Teknologia albisteak

Hiru sari euskal ikertzaile gazte batentzat XVI Exporecerca Jove-n

Erabiltzailearen aurpegia
2015-03-29 : 10:21

Beñat Insunza Lauzirika bilbotarrak hiru sari jaso ditu estatuko ikerketa gaztearen erakustoki den eta martxoaren 26tik 28ra Bartzelonan ospatu den XVI Exporecerca Jove-n. Euskal ikertzaile gazteen ordezkaritza zeraman Lauroko ikasle izandakoak Elhuyarrek Bilbon urtero ospatzen duen Zientzia Azokatik, eta Yale Science and Engineering Association Inc.-ek “lan baten aurkezpen bikainenari” ematen dion errekonozimendua, Ingenia Motion Control enpresaren saria eta Kataluniako azokaren Jordi Domenech sari berezia jaso ditu, hiruak ala hiruak, lotailu gurutzatuaren apurketa saihesteko egindako bere lan zientifiko-teknologikoarengatik.

XVI Exporecerca Jove-k estatu osoko eta nazioarteko 116 ikerketa-proiektu eta proiektu teknologiko aurkeztu ditu aurtengo edizioan Bartzelonan, martxoaren 26tik 28ra. Euskal Herria ordezkatzeko, Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azokan Lauro ikastolako Beñat Insunzaren eta Gaizka Olabarriaren lana hautatu zuen epaimahaiak 2014ean. Eta aurkeztu diren lanen artean bigarren puntuaziorik handieneko lana izan da Insunzak aurkeztu duena, 9tik gorako batez besteko puntuazioarekin.

Josune Anasagasti eta Amaia Perez Lauro ikastolako irakasleek gidatu dituzte gazteak haien lanean, eta “bereziki pozik” agertu dira biak emaitzarekin. Izan ere, hiru sari jaso ditu lanak Bartzelonan: Yale Science and Engineering Association Inc.-ek “lan baten aurkezpen bikainenari” ematen dion errekonozimendua, Ingenia Motion Control enpresaren saria eta Kataluniako azokaren Jordi Domenech sari berezia.

Kirolaren esparruko lesiorik kaltegarrienetako bat saihesteko landu dugu proiektua; mikrotxip bat diseinatu dugu kirolarien lotailu gurutzatuaren apurketa saihesteko.” Izan ere, tibiaren eta femurraren arteko tortsioa angelu jakin bat baino handiagoa denean, lotailu gurutzatua apurtzeko arriskua dago, eta ugariak izaten dira lesio horiek kirolarien artean. Diseinatu duten mikrotxiparen bidez, belauneko muskuluak uzkurtuko lirateke tortsio jakin batera iritsi orduko, eta lesioa saihestuko litzateke, gazteek proposatu dutenaren arabera. Proiektua errealitatean inplementatzeko, urrats gehiago eman behar dira oraindik, baina gaur arte egindako prototipoarengatik jaso du errekonozimendu handia lanak.

Bartzelonara gaztearekin eta bere irakasleekin hurbildu diren Elhuyar Zientziako kideek ere pozez hartu dute albistea. Helburua Euskal Herriko gazteen zientzia-bokazioak piztea, gizartearen kultura zientifikoa sustatzea eta hemengo eta gaurko zientzia hedatzea dira, eta halako emaitzek bultzada handia ematen diete lan horri. Gogorarazi dute 2015eko Zientzia Azoka apirilaren 25ean larunbatarekin ospatuko dela Bilboko Plaza Berrian, eta gazteen zientzia-proiektuz beteko dela Plaza.

Insunzak, berriz, Brasilen jarraituko du urrian lan honen emaitzak zabaltzen, sari honen bidez Brasilgo Monstratec azokara joateko ateak ireki baitzaizkio.

Zientzia Azoka, gazteek garatutako proiektuen ekimena

Zientzia Azoka ekimena gazteek garatutako proiektuen azoka da. Ikasturtean zehar, taldeka, haiek erabakitzen duten gaiaren inguruan aritzen dira lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izaten da, eta ikasturte amaieran lanak azoka batean aurkezten dira, stand-etan. 12 eta 18 urte bitarteko ikasle gazteek har dezakete parte.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago