Teknologia albisteak
6

Donostiako Zinemaldia 2011, palmaresa: Zine "arraroa" saritu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-24 : 23:09

Eman dira Donostiako 59. Zinemaldiko sariak. Egunero sail ofiziala segitzen ibili garenon artean aho batezkoa zen aurtengoa aspaldian ikusitako onena izan delako sentipena, film batzuk aski jasanezinak iruditu arren. Ba, hain zuzen ere, ikusle eta kritikari gehienei "jasanezin" iruditutako horiek eraman dituzte epaimahaiak erabakitako sari nagusiak.

Sari batzuekin konforme nengoke: adibidez, epaimahaiaren sari berezia Le Skylab Julie Delpie frantsesak zuzendutako filmari ematearekin, edo emakumezko aktore onenarena Maria Leon espainiarrari, La voz dormida pelikulan egindako lanagatik.

Beste batzuetan, ez naute gehiegi bete, baina ezta haserretu ere. Adibidez, gizonezko aktore onenaren saria Antonis Kafetzopoulos-i ematea, Adikos Kosmos greziarrean egindako lanagatik; gidoirik onena Hirokazu Kore-Eda japoniarrari ematea, Kiseki (I Wish / Miraria) filmagatik; edo argazki onena Ulf Brantas-entzat izatea, Happy end film suediarragatik.

Ulertezinak egin zaizkidanak, ordea, sari handiak izan dira: zuzendari onena Filippos Tsitos izatea, "Adikos Kosmos"en egilea, eta film onena Los pasos dobles, Isaki Lacuesta espainiarrarena.

Horiek baino askoz hobeak ziren batere saririk gabe gelditu diren asko: The Deep Blue Sea Terence Davies-ena, No habrá paz para los malvados Enrique Urbizurena, edo Take this waltz Sarah Polleyrena, hiru bakarrik aipatzearren.

Tira, alderdi onen bat ikusiko diogu erabakiari: esperimentuaren aldeko apustu garbia egin da; beharbada ez da zinema-aretoak betetzeko modurik onena, baina arriskatu nahi duenari hauspoa emango dio sikiera.

Irabazle guztiei zorionak.

Erantzunak

jon eskisabel
2011-09-25 : 00:42

Isaki Lacuesta espainiarra?

Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-25 : 00:56

"kataluniarra" jartzekotan egon naiz, baina bere praktika linguistikoa kontuan hartuta "espainiarra" ipini dut azkenean; zehatzago izango zen esatea filma dela espainiarra, eta isakik definitu dezala bere burua, nahi badu; saria jaso osteko prentsaurrekoan entzun diot hizketan, eta "en este país", "nuestro cine" eta abar aipatu ditu sarri, espainiaz eta zine espainolaz ari zela; zine katalanari buruz galdetu diotenean, berriz, "yo no creo en las patrias" bota du beste ezer baino lehen; dena dela, presaka idatzitako testua da nirea, eta ez dut polemiketan sartu nahi; eskerrik asko arduratzeagatik eta zuzenketagatik, eski.

Sustatu
2011-09-25 : 11:46

Gainerako sariak:


  • Euskal Zinemaren Galan, Elias Kerejetak jaso zuen Zinemira saria, eta Bi Anai filmari eman zioten Serbitzu Zinemira Saria.

  • Zuzendari berriaren Kutxa saria:
    THE RIVER USED TO BE A MAN / DER FLUSS WAR EINST EIN MENSCH, Jan Zabeil (Alemania)

  • Kutxa sariaren aipamen bereziak: EMEK TIFERET / A BEAUTIFUL VALLEY, Hadar Friedlich (Israel-Frantzia); eta
    STILLLEBEN / STILL LIFE, Sebastian Meise (Austria).

  • Publikoaren saria. THE ARTIST, Michel Hazanavicius (Frantzia)

  • Film europarrarentzako publikoaren saria: ET MAINTENANT ON VA OÙ?, Nadine Labaki (Frantzia-Libano-Italia-Egipto)

  • Gazteriaren Euskaltel saria: WILD BILL, Dexter Fletcher (Erresuma Batua)

  • Horizontes Latinos saria. LAS ACACIAS, Pablo Giorgelli (Argentina-Espainia)

  • Horizontes Latinos, aipamen bereziak: HISTORIAS QUE SÓ EXISTEM QUANDO LEMBRADAS, Julia Murat (Brasil-Argentina-Frantzia); MISS BALA, Gerardo Naranjo (Mexiko).

  • TVE-BESTE BEGIRADA SARIA: Iraneko Asghar Farhadi zuzendariaren "Jodaeiye Nader ez Simin / Nader and Simin, A Separation".

  • Beste Begirada, aipamen berezia: João Canijoren Sangue do meu Sangue

Beste sari batzuk:


jon eskisabel
2011-09-25 : 12:27

Zugandik etorrita, harritu nau, besterik. Lacuesta beharrean Alex de la Iglesia edo Enrique Urbizu balitz saritua, euskal zuzendaria jarriko zenuela uste dut.

Eskerrik asko zinemaldiko kronikengatik.

eriz
2011-09-25 : 20:50

Ze konplexu daukagu gauzei beren izenez deitzeko? Isaki Lacuestak zine katalanari buruz galdetzean "yo no creo en las patrias" esaten badu, baina bere 'pais'-a Espainia bada eta bere zinea espainola, ba horixe, bere aberria ere Espainia da. Berak uste ez arren, eta pentsatu arren 'ciudadano del mundo' bat dela. Eta oso ondo iruditzen zait espainola izatea, baina lerdokeriak esateari utz diezaiola. Onar dezala Espainia den 'patria' hortakoa dela, Katalunian jaio arren.



Eta guk zergatik hasi behar dugu bera zer den esaten. Berak bere buruan duena Espainia bada, ba espainiar eta kitto. Ze arazo dago? Katalunian jaio zela? Katalunian bizi dela? Katalana izatea nahi dugula?



Eta gauza bera Enrique Urbizu eta Alex de la Iglesiarekin. Euskal zinegile deitzen ditugula eta halaxe deitzen jarraitu behar dugula? Bi zuzendariok Isaki Lacuestak bezala Espainian dute burua, eta oso ongi iruditzen zait, baina guk zergatik deitu behar diogu eurek egiten duten horri euskal zinea, beraiek 'película española' bat egin badute? Milurteak daramazkigu euskal zinea zeri deitu behar ote diogun hausnarrean, baina ez al da hori baino ximpleagoa? 'Urte berri on amona' euskal zinea da, 'No habrá paz para los malvados' ez. Telmo Esnal euskal zinegilea da, Enrique Urbizu ez.



Eta hortxe dago benetako arazoa, 'euskal' nahi ditugula De la Iglesia eta Urbizu. Zergatik baina?





Beñat
2011-09-25 : 23:53

Pelikula ona baldin bada, berdin du española edo katalana dan. Hori da inportantiena. Kontua da Lacuestan pelikulak aspergarriyak ta astunak diala oso. La leyenda del tiempo bigarren aldiz ikusteko ausardiyik ez det oaindik batu. Kritika onak zitun pelikula horrek ta nei etzian graziyik in. Adar jotze galanta iruditu zitzaiten. Gainerako lanak zemuzkuak dian ideiaik ez dakat, baña ya bildur naiz. Zine txikiya, ezberdina eta esperimentala saritzia primeran iruitzen zait, baña pelikulak merezi baldin badu. Almandozek idatzi dun modun, esperimentaziyua ta entretenimendua bateragarriyak izan daitezke.

Erantzun

Sartu