Teknologia albisteak
4

Euskaltel ez da ari ondo jokatzen Wifi kolektiboaren auzian

Erabiltzailearen aurpegia
2015-03-19 : 10:15
Azken egunotan Euskaltel Wifi Kalean zerbitzua iragarri eta abiatu du Euskaltelek. Bezeroen wifi routerrek beste seinale bat ere banatzen dute "euskaltel_WiFi_kalean" izenarekin, paretik pasatzen den Euskalteleko mugikor erabiltzaieentzako. Sustatun eta blogetan ere aipatu izan da aste honetan, eta Euskalteleko erabiltzaileak kexu dira, enpresaren beraren foroan edo Twitterren ikus daitekeen moduan. Nire iritzia ere eman nahiko nuke, Euskaltelen bezero naizen aldetik.
Euskaltelen fibrako erabiltzailea naiz, eta pozik nago zerbitzuarekin; eta baliabideak partekatzearen aldekoa ere banaiz. Baina ez zait gustatu publizitate kanpaina, ez zait gustatu erabiltzaileoi galdetu ez izana, eta ez zait gustatu azalpen teknikorik ez ematea (eta eman dutenean garbiak ez izatea).

Izan ere, uste dut Euskaltel ez dela ari garbi jokatzen kontu honekin. Egindako guztia legezkoa izango da, baina ez oso zuzena, nire ustez. Puntu ilunak ikusten dizkiot.

Publizitate ez erabat zuzena

Publizitatean badirudi 128.000 sarbide puntuz osatutako sare berri bat zabaldu dutela. Ez da horrela. Bezeroen ekipoak ari dira erabiltzen. Ez dut esango ez daukatenik eskubiderik, baina gutxienez aitortu beharko lukete.

Routerrak konfiguratu dituzte abixatu gabe

Etxeko routerrak birkonfiguratu dituzte bezeroa enteratu gabe. Zerbitzu berri hau konfiguratzeko etxeko routerrak urrunetik birkonfiguratu dituzte. Hau egin dezakete arazo tekniko eta erroreak konpontzeko aitzakiarekin. Baina, erabiltzaileak jakin beharko luke.

On by default. 

Benetan uste dut horrelako zerbitzuak defektuz desaktibatuta egon beharko liratekeela. Bezeroari azaldu, abantailak azaldu eta berak nahi baldin badu aktibatu dezala. Aldiz kontrakoa egin dute. Defelktuz aktibatu eta nahi baldin baduzu eskatu desaktibatzeko. Arrazoia argia da, bezero asko ez dira enteratu ere egingo eta baja kopurua askoz txikiagoa izango da. Aldiz kontrako politikarekin bezero bakoitza konbentzitu beharko lukete. Berriro diot, bata zein bestea legezkoak izango dira, baina ez zait zuzena iruditzen.

Kontratuaren klausula. 

Aurreragoko hile batean sartu zuten zerbitzu hau aktibatu ahal izateko beharrezko aldaketa kontratuan. Legeak horrelakoetan hilabete aurretik abisatzeko derrigortasuna ezartzen du, eta horrela egin zuten. Dena dela, uste dut hemen ere ez zutela zuzen jokatu. Abisua ematerakoan ez zuten bidali zein zen baldintzetan egiten zen aldaketa, eta ez zuten ezta ere azaldu aldaketa horren zergati eta helburua. Berriro ere legala, baina ez zuzena.

Klausula malgua

@pearreituk ( https://twitter.com/parreitu/status/57683256641... ) izandako mezu truke batean, Euskaltelek kontratuko bostgarren puntua aipatzen du bere jardunaren legezkotasuna erakusteko. Hemen ikus daiteke kontratua: 

http://www.euskaltel.com/webektest/Galeria/Docu... [erdaraz]

Bostgarren puntu horretako zati honek baimentzen omen ditu zerbitzua modu honetan aktibatzera:

"Euskaltel se reserva el derecho de configurar los equipos WIFI de su propiedad, facilitados en régimen de alquiler al CLIENTE ,para permitir un uso concurrente en comunidad por parte de los clientes adheridos a dicha comunidad WIFI"

Idazkera malguegia iruditzen zait. Horren arabera nahi dutena egin dezakete nahi dutenean. Ulertzen dudanez, nahita nik baja eskatu, idazkera horrek berriro aktibatzea baimentzen die (horrela nahi baldin badute), edo _WIFI_PEORAN_ kanpaina martxan jartzen dutenean, berriro beste zerbitzu bat aktibatzera (nik berriro baja eskatzeko), edo... dena den ez naiz legean jakituna eta ziurrenik oker egongo naiz (espero dut oker egotea)

Kongestioak

Behin eta berriro ari dira esaten zure konexio abiaduran ez duela eraginik izango. Erdizka kontatutako egi bat iruditzen zait. Konexio abiadura teorikoan ez da izango aldaketarik, baina:
  • Zure gailuan azpiko tabernan dauden 200 erabiltzaile konektatzen bazaizkizu, zure hardwareak lan dexente izango dut kudeaketa hori egiten
  • Antena bakarreko routerra baldin badaukazu, baliabideak bi sareen artean banatu beharko dira. Hortaz, nahiz eta routerrak kablearen aldean bi sareetako trafikoa diskrimitatu, botila lepoa WIFI hardwarearen erabileran dago. 

Laburbilduz

Euskaltelen fibrako erabiltzailea naiz, eta pozik nago zerbitzuarekin. Fibraren egonkortasuna gustatzen zait. Baliabideak partekatzearen aldekoa ere banaiz. Ez nuke arazorik izango nire adostasuna eskatu izan balute eta garbi jokatu, baina ez dute horrelakorik egin, eta ez zait batere gustatu. Ez zait gustatu publizidade kanpain, ez zait gustatu azalpen teknikorik ez ematea (eta eman dutenean garbiak ez izatea) eta ez zait gustatu galdetu ez izana.

Erantzunak

2015-03-20 : 23:43

Formetatik fondora...

Ekimenaren kontra irakurri dudan guztia komunikazio politika desastre baten ondorio besterik ez da. Bale, ez dizute aurrez behar den fundamentuarekin informatu. Ados.

eta?

Horregatik elkarbanatzea ukatu, baliabidea aprobetxamenduari uko, eta egoskor mugatzaile bihurtu behar al gara?

Librezale izaera batetik abiatuz ekimena itzela da.

Inkoherentzia deritzot guifinet edo FON ekimenak (badakit ez direla parekoak) defendatzea eta honi uko egitea.

Ni ez naiz Euskaltelekoa landa-auzoetan inbertitzeko asmorik ez du eta. Beraz albotik begira nabil. Beharbada zerbait gehiago dago?

Gainera, gauzak ONDO egitera behartzearen aldekoa naiz, zergak ezin baitira borondatezkoak izan, birziklatzea ere ez eta motorrean kaskoa eramatea ezta ere.

2015-03-21 : 22:02

Zure argudioek harridura puntu bat eragin didate,

Librezale izaera batetik abiatuz ekimen itzela? Zergatik ba? Enpresa pribatu bateko produktu bateko erabiltzaile diren batzuk wifi sare hori erabili ahal izango dutelako? ez da nik librezaletasunaz daukadan ikuspuntua.

FON eta Guifi.net aipatzen dituzu, naiz eta berdinak ez direla badakizula esan. Noski ez direla berdinak. Bata zein bestek sortzen dituzten sareak edonork erabiltzeko modukoak bait dira (FON jatorrian bai behintzat, egun pista galduxeago daukat). Ez da berdina gertatzen Euskalteleko sarearekin.

Zergak, birziklatzea eta bide segurtasuna platera ateratzearekin ere ez nago ados, berriro ere aurreko guztiek denontzako onura daukate, ez horrela Euskaltelen sareak.

Behin zure argudioekin daukadan desadostasuna azalduta, esan ez nagoela baliabideak partekatzearen kontra (hasieratik esan dut), baina horrelako mugimenduek eragin dezaketen kontrako jarrera errex aurreikusi daitekeela uste dut, eta horregatik harritu eta haserretu nau izandako jarrerak.

2015-03-21 : 22:30

Aupa Ander, ez nator bat zure adierazpenekin...

Bezeroari lehenagotik eta informazio zuzen eta zehatza ez ematearena ez da Euskaltelek ekimen honetan egindako akats xinple eta barkagarria.

Euskaltelek lehenagotik ongi aztertua zeukalako hartu du horrela jokatzearen erabakia eta horregatik larria iruditzen zait bezerook komunikazio politika oker bat besterik izan ez dela kritikatzea.
Bazekiten, ekimena abian jarri duten egoera eta baldintzekin aldez aurretik bezeroak informatu izan balituzte eta abian jartzeko hauen onartze esplizitua eskatu izan balute, bezero gehienek ez zutela beraien onarpenik emango; hori dela eta, legeak horretarako zirrikitu irekia eskaintzen diela jakinik, izkutuan eta bezeroen onarpen espliziturik gabe alde bakarreko kontratu aldaketa egin dute. Horregatik iruditzen zait larria, gazteleraz esaten den bezala 'con nocturnidad y alevosía' hartutako erabaki bat, komunikazio akats bat bezala soilik geratzen ari delako.

Orain garrantzitsuena: Zergatik nere ustez bezero gehienek ez lukete onarpen espliziturik emango? Arrazoi bakar eta indartsuarengatik, kontratu aldaketarekin irabazten ateratzen den bakarra Euskaltel delako. Modu honetan, azpiegitura berririk ezarri gabe eta inbertsio minimo batekin, gainontzeko teleoperadora mugikorrekiko abantaila komertziala lortzen du Euskaltelek.
Eta bezeroak ze 'onura' lortzen du? Gainonontzeko WiFigune 'irekiak' erabiltzeko aukera? Hori al da Euskaltelek ekimen honekin lortzen duen onura izugarriarengatik bezeroak lortzen duen onura hondarra? Horrekin konformatu behar al du?

Sistema honekin, Euskaltelek WiFigunerako gailuak ezartzeko lekuen kudeaketa edo alokairua aurrezten du, hauek abian eduki ahal izateko behar den argindarra aurreztu eta bezeroak ordaintzen du, eta konexioan erabiltzaile gehiegi eduki eta konexioa kaltetzeko arriskua bezeroak jasaten du, konexioa osoki ordaintzen (eta ez merke) duen bezero koitaduak.

Parekotasunik al dago Euskaltelek lortzen duen onura eta bezezoak lortzen duen onuraren artean?

Euskaltelek beste modu batera jokatu zezakeen, onarpen esplizitua ematen zuten bezeroei honen truke abiadura handitzearen eskeintza eginez; edo hobe, hileko kuota merketzearena eginez; edo hobe oraindik, konexioaren abiadura haunditu edo kuota merketzearen arteko erabakia bezeroaren esku utziz.
Horrela bai, aldez aurretik, ekimenaren zehaztasun guztiak azalduz eta ekimenaren onura bi aldeen artean banatuz bai. Ez ezkutuan eta onura garrantzitsuenak enpresaren aldera bideratuz.

Bestalde, ekimena horren modu zatarrean eginda, egoera diskriminatiboak ere sortu ditu. Ekimenaren 'pisua' jasaten dutenak, 'fibra' edo banda zabaleko konexioa duten bezeroak dira eta 'onura' lortzen dutenak aldiz, mugikorren kontratua daukaten bezeroak. Honekin Euskaltelek banda zabaleko kontratua beraiekin daukaten guztiek, mugikorren kontratua ere beraiekin daukatela suposatzen du, banda zabaleko konexioa partekatzearekin jasaten duen kaltea, mugikorra beste WiFiguneetan erabiltzeko aukerarekin konpentsatuz.
Baina zer gertatzen da banda zabaleko konexioa Euskaltelekin daukaten eta mugikorra beste teleoperadora batekin daukaten bezeroekin? Edo banda zabaleko konexioa soilik daukaten bezeroekin? Beraien banda zabaleko konexioa partekatu eta onurarik lortu ezin duten bezeroekin?

Galdera hori eginda, oso argi erantzun zuten twitter bidez:

Galdera: https://twitter.com/gipuzkoashare/status/578879506959695872 eta erantzuna: https://twitter.com/euskaltel_sa/status/578879709070663680

Argi eta garbi. WiFiguneneak erabiltzeko aukera nahi baduzu mugikorra beraiekin kontratatu beharko duzu, nahiz eta haiek zure banda zabaleko konexioa beraien onurarako erabili.

Bai, Euskaltelek norberaren WiFia partekatzeko aukera eragotzi daiteke nahi izan ezkero, baina zenbatek dakite Euskaltel ixilka bere konexioa erabiltzen ari dela? Eta horietatik zenbatek dakite eragozteko aukera dagoela? Eta eragozteko nahia izanda ere, zenbatek erabiliko dute aukera hori efektiboki? Hori da Euskaltelen jokaldia, lehendabizi WiFigune guztiak piztu eta ondoren itzaltzea eskatzen duten bezero gutxirena itzali eta denboralea lasaitzen utzi. Bikaina!

Bestalde, Ander, Euskaltelen ekimena librezale edo partekatze filosofiarekin erlazionatzen duzu, FON edo guifi.net aipatuz eta nere eritziz, filosofia eta helburu desberdinak nahastutzen dituzu erabat.
FON eta Euskaltelen ekimena, ekimen komertzial hutsak dira; ez dute inolako pertekatze helbururik honek eman dezaken irabazi ekonomikorik ez badago behintzat. Euskaltelen kasua, ixilka eta hauen oneritzi espliziturik gabe, bezeroen konexioak beste bezeroekin soilik partekatzeko zerbitzu gehigarri bat besterik ez da; FONen kasuan aldiz, FONen WiFigune bat erabili ahal izateko, konexioarengatik ordaindu beharra dago edo bestela, norberaren konexioa FON konexio bezala partekatu. Hortik haratago, ez daukate helburu edo izaera librezale, partekatzaile edo sozialik.

Guifi.net-en kasuan aldiz,libre, aske eta neutralki erabilgarri diren telekomunikazio azpiegitura edo sare komunak sortzen dira modu partekatuan. Honen bidez eta beste gauza askoren artean, internet konexio partekatuak, edozeinentzako erabilgarri diren WiFigune irekiak eta beste hainbat eta hainbat zerbitzu garatu daitezke, beste ezeren gainetik partekatze filosofia izanik. Guztia saku berean sartzea, latxak eta merinak nahastea bezalakoxea da.

Laburtuta, Euskaltelen bezeroentzako soilik den ekimen bat ezin daiteke onartu ekimen librezale edo partekatzaile bezala, erabateko ekimen baztertzaile eta komertzial huts bat besterik ez denean.

Filosofia edo helburuaz gain, segurtasun eta pribatutasun aldetik ere duda itzelak sortzen zaizkit. Alde batetik, ez da bezeroaren sare pribatuaren eta kanpoko erabiltzaileen sare publikoaren arteko bereizketaren inguruko informazio gehiegirik eman. Bi sareak bereizita daudela bai, baina erabiltzen den gailuaren prestazio ahulak jakinda, ikusteke legoke zein punturaino dauden isolatuak bi sareak.

Beste aldetik, oso jakina da gaur egun merkataritza arloan zein garrantzitsuak diren erosleen nahi eta zaletasunak erakustarazi ditzaketen datu iturriak, horien artean, bezerogaien kalez kaleko mugimenduedo inguru edo plaza jakin batean irauten duen
neurketek. Azpiegitura propioa daukaten mugikorren 4 teleoperadoreek (Movistar, Orange, Vodafone eta Yoigo) badauzkate neurketa eta azterketa horiek egiterik, bezerogaien telefono mugikorrak konektatzen diren telefonia antena desberdinak eta denborak jakinda. Datu horiek balio ekonomiko izugarria daukate merkatuan eta nik neuk ez nuke eskua jokatuko, datu horien salmenta eta merkataritza egiten ez dutenik.
Euskaltel bezalako teleoperadora birtualek aldiz ez dute datu horiek edukitzerik, baldin eta telefonia sistema beharrean, oso WiFi sare handi, edatu eta atomizatua badaukate.
Nahiz eta WiFigune hauetara konexio osoa ez egin, ingurutik pasatzen diren mugikorren 'nortasun zenbakia' (MAC-a) jaso eta aztertuz, mugikorraren jabearen mugimendu esanguratsuenak jakin eta iragartzeko gai izan bait daitezke... Kasualitez, Euskaltelek orain daukan bezala...

Pixkat maltzur jarrita, merkataritza arloan mugimendu eta lokalizazio datu horiek eduki dezaketen balioaz ari naizenean kontrol sozialean eduki dezaketen balio eta aukerez hitzegiten badugu, beldurtzekoa modukoa.

Ustezko 'komunikazio akatsaz' gain, trukean ezer gutxi eman eta bezeroez asko baliatzen den ekimen komertzial eta baztertzailea besterik ez dut ikusten ekimen honetan; enpresarekiko eragiketa ekonomikoetan, enpresari berari balioa igoko dion efektu kolpea.

Luze eta zabal (h)aritu gaitezke Euskaltelen ekimenari buruz, baina nik ez dut poztutzeko inolako arrazoirik aurkitzen. Nahiago dut Guifi.net bezalako benetako ekimen partekatzaile, ireki eta eraldatzaile bat lantzen eta garatzen jardun.

2015-03-22 : 10:20

Eskerrik asko erantzunagatik Aitzol eta Asier, esan bezala albotik begira nengoen gaian sakondu gabe ez naizelako Euskaltelen bezero eta horregatik Asierrek azaltzen dituen alderdi asko aztertzeke nituen.

Laburrean, nire iritzian ekimena ez da txarra, Asierrek adierazten dituen esparru askotan nabarmen hobetzekoa den arren.

Noski librezale ikuspegi batetik erabat irekia nahiko nukeela, baina urrats bat da. Fondo buitre bat akziodun nagusi duen konpainia bati ezin zaio iraultzaren lehen lerroan egotea eskatu. Noski interes komertzialagatik egin duela, Asierrek oso ondo azaldu dituen akats askorekin. Bezero banatzailea ezin izan parte ez bada mugikor bezero eta onura komertziala alde bakarrekoa izatea beharbada esanguratsuenak.

1934ra ez gaitu honek eramaten mugikorra poltsikoan izateak baizik.

Segurtasunaren alderdi teknikoa @Irontec enpresakoei galdetu behar, nik behintzat ez baitut ideiarik ere.

Legala/ilegala dikotomiatik alde egingo dut, legala boterak babestu nahi duen hori baita, garai batean esklabotza bezala. Edonola deabru abokatu papera eginen dut orain: Zergatik ez du euskaltelek erabiliko bere sarea eta bere aparatuak? Erabiltzailearen kontsumo elektriko gehigarria ez da adierazgarria. Ekimen honekin irabazien %99 euskaltelendako direla agerikoa da, baina non dago erabiltzaileari KALTEA?

Saretik ateratzea baino (diotenez legalki berriz sar zaitzakete) sinpleagoa da aparatua itzaltzea. ;-)

Plazer bat zuekin hitz egitea, beti ikasteko prest bainago.

PD: ez naiz inondik inora Euskaltel defendatzaile, bere bezero nintzenean alde egin nuen beraien horrelako kontratu aldaketa marrano bat tarteko eta 300€ eskatu zidaten, Lugoko kobratzaile enpresa bat jarraika izan nuen. Arbitrajera eraman nituen eta azkenean beraien mobil zaharkituak itzuliz konpondu zen nik sosik ordaindu gabe. Agur Euskaltel.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago