Teknologia albisteak

Galdakaoko III. Oroimenaren Astea martxan da

Galdakao Gogora elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, Oroimenaren Astea antolatu du hirugarren urtez. Ekitaldiak maiatzaren 16an hasi eta hilaren 25ean amaituko dira. Jarduera guztiak debalde dira.

Edizio honetan ere irteera bi prestatu dira Galdakao eta Usansoloko Burdin Hesia bertatik bertara ezagutzeko. Lehenengo martxa maiatzaren 17an egingo da, eta Olabarri, Altamira, Azkarri eta Elexalde auzoetatik zehar izango da, eta bigarrena, maiatzaren 24an, Usansoloko Ordeñe, Arteta, Basabal eta Meatzetan. Hitzordua 9:00etan izango da, lehenengoan Udaletxe aurrean, eta bigarrena, Txapelenan. Galdakao Gogora elkarteko kideek bunker eta lubakien gaineko azalpenak eskainiko dituzte ibilbidean zehar.
Maiatzaren 20an, Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria Fundazioko presidenteak “Gerra Zibila Galdakaon” berbaldia eskainiko du, euskaraz, eta hilaren 22an, Aranzadi Zientzia Elkarteko Jimi Jimenez arkeologo eta ikertzaileak “Silenciadas y olvidadas. 13 años en la exhumación de fosas comunes” izango du berbagai, gaztelaniaz. Hitzaldi biak Gandasegin egingo dira, 19:00etatik aurrera.

Eta aste osoan, maiatzaren 16tik 25era, “Burdin Hesia Galdakao eta Usansolon, eraikuntza eta suntsipena” erakusketea ikusi ahalko da Gandasegin. Galdakao Gogora elkarteko kideek eurek ekoitzi dute lehenengo aldiz ikusgai izango dan erakusketa. Bunker eta lubakien irudi zahar eta garaikideak bildu dituzte, baita lekuen planoak eta GPS kokapenak ere. Astelehenetik barikura 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta zapatu-domekan, 10:00etatik 14:00etara.

77 urte armada faxistak Galdakao bonbardeatu zuena, erasorik larriena maiatzaren 19an izan zen, baina bai lehenago bai ostean, makina bat aldiz bota zituzten bonbak Galdakaoko herrian. Hildako ugari izan ziran, ume eta heldu, sarraski itzela.

Orain urte bi, 75. urteurrenean, Galdakao Gogorak eta Galdakaoko Udalak hilabeteko egitarau zabala antolatu zuten; berbaldiak, mahai-inguruak, Burdin Hesia ezagutzeko bisitak, erakusketak eta abar. Aurten ere, hirugarren edizioan, egitarau interesgarria atondu dugu, astebetekoa, maiatzaren 16tik 25ra bitartean. 2014an ere badaukagulako zer gogoratu.

Galdakao Gogora elkartearen helburu nagusia Oroimen Historikoa berreskuratzea da. Urteotako isiltasunarekin amaitzea da gure asmoa, herri honetan esan, egin eta pentsau ezin izan direnak argi adierazi. Mota askotako lagunek osatzen dugu taldea, adin eta sentsibilitate politiko ezberdinetakoek.  



III. Oroimenaren Astea

- Maiatzak 17
9:00etan, Udaletxe aurrean
Ibilaldia Galdakaoko Burdin Hesitik
Olabarri, Altamira, Azkarriko eta Elexalde auzoetako bunker eta lubakiak ikusiko ditugu. Ez da ibilnbide zaila, baina oinetako eta erropa erosoak ekarri.


- Maiatzak 16-25
Erakusketea Gandasegin
Astelehenetik barikura: 18:00etatik 21:00etara
Zapatu-domekan: 10:00etatik 14:00etara
“Burdin Hesia Galdakao eta Usansolon, eraikuntza eta suntsipena” erakusketa. Burdin Hesia osotzen zuten bunker eta lubakien inguruko erakusketa, argazki zahar eta berriekin, eta GPS kokapenekin.

- Maiatzak 20
19:00etan, berbaldia, Gandasegin
“Gerra Zibila Galdakaon” hitzaldia. Hizlaria: Iñaki Egaña historialaria eta Euskal Memoria Fundazioko presidentea. Euskaraz

- Maiatzak 22
19:00etan, berbaldia, Gandasegin
“Silenciadas y olvidadas. 13 años en la exhumación de fosas comunes” hitzaldia. Hizlaria: Jimi Jimenez (Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta ikertzailea)

- Maiatzak 24
9:00etan, Txapelena
Ibilaldia Usansoloko Burdin Hesitik
Ordeñe, Arteta, Basabal eta Meatzetako bunker eta lukabiak ikusiko ditugu. Ez da Ibilbide zaila, baina oinetako eta erropa erosoak ekarri.


Argibide gehiago behar izanez gero: galdakaogogora@gmail.com edo nagoreferreira@hotmail.com
Facebooken ere bagaude:  https://www.facebook.com/galdakaogogora.oroimenhistorikoa?fref=ts





Erantzun

Sartu