Teknologia albisteak

Sancta Familia

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2011-09-21 : 11:09

Zinemaldiaren erdia igaro denean, lehiarako filmen bataz besteko maila aspaldiko urteetanko onena dela esan liteke; horren adibide dira asteartean sail ofizialean eskaini diren hiru filmak: Le Skylab frantsesa, ona (trailerra itsatsia); Kiseki (奇跡 - Miraria) japoniarra, txukuna; eta Happy end suediarra, interesgarria.

Piknik arbasoekin

Piknik arbasoekin

Julie Delpy aktore frantsesa da "Le Skylab" film nostalgiko ederraren zuzendari, gidoilari eta protagonistetakoa, berez pelikula korala den arren. Gaur egungo sarrera-amaiera laburtxo biren artean, flashback luze bat da metraje ia osoa, non orain berrogeita gutxi urteko amak 11 urte zitueneko familia-bilera bat oroitzen duen.

Familia zabalen garaia, osaba-izeba ugari eta lehengusu-lehengusina mordoa izaten zenekoa. Denak bildu dira Bretainian amonaren etxean, honen urtebetetzea dela eta. Hasieran masa bereiztezin bat osatzen dute, baina apurka-apurka, aurrera egin ahala, bakoitzaren istorioak, ajeak eta keriak ezagutuz goaz, familietan bezala, eta azkenerako zeureak dituzu denak, batzuk maiteak eta besteak gorrotatuak.

Mila mikroistorioz osatzen da filma, gai edo gatazka zentralik gabe, bizitza bera ispilatu nahiko balu bezala. Horrekin batera, 70eko hamarkadaren berreraikitze zoragarria: orduko janzkerak, musika, hizketagaiak. Azkenean, pelikula goxo, xarmant, inongo akatsik gabekoa lortzen dute, frantsesek dakiten kalitate zigilu horrekin eta aktore lan bikainarekin, guzti-guztiak. Agian kostunbrista samarra, anbizio berezirik gabea? Tira, hori satelite bat eskatzea litzateke.

Beste bi anai

Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarra maitea da Donostian, zenbait film eskaini baititu bertan; orain hiru bat urte Still Walking goraipatua, saririk gabe joan zen baina. Harako hartan, jaiegun bateko famili bazkaria erakusten zuen, xume bezain fin. Hemen, berriz, zatitu den familia bateko haurrak dira protagonistak: bi anaia, Koichi eta Ryu mutil-koxkorrak, bata amarekin eta bestea aitarekin bizi direnak, bi hiri urrundutan. Trenak elkartu ditzake, ordea, eta batek entzun du, tren laster bi gurutzatzen diren une eta gunean suertatu eta desira bat eskatuz gero, bete egiten dela.


Hirokazu Kore-eda eta bi anaia protagonistak Donostian. Antolakuntzarena.

Izenburuak adierazten duen mirariaren bila doaz bi anaiak eta bakoitzaren zenbait lagun, nor bere desirarekin. Film xaloa da, samurra, baina piper pixka bat falta duela esango nuke.

Izotz arteko ekaitzak

Idiosinkrasia kolektiboak eta zinema nazionalak existitzen diren ez dakit baina Björn Runge-ren "Happy end" honek, suediarra ez balitz, eskandinaviarra beharko luke ezinbestez. Hiru istorio elkarlotu dauzkagu bertan: Jonna, emakume heldu eta alarguna, sentimenduetarako zikiratua bezala bizi da; haren seme Peter suizidatzen saiatu da beste behin, eta andregaiak utzi egin du azkenean; Jonnaren etxea garbitzen duen Katrine-k senargai kalamidade eta jipoitzaile bat dauka...

Tragedia etor litekeen arren, azkenean ez da halakorik gertatzen, baina ezta tituluak iradokitzen duen amaiera zoriontsurik ere: errealitatean gertatu ohi den bezala, bizitzak aurrera jarraituko du, bere gazi-gozoekin. Pelikulak berak ere sentsazio nahiko gazi-gozoa utzi digu: ez da txarra, baina ez da ona izatera iristen ere. Izotza urtu ezinda, nonbait.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago