Teknologia albisteak
1

Grezia: zergatik da jasanezina Giannis Varufakis europarrentzat?

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-15 : 09:01

Eurotaldeak gainetik kendu nahi du Finantza ministro grekoa, baina ez haren “estiloagatik”, ezpada desadostasun sakonagoengatik. Artikulu hau La Tribune egunkarian argitaratu zen 2015/05/12an (jatorrizkoa, frantsesez), eta Romaric Godin egilearen baimenaz egin dut itzulpena.

Badirudi nahitaez egin beharreko ariketa bihurtu dela Europako gaiez diharduten kazetari guztientzat. Aste batzuetatik hona, egunkarietako orriak beteta daude Greziako Finantza ministro Giannis Varufakisen kontrako artikuluez. Azkenekoa Le Monde erreferentziako egunkari frantsesean argitaratu da, azalean hitz hauekin iragarrita: “Varufakis jaun gogaikarria dela eta”.

Europa gogaiturik

Artikulu hauek eskema bera izan ohi dute: gizonaren begi bistako gaitasuna aitortzen da (zaila da ezaugarri hori zalantzan jartzea, aldi berean ekonomia egunkarien ohiko “bezeroena” ere zalantzan jarri barik), baina esaten da jasanezina dela eta zeharo ezgauza negoziatzeko.

Gero Bruselatik heldutako aipamen ugari ekartzen dira, erakusteko noraino den “gogaikarria” Europako funtzionario eta kargudunen begietan ekonomialari greko hau, bere alkandora koloretsuekin, jakintsu airearekin eta “ego sendoarekin”.

Haren delitu nagusia da, Bruselaren begietan, ez dela aldatu eta “arrastoan sartu”. “Iturri europar batek deitoratzen” duenez, maiatzaren 12ko Le Mondeko artikulura itzuliz, Varoufakisek uko egin dio jarraitzeari bere aurrekari eta Pasokeko buru Evangelos Venizelosen bideari. Hura bai, hura “aldatu” egin zen.

Amaitzeko, ministroak “rock star” baten irudia dauka, hedabideen eguzkiak erremediorik gabe erakarritako Ikaro mediatiko batena. Lerro artean, irakurlea konturatzen da Giannis Varufakis hau jasanezina baldin bada, hori dela bere “showa” egiten dabilen axaleko narziso bat besterik ez delako, eta haren funtzio bakarra izango dela imintzio batzuk egitea negoziazioei telesail amerikar baten interesa emateko. Hitz bitan, ministro hau pailazo moduko bat baino ez da, erabilgarria une batean, baina modaz pasatuko dena.

Europak Giannis Varufakisen kontra eratutako storytellinga

Irudi hau Eurotaldeak eta Batzordeak eraiki dute kontu handiz Txiprasen gobernuaren lehen egunetatik. Eurotaldeko buru Jeroen Dijsselbloemek ez du inoiz ezkutatu ezin izan zuela irentsi urtarrilaren 30eko “umiliazio” hura, Giannis Varufakisek patxada handiz iragarri zuenean, haren harridurarako, troikarenak egin zuela.

Storytelling honen gailurra izan da apirilaren 25eko Rigako bilera, non ministro grekoari bere hamazortzi kideek leporatu dioten blokeoaren arrazoia izatea. “Storytelling” hori bera ehuntzeari lotu zaio ardura handiz Jeroen Dijsselbloem maiatzaren 11ko iluntzean, behin eta berriz azpimarratzean negoziazioek "aurrera” egin dutela, behin rock izarra desagertu ondoren.

Baina hau dena kezko hesi bat besterik ez da. Alexis Txiprasek argudio bat kendu nahi izan die lehenbailehen hartzekodunei. Harrez gero, negoziazioek ez dute benetan aurrera egin. Egoera lehengo bera da: negoziazioek ez dute aurrera egiten Greziak ez duelako amore ematen. Giannis Varufakisekin edo gabe, blokeoa hortxe dago: Greziak jarraitzen du uko egiten hartzekodunek eskatzen dizkioten pentsioen eta lan merkatuaren “erreformei”.

Arazoa ez zen benetan Giannis Varufakis. Haren gaitzespena Greziako gobernu berriaren gaitzespen politikoaren gaitzespenaren sintoma zen.

Europa, ispilu garratzaren aurrean

“Varufakis arazoaren” gakoa, beraz, beste nonbait dago. Hainbat ertz dauzka.

Lehenengoa da ministro-ekonomialaria deliberatuta dagoela bere kideak beren erantzukizunen aurrez aurre jartzeko. 2010ean Giannis Varufakis “erreskatearen” aurka azaldu zen, uste zuelako, eta ez arrazoirik gabe, Le Minotaure Planétaire/El minotauro global liburuan nabarmentzen zuenez, “Europaren botikak okerragoak dir[el]a gaixotasuna baino”. Hortaz, berarentzat premia handikoa zen —eta horretarako izendatu zuen Alexis Txiprasek— “programaren” logikarekin haustea, logika horrek kiribil deflazionista batera eraman zuelako Grezia, eta neurri handi batean haren ekoizpen gaitasuna suntsitu.

Giannis Varufakisen kideentzat onartezina da 2010etik indarrean dagoen logika hori kolokan jartzea. Hasteko, Eurotaldearen zimendua delako, eta Eurotaldeak ez du sekula politika horri buruzko mea culparik kantatu. Baina batez ere politika horrek kolokan jartzen zuelako Europaren beste kontakizun bat: Greziako ekonomia suspertu egingo dela “azkenean fruitua emango duten erreformei” esker. Alabaina, Giannis Varoufakisek, ekonomialari ona izanik, ondo baino hobeto daki “suspertze” hori aldi berean hauskorra eta itxura hutsezkoa dela. Bakealdian sekula ikusi bako hondamendi ekonomiko baten ostean, Europa mailako inbertsio esfortzu eskerga batek eta zorraren berregituratze zabal batek baino ez dute benetan lagunduko herrialdea artezten. Baina ikuspegi hori Eurotaldean nagusi den pentsakeraren kontra doa: beharrezkoa da purga bat eta amaieraraino aplikatu behar da, harik eta “hazkunde osasuntsua” etorri arte.

Hortaz, Giannis Varufakis gorputz ideologiko arrotz bat da Eurotaldean, Europari begi aurrean jartzen diona 2010etik egin dituen erroreen ispilu higuingarria. Greziarekiko politika aldatzea eskatzean, ministro greziarrak kontzientzia txar jasanezinaren forma hartu du, austeritatearen ostean omen datorren susperraldi eguzkitsuaren mitoa haustera etorrita.

Eta, okerrena, tematu egiten da. Eta hori da Le Mondek aipatutako “iturri europarraren” deitorearen muina: 2011n Evangelos Venizelos ere saiatu zen errore horietaz ohartarazten. Baina, zorionez, arrastoan sartu zen. Eta horrela jarraitu ahal izan zen Grezia hondoratu duen politika zentzugabe horrekin.

Lau urte geroago, Giannis Varufakisek ezin du onartu errore bera egitea. Eta horregatik baztertu beharrekoa zen.

Justizia sozialaren obsesioa

Zergatik tema hori? Batez ere, ministroak obsesio bat daukalako —eta hori da haren bigarren akatsa hartzekodunen iritziz—: justizia soziala. Bere ustez, orain bost urtetik hona Grezian aplikatzen ari den austeritatea pobreenek ordaindu dute batez ere.

Azterlanek, bestalde, arrazoia eman diote. Badaki suspertze horrek berez ezer gutxi egin lezakeela egoerari buelta emateko, eta, horretan ere, behehalako neurriak eskatzen ditu. Horregatik eskatu du behin eta berriro bere agintaldiaren lehen bi hilabeteetan, “krisi humanitarioaren” gaia Eurotaldearen eztabaidetan sartzea. Haren xede aitortua politikoa da: pobreziaren hedapenak eta klase ertainen pauperizazioak jokoa egiten diete, zalantza barik, muturreko jarrerei.

Beraz, ministro grekoaren jarrera sinplea da: Europak baliatu behar du Syrizaren garaipena haren proposamen “moderatuak” entzuteko, Egunsenti Urrekararen moduko muturreko alderdiekin aritu nahi ez badu. Halaxe ohartarazi zuen otsailaren 5ean Wolfgang Schäubleren aurrean:

Gauean nire herrira itzultzen naizenean, aurkituko dut legebiltzar bat zeinaren herena ez den alderdi neonazi bat, alderdi nazi bat baizik.

Baina diskurtso hori entzunezina da Eurotaldean, hain zuzen uste duelako grekoak dagoeneko badaudela muturreko alderdi baten eskuetan, eta alderdi hori bezatu beharrekoa dela (apirilean goi funtzionario batek adierazi zuen Alexis Txiprasek hautsi egin behar duela bere alderdiko ezker hegalarekin). Euroguneko ministroentzat Egunsenti Urrekara ez da xantaia bat baino haiek amore ematera behartzeko.

Baina, batez ere, pobreziaren trataera “soziala” da errore bat europarrentzat. Hor ere ideologia bete-betean sartzen da. Eurotaldearen ikuspegitik, pobreziaren aurkako borroka gero dator berez, ekonomiaren saneamenduaren eta liberazioaren ondorio bat da. Elementu bi horiek aberastasuna sortzen dute, eta aberastasun hori, in fine, ekonomiaren behe-beheko geruzetaraino hedatzen da. Beraz, pazientzia eduki behar da. Areago: arazo honen tratamendu “sozial”oro traba da beharrezko mutazio “estrukturalerako”, Estatuaren rola handitzen baitu eta distortsioak sortzen lan merkatuan.

Laburbildurik, Giannis Varufakisen eskakizunak onenean ez dira miserabilismoa baino, eta okerrenean, populismoa. Ideologia horren begi bistako froga bat eduki genuen martxoaren erdialdean, Europako funtzionario bat saiatu zenean krisi humanitarioaren aurkako legea geldiarazten.

Gai honetan Giannis Varufakisek lortu du hartzekodunei nagusitzea: legea onartu da. Baina garaipen partziala baino ez da: pobreziaren aurkako borrokak politika aldaketa bat eskatzen du, eta, hortaz, programaren logika bera kolokan jartzea.

Arazo pertsonal baten atzean, amildegi ideologikoa

Giannis Varoufakisekiko hirugarren desadostasun puntua: bere koherentzia, larrutik ordaindu duena. Ministro greziarrak ez ditu sekula bere helburuak bazter utzi. Maiatzaren 11n oraindik errepikatu zuen Atenasen bi “marra gorriak” direla gurpil zoro deflazionista gelditzea eta esfortzua hobeto banatzea. Labur esanda, lehengo desadostasun puntu biak.

Bere erreforma zerrenda guztietan —Eurotaldeak guztiak baztertu ditu— hartu ditu kontuan bi elementu horiek: zergen banaketa bidezkoago bat, enpresen eta aberatsen zerga ihesaren kontrako borroka, enpresa ertain eta txikien eta partikularren zerga atzerapenetarako tratamendu bat abian jartzea ekonomiaren suspertzea bultzatzeko…

Zerrenda hauen bazterketaren muina, eta Giannis Varoufakisek sortzen bide duen erresuminarena, benetan ez dira ministroaren alkandora koloretsuak edo haren rock izar itxura informala. Haren oinarri ideologikoak dira. Hartzekodun europarrek ez dituzte beren iraganeko erroreak onartu gura, horrek beren logika ekonomikoaren zimenduak hondoratuko lituzkeelako. Beraz, ezin dituzte onartu Giannis Varoufakisen jarrerak. Bere izen ona belzteko borondatea ez zaio zor, beraz, logika pertsonal bati.

François Hollanderen 2012ko irakaspenak

Askok, baina, zalantza egiten dute ministro grekoaren estilo "oldarkorregiaz". Kritika izaten da Giannis Varufakisi “sen politikoa" falta zaiola, ez baititu onartu Bruselan indarrean dauden arauak, itzuri egin baitie.

Hala ere, hori erraz azaltzen da aurrekari frantsesa gogoan hartuz gero. Hauteskundeak baino hamar egun lehenago Giannis Varufakisek La Tribuneri emandako elkarrizketa batean azpimarratu zuen legez, François Hollanderen hautapenaren ostean etorri zenak aztarrena utzi zion. Ministro grekoaren arabera, Hollande ez zen “saiatu ezer egiten” austeritatearen logikaren kontra. Ondorioz, presidente frantsesak 2012an erabilitako akordioen estrategia, frakaso galantarekin amaitu zena ("hazkunde itun" famatua, zeinaren existentzia frogatzeke dagoen), saihestu beharreko estrategiaren eredu bihurtu zen.

Blokeo ideologiko baten aurrean, ministro grekoa ahalegindu da erabakia behartzen hasieratik neurri gogorrak hartuz, hala nola troikaren deuseztapen unilaterala. Estrategia horren arrakasta ez da segurua, baina argi dago ataka batean jarri dituela europarrak, aurrez aurre paratu baititu beren itxitasunaren azkeneko ondorioekin.

Estrategia europarraren errealitatea

Egia esan, gogortasun horren atzean, Giannis Varufakisen jarrera moderatuenetako bat zen Syrizaren baitan. Ministro grekoa beti izan da eurogunetik irtetearen aurkakoa, beti proposatu du irtenbide europarra arazo grekoarentzat.

Esaterako, Alexis Txiprasek Kostas Lapavitsas izenda zezakeen, Syrizako ekonomialari bat, argi eta garbi dagoena zorra ezeztatzearen eta eurotik irtetearen alde. Hartzekodunak izuak jota egongo ziren.

Giannis Varufakis suntsituz, europarrek agerian jarri dute beren helburua: ez da “akordio” arrazoizko batera heltzea, baizik eta arrastoan sartzea komeni ez zaien gobernu bat. Minotaure Planétaire/El minotauro global liburuaren hitzaurrean Giannis Varufakisek dioenez, “Aspaldi da Europar Batasunak ohitura hartu zuela demokrazia luxutzat eta trabatzat hartzeko”.

Erantzunak

2015-05-16 : 18:02

Artikulu ederra, Giannis Varufakis hobeto ezagutzeko. Argi dago Varufakisek europarrak ataka batean jarri dituela. Ez du amore eman , beraz Eurotaldearentzat sobran dago. Pobreen alde egiteagatik. Esker mila Ana I. Morales

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago