Teknologia albisteak
2

Blogak euskaraz, dekalogoa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-25 : 10:22

Blogak bigarren loraldia bizitzen ari dira Interneten. Zeu ere halako bat sortzekotan bazabiltza, horra 10 arrazoi beroi euskaraz egiteko:

  1. Dibertigarria da. Uste dut hori ez dagoela lotu-lotuta hizkuntza aukeraketarekin, baina, horrela da, blogean euskaraz idaztea dibertigarria suertatzen da. Galdetu, bestela.
  1. ...
  2. Txoko mordoa dago libre. Barka, erabilitako metafora gogoa kentzeko modukoa bada, baina, euskal blogosfera da hilerri eraiki berri moduko bat: horma-hilobi gehienak hutsik daude oraindik. Nahi dituzun gaiak, eta nahi duzun adarretik helduta landu ditzakezu. Segurutik, ez duzu inguruan antzeko larregirik aurkituko eta konturatuko zara berezia zarela.
  3. Troll gutxi dago. Euskaraz idaztea erabakitzen baduzu, askoz lasaiago biziko zara. Gure artean ere badira trollak, jakina, baina, ez dira asko. Esan beharra dago gainera, dauden gutxiak ez direla batere originalak eta, gehienetan, pizten direla politika kontuen bueltan.
  4. Alegiazko probintzia horretan topo egingo duzu lagun jatorrekin. Blogaren bueltan ezagututako askorekin ez zara sekula santan aurrez aurre egongo; baina, akaso, halako batean, ekitaldiren batean, horietakoren bat agurtu ahal izango duzu botatako iruzkin jakin hura aitzakia hartuta. Amodioa airean dago.
  5. Ez daukazu izan beharrik euskaltzain oso ezta urgazlerik ere. Denok gozatzen dugu bikain idatzitako testuekin, baina, ez dadila hori izan gaindiezineko traba. Ez da hain kontu larria egitea akats ortografikoren bat edo beste (edo behar beste). Gehienok izaten ditugu zalantza asko euskaraz idazterakoan. Lasai, kontu horretan ez dago presio handiegirik.
  6. Momentu altruista: lagunduko duzu tokia ematen euskarari. Sarean ere, euskara dena beharrean dago: eduki luzeak eta motzak, arinak eta sakonak, serioak eta txantxetakoak… Zeuk erabaki nondik jo. Prezioa, behintzat, ez dadila aitzakiarik izan, debalde da!
  7. Ego handikoa bazara, botikarik onena. Ohitu beharko duzu kopuru txikiak ikusten bisitarien estatistiketan, eta ikasi horiek aintzat hartzen. Buztan luze dontzu horretan, eskubiko azken koskan-edo pilatuta gaude denok. Oso bazter alai eta askea da, nolanahi ere.
  8. “Norbait” izatera iristeko aukera izango duzu. Euskarazkoa komunitate txikia izanik, beste edozeinetan baino aukera handiagoak dituzu nabarmentzeko. Hori bai, horretarako eskatuko zaizkizu originaltasuna eta izatea ukitu berezia.
  9. Ez duzu sinatu beharrik iraupen-konpromiso hitzarmenik. Nekatzen bazara, bertan behera utzi bloga, eta listo. Zeuk erabaki egun hori iritsita, agur mezurik botako duzun ala ez. A! berriro itzultzea erabakiko bazenu, eskuzabal hartuko zaituzte berriro ere: oso esker onekoa da euskal blogosfera eta dauka txakurkume baten umiltasuna.
  10. Oso cool da. Blog bat euskaraz edukitzea modernoa da eta ematen du itxura ona. Oso euscool da.


(ilaket blogean ere argitaratu dut hau)

Erantzunak

2013-01-26 : 11:05

Oso ona! "Hilerri berrietako hormena" gustatu zait! Kar kar kar! Nire komiki batzuk jartzen ari naiz blog honetan: http://mamufrikiak.tumblr.com/

2013-01-26 : 21:45

Alegia, blogak berriro daudela puri-purian. Oso ona, Goio.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago