografiko bat landu du: musika haurren garapenean.
Jakingarriak aldizkariaren 46. alea erabat berriturik dator. Lehengo atalak ditu, baina itxura erabat bestelakoa. Maddi Trutxuelo diseinatzaileak eman dio itxura berria aldizkariari. Maddik eskarmentu handiko diseinatzailea da. Arrasate Presseko maketatzailea izan zen urtebete eta erdiz. Gaur egun, berriz, Tolosaldean egiten du lan.
Beti egin duen bezala, aldizkariak liburu berrien albisteak ematen ditu lehen orrialdeetan. Horrekin batera, jasotzen ditu han eta hemen bildutako artikulu aipagarriak, gehienak haur literaturarekin lotuta. Baita adituek esandako aipu esanguratsuak ere.
Musika Haurren Garapenean
Musikaren eta ahozko hizkuntzaren artean desberdintasun nagusi bat dago: hitzak inguruan dugun munduari buruz aritzen dira batez ere; musikak, berriz, gure barneko izateaz dihardu. Yehudi Menuhin biolinjole paregabearen hitzak dira hauek. Eta hitzok aitzakia hartuta, ale honetako gai monografikoa musikaren inguruan antolatu dute aldizkariko arduradunek.
Joserra Vitoria irakasleak koordinatu du monografiko hau, nahiz eta ematen duen ez direla garairik onenak musika arloko heziketarako. Izan ere, administrazioaren azken ebazpenek heziketa musikaleko eskolak murriztea agindu dute. Lau ekarpen nagusi egiten dira Musika eta Haurren Garapena aztertzeko: Iñaki Manganak, Maravillas Díaz, Fernando Palacios eta Patxi del Campo irakasleek egin dutena beste horrenbeste artikulutan. Laguntza txiki bat beren eguneroko lanean ikasgai garrantzitsu honetara hurbildu behar duten ikasle eta profesionalentzat.
Bueno, sarean ere jarri dute behintzat. PDF formatuan hemen . Bada zerbait, ze beste kasu batzuetan...
Atzo zekarren albistea Egunkariak, beste aldizkari unibertsitario akademiko baten aurkezpenarena: Gogoa. EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutua (ILCLI) da aldizkariaren egilea, eta EHU argitaratzailea. Hizkuntza, Ezagutza, Komunikazio eta Ekintzari buruzko Aldizkaria da Gogoa, bere egitasmoaren arabera.
Baina, paper hutsezko komunikazioa da hori. Joan den mendekoa, esango nuke. Web orri bat badute, baina kontuz klikatzerakoan, ze mega bateko tamainako irudiak daude orri horretan... Horien artean, harpidetza egiteko orriaren kopia eskaneatua.