Teknologia albisteak

Goierriko Manifestua, enegarren manifestua

Erabiltzailearen aurpegia
2014-09-19 : 20:09

Irailaren 19rako antolatu du Kontseiluak ekitaldia, euskararen gainean GOIERRIKO MANIFESTUA deiturikoa azaltzeko. EUSKARAZ BIZI DEN GOIERRIREKIN EGITEN DUGU AMETS esanez hasten da zorioneko manifestu hori.

Eta horren aldeko arrazoiak ematerakoan, asmatu dute beste hitz berri bat, ARGUDIOTEGIA alegia, arrazoien multzoa. Guztiak ez, baina horietako batzuk aipatuko ditugu: «Goierriko eragile sozialak eta politikoak elkarlanean jarri dira erronka bati heltzeko». PSE-EE, PP, H1! eta EAJ-PNVk parte hartu al dute bada? EHBilduk EHBildurekin egin du elkarlana?

- «Euskararen normalizazioa bultzatzeko batzarraren eraketa ekitaldira deitu dute». Justu Eusko Jaurlaritzak euskararen inguruko eztabaida abian jarri duenean, non Kontseiluak berak parte hartzen duen eta, adostasuna bazterreratuz, hauteskunde usainean, bide paraleloei ekin nahian. Eta horretan EAJ-PNV ez dute bidelagun izango.

- «Goierrin hizkuntza politika berria inplementatzera goaz». Bejondeiela! 30 urte bete berri ditu Euskararen Legeak eta orain hasi behar dute?

EAB Euskararen Aholku Batzordean EH Bilduk ordezkari gisa izendatu duen Kontseiluak, hauteskunde atarian horrelakoekin hastea, sinesgarritasuna galtzen du. Euskararen izenean alderdikeriaz jokatzera, horretan ez gaituzte bidelagun izango inondik eta inora.

Hizkuntza politika «eragingarriagoa» dio. Ze neurrirekin? Non konprobatu du neurri horien eraginkortasuna? Ze oinarri tekniko dute?

- «Udalak eta herri eragileak elkarlanean arituko gara datozen urteotan». Ez al dira konturatu Goierriko udal gehienak herriko eragileekin batera urteak daramatzatela lanean, Euskara Biziberritzeko Planaren karira?

Noiz ahaztuko dituzte beraien konplejuak eta onartuko, lotsa gabe, beraiek ez ezik, herri honetan askok egin duela lan euskara biziberritzeko? Seguruenik askok nahiko genukeen baino motelago doa, eta seguruenik, baita ere, beste askok nahiko luketena baino azkarrago.

EAJ-PNV beti egon da hizkuntza politikaren inguruan adostutako akordio nagusi guztietan.

- «Arauak, plangintzak eta baliabideak  jarriko ditugu horren zerbitzuan…» Zergatik ez dituzte horiek denak manifestuarekin batera ezagutarazi bide batez? Non eta norekin kontrastatu dituzte? Ze kostu ekonomiko dute eta nola egingo diete aurre?

- «Orain arte egindako lanari bultzada handi bat eman nahi diogu. … arnasguneak hedatzea da Euskal Herri osoan normalizazioan aurrera egiteko bermea». Arnasguneak indartu eta berriak sortzeari orain 30 urte baino gehiago ekin zitzaion eta bidean EBPN, ESEP eta, berriki, Euskararen Agenda Estrategikoa erabili dira bide hori egonkortzeko.

Ahaztu gabe, Nafarroan eta Iparraldean zituzten/dituzten erronken aurrean Jaurlaritzak abiatutako ekimenak egin duten bidea. Arnasguneak hil ala bizikoak direla aspaldiko kontu da; ZER baino, NOLA jokatu da arazoa, eta hori ez dute inoiz argitzen. «POSTUREOTIK» harata, eguneroko lanetik behar du jan euskarak.

- «Prozesu parte hartzailea hasiko dugu… gizarte eragileetako arduradunak eta udaletako ordezkariak egongo dira…» Hasiera kaskarra da oposizioko zinegotziek ekimenaren berri ez izatea, hain parte hartzailea egin nahi badute prozesua!

Urteak joan, urteak etorri, EAJ-PNV zegoen erakundeek ez omen dute ezertxo ere egin euskararen normalizazioaren alde; horixe izan da ezker abertzalearen leloa urte horietan guztietan.

Goierriko udaletan hiru urte  eta erdi gobernuan «pasa» ondoren, proposamen berri bakar bat ere ez dugu ikusi. Non daude ideiak, lana, aurrerapausoak, jendea euskarara erakartzeak? Hori al zen guztia? Hauteskundeak ate-joka ditugun honetan betiko estetika, enegarren manifestu, azterketa, ekimena… ? alferrik galdutako hiru urte  eta erdi.

Euskaltzale garenontzat etsigarri suertatzen da, oraindik orain, edonor aspertzerainoko estrategietara makurtu nahi araztea eragile edo politikari, euskaraz bizi nahi duen oro.

Esan bezala, manifestu horrek eman beharko lituzke irtenbideak, nondik norakoak, edo Jaurlaritzak ezarri dituen planen, lehentasunen, lanen gaineko aipuak, iritziak, bideak.

Baina ez! Ez dago horrelakorik! Goierri euskararen arnasgune bihurtu nahi omen dute!

Bada, ongietorriak! Guk, urteotan guztietan egin dugun lanarekin segituko dugu, manifesturik gabe, baina lan eginez!

Goierriko EAJ-PNV

Erantzun

Sartu