Teknologia albisteak
6

Hobelex, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea aurkeztu du UZEIk

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-22 : 14:41

Hobelex euskararako lehen lexiko-zuzentzailea da. Zuzentzaile ortografikoa eta lexikoa da, euskaraz akats ortografikorik gabe idazten eta, gainera, lexiko zuzen eta eguneratuarekin idazten laguntzen duen tresna.

Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak dira Hobelexen zuzenketa-proposamenen oinarri nagusiak.

Hobelex etengabe eguneratzen da eta, beraz, bertsio berriak deskargatzen joan ahala eguneratutako proposamenak egiten ditu zuzentzaileak.

Erabilerraza da: idatzi ahala egiten ditu hobekuntza-proposamenak, eta erabiltzaileak aski du azpimarratutako hitzaren gainean klik egitea proposamena onartzeko.

Hiztegi pertsonala sortzeko aukera ere badu.

PCetarako Word testu-editorean eta Microsoft Office-ko beste programetan erabil daiteke eta oso erraz instalatzen da.

Zuzentzaile ortografiko hutsek ez bezala, Hobelexek hobespen lexikoak ere egiten ditu, eta hori testuaren egokitasuna bermatzeko lagungarria da. Ikus, esaterako, Hobelexen aurkezpenean erakutsitako lagin batekin, zuzentzaile ortografiko arrunten eta Hobelexen emaitzen arteko aldea:

Hobelex eta zuzentzaile ortografiko arrunten arteko aldea (adibidea)


Jatorrizko testua:       

Japoneko gobernuak desarmerako behin behineko elkarrizketen frakasoa  iragarri du. Europako Batasuneko herrialeetako delegatuek deklaratu dute harmak inbentariatu beharko liratekeela, betirako arazorik ez sortzeko Ukrainian.

Zuzentzaile ortografiko arrunten emaitza:

Japoneko gobernuak desarmerako behin behineko elkarrizketen frakasoa iragarri du. Europako Batasuneko herrialeetako delegatuek deklaratu dute harmak inbentariatu beharko liratekeela, betirako arazorik ez sortzeko Ukrainian.

Testu zuzena, Hobelex-ekin zuzendua:

Japoniako gobernuak armagabetzerako behin-behineko elkarrizketen porrota  iragarri du. Europar Batasuneko herrialdeetako ordezkariek adierazi dute armen inbentarioa egin beharko litzatekeela, betiko arazorik ez sortzeko Ukrainan.


Hobelex doan eskura daiteke UZEIren webgunetik: www.uzei.com/hobelex

Argibide gehiagorako, ikus www.uzei.com.




 

Erantzunak

2014-10-22 : 20:15

Probatu nahi nuke bada #Hobelex, baina nirea ez da PCa eta gainera ez dut Microsoft erabiltzen. Zergatik ez guztiontzat erabilgarri? @UZEI_

2014-10-23 : 08:43

#Hobelex , ideia ona, baina zergatik PC eta Microsofterako soilik? Gaur egun ez da ulertzen @UZEI_

2014-10-23 : 08:53

Zorionak egindako lanagatik!
Open / Libre Officerentzat eskuragarri jartzeko asmorik bai? estimatuko nuke.

2014-10-23 : 09:03

Prentsaurrekoan esan bezala, lanean ari gara #Hobelex ahalik eta erabiltzaile gehienei eskaintzeko, baita kode irekikoei ere.

2014-10-23 : 12:24

Bai, nik ere eskertuko nuke LibreOfficen bertsio bat! Mila esker!

2014-10-23 : 13:36

Gurean ere, Orioko Udalean, estimatuko genuke LibreOffice-ko bertsioa. Oraintxe hasiko gara Microsoft-eko Office paketea ordenagailu guztietatik kentzen eta LibreOfficerekin ordezkatzen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago