Teknologia albisteak
1

NFL-ko partidak zuzenean telebistan ikusi, Twitterri esker

Erabiltzailearen aurpegia
2016-10-07 : 11:11

Goizeko 3ak aldera, esnatu eta bueltaka ohean, zer egin asmatu ezin. Eta, ustekabean, futbol amerikarreko NFLko partidu bat zuzenean telebistan ikusten amaitu dut.

Ohe ondotik, barkatu, telefonoa hartu eta ea zer zegoen ikusi dut, whatsapp, Twitter... Twitterren, propagandazko mezu horietako bat azaldu zait, @twitter kontu ofizialarena, Thursday Night Football live eta zuzenean zegoela, alegia, Twitterrek erretransmititzen zuela NFL Futbol Liga Amerikarreko partidu bat. Klikatu eta bai, hor zegoen partidua telefonoan.

Baina pentsatu dut: hau telebistara igortzerik izango ote dut Chromecast bidez?

Probatu dut, eta Twitter aplikazioak berak ez du Chromecast emisioaren ikonorik (beste aplikazio batzuek daukaten bezala), baina Android telefonoaren beraren aukera orokorretan badago telefonoan dagoen irudia (zein dela ere), telebistara bidaltzeko, eta halaxe egin dut. Ondoren, irudia horizontal bihurtzeko ikonoari eman Twitter aplikazioan, eta telebistaren zabalera osoa hartu du partiduak. Ez diot argazkirik atera ze... ezin nuen, telefonoa hartuz gero beste aplikazio bat edo argazkia hartzekotan, irudia aldatzen zen telebistan!

Emisioa HD kalitate bikainean ikusten zen, eta CBS katearen emanaldia, iragarki eta guzti. Arizona Cardinals eta San Francisco 49ers taldeak ari ziren elkarren kontra. Pixkat ikusi eta... aspertu naiz. Kindle-eko irakurketa pixkatekin lokartu naiz.

Twitter duela hilabete batzuk hasi da zuzeneko emanaldi hauekin. Ez nekien mundu osorako zirenik: normalean kirol ekitaldien streaming zerbitzu hauek estatuka murriztuta daude, baina ez dirudi hori denik kasua NFLrekin, agian bai gertatu zen Wimbledon-ekin.

Kontua da ez dagoela jakiterik zer ematen duten noiz, edo nik behintzat ez dut asmatu topatzerik. Igarotako emanaldi batzuen arrastoa aurkitu dut: Konbentzio Errepublikarra hemen eman zutela dakit edo Wimbledon-eko goiko adibidea. Baina ebento hauek noiz datozen abisatzeko modua zein ote da? Nire bilaketek ez dute emaitzarik izan. Adibide horietan ikus dezakezuenez, web interfazean irudia duzu nagusi, eta azpian iruzkinak doaz pilatzen. Telefonoko interfazean ere horrela ikusten da bertikalki, baina iruzkinen grazia ez dakit benetan balekoa ote den, irudia zabaldu eta horizontalki emanaldiak telefono osoa hartzean hobeto ikusten da, partidua bakarrik, zer esanik ez Chromecast-ekin telebistara igorriz gero.

NFL-ari dagokionez, hori bai, ostegun gauetakoa (ostiral goizaldeetan gauerdia igarota geurean), hauxe da emango dutena: datorren ostegun-ostiral gauean, gaur zortzi, Denver Broncos vs San Diego Chargers, San Diegon.

Erantzunak

2016-10-09 : 17:12

Twitterren era honetako hurrengo zuzenekoa Clinton-Trump debatea izango da, ordu batzuk barru, igandetik astelehenerako hurrengo gau honetan, goizaldeko 2.30etan Euskal Herriko orduan. Hemen: https://twitter.com/i/live/778347749217406976

Erantzun

Sartu