Teknologia albisteak

Berrehun ikertzaile gazte elkartu dira Zientzia Azokan

Erabiltzailearen aurpegia
2015-04-26 : 09:56
Bigarren Hezkuntzako 204 gazte elkartu ziren Bilboko Plaza Barrian larunbatean, egun osoz, Zientzia Azokan. Neskak ziren parte-hartzaileetatik % 58, eta mutilak gainerako % 42a. Hirurogeita bost taldek esku hartu dute ekitaldian, eta bakoitzak bere standa izan du, bisitariei beren proiektuen berri emateko.
Eguerdiko 12etan hasi eta arratsaldeko 8ak arte, egun osoz gozatu dute zientziaz gazteek: beren lanak jendaurrean aurkeztu dituzte, diplomak jaso, Elhuyarrek antolatutako gunean esperimentuak egiten ikasi, eta, amaieran, sariak jaso dituzte lan onenen egileek.

Zientzia Azokako stand-ak

DBH eta Batxilergoko ikastetxe hauetako gazteak izan dira Zientzia Azokan: Alaitz BHI (Iruñea), Arizmendi ikastola (Eskoriatza), Arrigorriaga BHI Institutua (Arrigorriaga), Askatasuna BHI (Burlata), Begoñazpi Ikastola (Bilbo), C.E. San Mames Peñascal Koop. Elk. (Bilbo), Eunate BHI (Iruñea), Hirukide Eskolapioak (Tolosa), IES Cruces BHI (Barakaldo), IES Plaza de la Cruz (Iruñea), La Anunciata Ikastetxea (Donostia), Lauaxeta Ikastola (Zornotza), Lauro ikastola (Loiu), R.M. Azkue Ikastola (Lekeitio). Horiez gain, Kataluniako Exporecerca azokan irabazle izan den Institut Thalassak ere hartu du parte Azokan.

Gai askori buruzkoak ziren aurkeztutako lanak, batez ere ingurumenaren eta osasunaren ingurukoak. Herritarren eguneroko bizimoduko zalantza eta arazoei konponbideak aurkitzen saiatu dira gazteak beren ikerketen bidez. Esate baterako, xaboiek zikinkeria kentzen duten aztertu du talde batek; soinuek landareen hazkuntzan duten eragina beste batek; ebolaren aurkako farmako bat aurkitzen saiatu da beste bat; baldintza ezberdinetan usteltzen ari diren zenbait gorputan agerturiko intsektuak ikertu ditu beste batek...

Lanik aipagarrienak


Azokan parte hartu duten gazte guztiek jaso dituzte diplomak, hauen eskutik: Begoña Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, eta Aitziber Lasa, Elhuyarreko Hezkuntza Zientifikoa arloko arduraduna eta Zientzia Azokaren koordinatzailea. Aurkeztutako lanetatik, hauek saritu ditu epaimahaiak:

  • DBH 1 eta 2: Lanik osoena

- Taldea: Little scientist
- Ikastetxea eta maila: Lauaxeta Ikastola, DBH2
- Lanaren izena:Tabakoa, gure biriken etsai nagusia?
- Aipamenaren arrazoiak: planteatutako gaia eta galderak egokiak dira, eta landutako metodologia nahiz emaitzak eta ondorioak emateko modua ere azpimarragarriak dira. Inguru hurbilean topatutako arazo bati heldu, eta inguruan ere egin dituzte galdetegiak eta ikerketak, ikaskide eta ikastetxea inplikatuz. Azalpenak ere oso argigarriak egin dituzte, oso bisualak.
- Saria ematen: Inés Jacob, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa.

  • BDH 3 eta 4: Lanik osoena

- Taldea: BetaBot
- Ikastetxea eta maila: Lauro Ikastola, DBH4
- Lanaren izena: Hezkuntzan komunikazio kanalak irekiz
-
Aipamenaren arrazoiak: hezkuntza-arloan komunikazioaren prozesua aztertu dute, oso modu eraginkor eta osoan. Ikerketa eta metodologia hainbat adibide ezberdinetan aplikatu dituzte, eta guztietan lortu eta azaldu dituzte emaitzak.
- Saria ematen: Jesús María Pintor, UPNA/NUPeko Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea.

  • Batxilergoa: Lanik osoena

- Taldea: McLovin Team
- Ikastetxea eta maila: Lauro Ikastola, Batxilergoa 2
- Lanaren izena: PCR teknikaren erabilera DNA aztertzeko
-
Aipamenaren arrazoiak: DNA zirkulatzailearen lagin txiki bat hartu eta hura anplifikatuz, hainbat aurrerapen eta teknika probatu dituzte. Lanaren planteamendua eta erabilitako metodologia nahiz proiektuaren komunikazioa oso egokia egin dute.
- Saria ematen: Fernando Plazaola, UPV/EHUko Ikerketarako errektoreordea.

  • Bio/osasun arloko lanik aipagarriena

- Taldea: Gu geu
- Ikastetxea eta maila: Lauro ikastola, Batxilergoa 2
- Lanaren izena: Baldintza ezberdinetan usteltzen den gorpuetan agerturiko intsektuen ikerketa
-
Aipamenaren arrazoiak: biologiaren arloan lan aipagarria da, lanaren orginaltasuna, planteamendua eta metodologia ere egokiak izan dira.
- Saria ematen: Joseba Jauregizar Bilbao, Tecnaliako zuzendari nagusia.

  • Komunikazio-arloko lanik aipagarriena

- Taldea: Txatxarramendi
- Ikastetxea eta maila: Lauro Ikastola, Batxilergoa 2
- Lanaren izena: Panpa landarea Bizkaiko lurretan: ezabaketa metodoaren bila
-
Aipamenaren arrazoiak: lanaren originaltasunaz gain, aurkezpen eta komunikazio bereziki landuata, prestatua eta eraginkorra egin du taldeak.
- Saria ematen: Miren Nekane Errasti Lozares, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile akademikoa.

  • Ekarpen handienaren aipamena

- Taldea: Zientzia Lauaxeta
- Ikastetxea eta maila: Lauaxeta, DBH3
- Lanaren izena: Nola moldatu klima-aldaketara
-
Aipamenaren arrazoiak: Gaurkotasuneko arazo bati erantzuten saiatu dira, eta teknika eta soluzio ezberdinak proposatu dituzte.
- Saria ematen: Eva Armesto, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko burua.

  • Zorroztasun metodologikoa

- Ordezkaria: Francesc Sabater Garcia
- Ikastetxea eta maila: Institut Thalassa, DBH2
- Lanaren izena: Bebidas energéticas: estudio y análisis de su composición y de los efectos de estas sobre diferentes modelos de organismos unicelulares y pluricelulares como modelo para valorarlos en el ser humano
- Aipamenaren arrazoiak: lanaren zorroztasun metodologikoa bereziki eta aho batez aipatu ditu epaimahaiak, bai eta lanaren planteamendua, metodologia, erabilitako teknikak, egindako laborategi-ikerketak, emaitzak eta aurkezteko modua ere. Proiektuaren aurkezpena egiteko posterra eta metodoaren aurkezpena ere bikainak izan dira.
- Saria ematen: Arantza Aurrekoetxea Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko sailburuordea.

  • Lankidetza-aniztasuna:

- Taldea: GO´S
- Ikastetxea eta maila: Begoñazpi Ikastola, DBH 4
- Lanaren izena:The multiple intelligences
-
Aipamenaren arrazoiak: lana egiteko lankidetza-eredu bikaina erabili dutela erabaki du epaimahaiak. Ikaskideak zein irakasleak inplikatu dituzte, baita eskolaz kanpoko pertsona eta erakundeak ere.
- Saria ematen: Xabier Díaz Silvestre, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroko zuzendaria.

  • Lanik sortzaileena/originalena:

- Taldea: Plasmalariak
- Ikastetxea eta maila: Lauaxeta Ikastola, DBH 3
- Lanaren izena: Plasma erabilgarria nola lortu
-
Aipamenaren arrazoiak: plasma bat sortu dute, material xumeak erabiliz, eguneroko erabilera duten materialekin. Oso ideia original eta gaurkotasun handikoa dela ondorioztatu du epaimahaiak.  
- Saria ematen: Maria Jesús del Blanco, Bilboko Udala, Bilbao Ekintzako Ekonomia Sustatzeko Arloaren zuzendari

  • Epaimahaiaren aipamen berezia:

- Taldea: Star Work
- Ikastetxea eta maila:C.E. San Mames, Peñascal Kooperatiba, DBH 2
- Lanaren izena: La evolución de las telecomunicaciones en el último siglo
- Aipamenaren arrazoiak: egindako lanaren ikuspegi eta ibilibide historikoa azpimarratu du epaimahaiak, lanaren kalitate eta aurkezpen erakargarriarekin batera.
- Saria ematen: Jose Luis Lekanda,IK4ko Komunikazio arduraduna.

Ikerketa- eta hezkuntza-arloetako zenbait gizon-emakumek osatu dute epaimahaia: Leire Cancio eta Maria Gil, Elhuyarreko kideak biak; Elvira González, Luis Carlos Zaballos eta Pilar Etxebarria, Hezkuntza Saileko aholkulariak; Joseba Laka, Tecnaliako ICT Dibisioko zuzendaria; Koldo Gondra, Gaiker-IK4ko Material arloko koordinatzailea; Arantza Villanueva, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen arloko zuzendaria; Miren Nekane Errasti, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile akademikoa; Urtza Garai, UPV/EHUko ikertzailea; Zaloa Campillo Espazio-eskola Elkarteko zuzendaria eta Xabier Díaz, BTEK Teknologiaren Interpretazio-zentroko zuzendaria.

Zientzia Azoka

Gazteek egindako proiektu zientifikoen erakusketa bat da Zientzia Azoka, eta Elhuyarrek antolatzen du. Ikasturtean zehar, aukeratutako gaiaren inguruan aritu da lanean ikasle-talde bakoitza: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen eta esperientzia berriak izaten. Lanaren emaitza: ikerketa-proiektu bat edo proiektu teknologiko bat. Lanak erakusteko aukera izan dute, Bilbon egin den azokan. Hainbat ikertzaile profesional izan dituzte bidelagun gazteek, lana bideratzen laguntzeko eta abenturak eta bizipenak partekatzeko.

 Gazteen artean zientzia-zaletasuna bultzatzeko, kultura zientifikoa sustatzeko eta hemengo eta gaurko zientzia hedatzeko tresna da Zientzia Azoka. Hainbat ikerketa-zentrok eta hezkuntza-alorreko erakundek lagundu dute Elhuyarrek antolatzen duen ekimen horretan: UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, Deustotechek, UPNA/NUPek, Tecnaliak, IK4k, BTEKek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta FECYTek; kolaboratzaileen artean Bilboko Alde Zaharreko Komertzianteen Elkartea ere izan dugu.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago