Ozen esan nahi dugu: ez zen EGUNKARIA AUZIRIK inoiz izan behar, eta auziak iraun badu ere 2010ean Madrilgo Auzitegi Nazionalean egindako epaiarekin behin betiko bukatu behar zuen. Jarraitu egin du ordea, eta hemen gaude. Zergatik?
Jatorrizko eragin politikoa ikusten dugu guk. Sineste osoarekin diogu. Eragin politikoa egon zen auziaren sorreran, 2003ko otsailean, antzerako beste hainbat kasutan bezala, eta eragin politikoa dakusagu orain, 2014an fiskalak berriro akusazioari eusten dionean.
Ez zaigu iruditzen Demokraziaren eta Zuzenbidearen ondorioa denik EGUNKARIA AUZIA, botere exekutiboaren estrategiaren eragina baizik.
Kaltea jada eginda dago, eta handia gainera. Euskal jendartearen memoria kolektiboan iltzatuta iraungo du EGUNKARIAren itxiera eta auziak. Kalte pertsonal eta sozial larriak egin dira jada, eta oraindik ez dira amaitu. Auzitegi Nazionalak berak absolbitu egin zituen auzipetuak, eta kalteen aitortza ere egin zuen hein batean. Ordainik ez omen da izango, ordea.
Justizia jada ezinezkotzat ematen dugu, dagoeneko legedi eta agintaritzarekin. Gaitzerdi beraz, injustiziaren sarraskia gelditzea behintzat, aurrera ez joatea, lortuko bagenu.
Nola lortu kalteari bidea moztea? Era bakarra dago: auzia dagoen horretan bertan behera utzita.
Auzipetuek ez dute merezi akusatuen aulkian eseri arazita gehiago zigortzerik, batzuek bigarrenez, ez eta absolbitzeko bada ere. Nahikoa da. Nahikoa pairatu dute. Ez gehiago luzapenik. Ez gehiago noraezik.
EPAIKETA GEHIAGORIK EZ EGUNKARIAri”.
Donostian, 2014ko iraila, EGUNKARIAren alde elkartea
Erantzun
Sartu