Teknologia albisteak
1

Kike Amonarriz: "Gazte batzuek ez lukete euskaraz hitz egingo euskañolik egongo ez balitz"

Erabiltzailearen aurpegia
2012-12-21 : 10:09

“XXI. Mendeko euskaldunak: nola ari diren aldatzen gauzak, kamarada!” izenburupean, hizkuntzaren egoera eta etorkizunari buruzko irakurketa zabal bezain zehatzarekin itxi zuen herenegun Kike Amonarrizek Arrasateko AED elkarteak antolatutako “Lau begiratu euskararen norabideari” zikloa. Tolosarra elkarrekintza etengabean aritu zen publikoarekin – 70 lagun inguru- eta ez zien, ez, kale egin saio umoretsu bat espero zutenei. Hitzaldia bertatik bertara edo Goiena.net-etik jarraitzeko aukera izan ez zenutenok hementxe duzue kronika, Mondraberri atari digitalak eskuzabal utzitako argazkiekin osaturik.

Kike Amonarriz, hitzaldia AEDrentzat

Hizkuntzalari eta telebista aurkezle tolosarrak triunfalismorako aukerarik eman gabe jardun zuen, “aldaketa prozesu oso korapilatsu baten aurrean gaudelako” eta “normalizazioak aurrera egin ezean euskara hizkuntza dekoratibo bezala geratzeko arriskua dagoelako”. Baina, aldi berean, esango genuke, euskararen erabileraren sinbolo bihurtu den metafora erabiliz, bere diskurtsoaren indarra botilaren alde betean fokatu nahi izan zuela.  Batetik, euskararen inguruko kezkak ez direlako bart arratsekoak, hainbat egile klasiko aipatuz erakutsi zuenez. Eta, bestetik, “panorama etengabe aldatzen ari zaigun arren”, oraindik tinko eusten diegulako euskara gaur egun arte bizirik mantentzeko giltzarri izan ditugun “borondate”, “kontzientzia”, “atxikimendu” eta “indar aktiboari”.


Garaiak zelan aldatu diren erakusteko Arrasatera hitzaldi bat ematera lehen aldiz etorri zeneko anekdota kontatuz ekin zion Amonarrizek hitzaldiari. Ikastolan zeukan hitzordua eta herritar bati ikastola non zegoen galdetu zionean honako erantzun hau jaso zuen: “Ikastola, pero, ¿en qué sentido?”. AED elkartea ere sortzeke zegoen artean eta euskara herriko kaleetatik desagertua kasik.  
Egungo euskalgintzan ere aldaketa nabariak sumatzen ditu; egoera gainditzeko eta jauzi kualitatiboa emateko “hausnarketa eta eraldaketa” oinarritzat dituzten diskurtso berriak; orain arte ikuspegi ezberdinak izan dituzten agenteen aldetik datozen ideia partekatuak; betiko “polarizaziotik alde” eginez, adostasunaz, lankidetzaz eta lehentasunak fokatu eta garatzeko premiaz dihardutenak.


Izan ere, Amonarrizek nabarmentzen duenez, “mundua eta ingurua” aldatu zaizkigu eta horrekin batera “hizkuntzak erabiltzeko” modua ere bai. Teknologia berriek komunikatzeko erak irauli dituzte, hizkuntzaren lurraldetasuna ere gaindituz. Eredu sozialak ere aldatzen ari dira eta horren adibideetako bat litzateke gazteek orain arte hitanoaren erabilera baldintzatzen zuten erregistro-irizpideak gainditu izana. Bistako da, beraz, testuinguruarekin batera euskararen egoera eta erabilera aldatuz doazela eta alde horretatik badugu zertaz poztu ere. Esate baterako, “euskaltzale burugogor batzuei esker” Twitter euskaraz beste hizkuntza hedatuago batzuetan baino agudoago izan dugu eskuragarri. Amonarrizen esanetan, hemendik aurrera “neurri batean, eskuragarri dugunaren arabera mugitu, garatu eta izango gara. Eta horren arabera erakarriko ditugu erdaldunak ere”.

BOTILA ERDI... HUTSA ALA BETEA?

Tolosakoaren arabera, tokian tokiko baldintza soziolinguistikoei erreparatu behar zaie euskararen egoera zein den jakiteko. Oro har euskara “indartu” egin da maila demografiko, geografiko nahiz funtzionalean. Halere, “oso ahul” dago oraindik maila berberetan. “Egoera formaletan aurreratu dugu” eta informaletan galerak izan dira. Nolanahi ere, Amonarrizek azpimarratzen du munduko hizkuntza aniztasunaren barruan ez garela hain txikiak. Alde batetik, 0tik 10erako eskalan, euskarak 9ko nota jasoko luke hiztun kopuruari dagokionean. Bestalde, euskararen berreskurapenak izan duen bilakaera “jarraitzeko eredu” da hizkuntza gutxitu askorentzat. Horrexegatik, “gure burua gutxiesteko” joera dugulakoan dago Amonarriz.

ATZERA BEGIRA ZER IKUSTEN?

Koldo Mitxelenak edota berrikiago Xabier Erizek nabarmendu izan dutenez, “sinestezina” da euskarak gaur egun arte iraun izana. Izan ere, “berandu iritsi gara” hainbat eremutara eta “beste hainbatetan ez gara sekula ere egon”. Orduan, zelan iraun du? Zantzu batzuk atzera begira jarriz gero topatuko ditugula uste du  Amonarrizek. Erizeren hitzak bere eginez, euskarak “familian, lagunartean, herrian eta lurralde euskaldunetako eguneroko bizimoduan zuen indarrean eta euskaldunek, ohartuta nahiz oharkabean erakusten zioten atxikimenduan” egin du aurrera.


Bestalde, klasikoen diskurtsoei erreparatuz gero, garbi antzematen da “beti egon dela euskarari eusteko borondatea” eta “minoria aktibo bat kontzientziaduna”. Gaur egun ere eusten diogu “indar aktibo” horri eta horrexegatik gara “mundu mailako erreferente”.  Baina, badakigu, aldi berean, euskarak “esku-hartze politikoa” behar duela ezinbestean.

NOLA HITZ EGITEN DUGU?

Euskararen kalitateari buruzko kezkak ez dira soilik gaur egunekoak ez eta euskaldunonak bakarrik ere, hizlariak zehaztu zuenez. Guri dagokigunean gutxienez XIX. mende hasieratik, Larramendiren garaietatik datozkigu “kexuak” hizkuntzaren erabilera urri eta “zabarragatik”. Hizkuntza menderatzaile nagusienetan ere – berdin espainola, frantsesa edota ingelesa- asko ugaldu dira hizkuntza arriskuan ikusten duten diskurtsoak, beste hizkuntza batzuen interferentziagatik edota teknologia berrien eraginagatik. Egia ordea da hizkuntzak berez direla “aldakorrak eta heterogeneoak”. Komunikatzeko tresnak diren heinean “hizkuntza-komunitate bat harreman sare bat dela” funtsean eta, ondorioz, hizkuntzek “barne eboluzioak eta kanpotik eragindako aldaketak” izaten dituztela.

EUSKARAREN EGOERA GAZTEEN ARTEAN

Hizkuntzaren inguruko ideia orokor horien ostean, gazteen esparrura ekarri zuen Amonarrizek hitzaldia. 70eko hamarkadan pentsatu izan zen “haurrek eskolan euskaraz ikasten bazuten, gero erabili egingo zutela”. Baina errealitatea oso bestelakoa da, Amonarrizek azaldu bezala. “Gazte gehienek dakite eta ia denek ulertzen dute. Baina askok ikasgelan bakarrik erabiltzen dute eta batzuk ezta hori ere”.  Bestalde, edo horrexegatik hain zuzen ere, “gazte horien hizkuntza maila ez da nahikoa” eta “adierazkortasun arazoak” dituzte. Gainera, “hiztun onek” ere ez dute ongi egiten, “euskañola darabilte”.

Kike Amonarriz

(irudiko aurkezpeneko testua irakurtzeko hemen handiago)


Euskara eta gazteleraren arteko kode alternantzia horren “balorazioa ezin da beti negatiboa” izan hizlariaren ustez. Izan ere, gazte batzuek ezingo lukete euskaraz hitz egin modu horretara egingo ez balute. Gainera, taldekotasuna zehazteko ere balio die gazteei “euskañolak”. Arazoa da, Amonarrizen aburuz,  hizkera horrekin batera “sistematikoki erdarazko erreferentziak” baliatzen badituzte. Tolosarrak gazteen hizkuntza erabileraren inguruan aintzat hartzeko zenbait ideia ere eman zuen.

  • Gure historian lehenengo aldiz ez dago elebakarrik.
  • Hizkuntzaren hedadurari dagokionez, inoiz baino euskaldun gehiago dago.
  • Lehenengo aldiz gehienek guraso erdaldunak dituzte. Ondorioz, euskaraz baino hobeto moldatzen dira erdaraz.
  • Ezagupenean aurrera egin dugu baina erabileran ez horrenbeste. Halere, erabilera mailan goranzko joera daukan adin-esparru bakarra da gazteena.
  • Adierazkortasun arazoak dituzte.
  • Hizkera nahasia erabiltzen dute. Euskalki ezberdinak, batua...
  • Jarrera baikorra erakusten dute euskararekiko, baina balio sinbolikoa lehenesten da.
  • Kultur produktuen kontsumoan eta sare sozialen erabileran erdarak nagusitzen dira.

HIZKERA BERRIAK ETA HIZKUNTZAREN KALITATEA

Gazte hizkeraz baino hizkerez hitz egin beharko litzateke Amonarrizen ustetan. “Gazte hizkerak beti egon dira, baina inoiz ez oraingo dimentsioan” eta faktore ugarik eragiten dute aniztasun horretan. Besteak beste, tokian tokiko egoera soziolinguistikoak, profil linguistikoen aniztasunak, euskalkiek, harreman sareek eta ideologia linguistikoak. Idazkerari dagokionean XXI mendeak ekarri zuen iraultza, telefono mugikorren zabalkundearekin. Gazte hizkera horiek hainbat ezaugarri dituzte berezko: “Anitzak, nahasiak, adierazkorrak, berritzaileak, transgresoreak eta nortasun emaleak izaten dira eta jarrera kontrajarriak eragiten dituzte, hizkuntzaren kontrako “atentatutzat” jotzen dira. Halere, tolosarraren ustez, muturrera eramandako “joera  zuzentzaileagatik” garatu ez dugun argota bilatzen dute gazteek eta haien hizkeratan ematen diren zenbait “azentu” eta “molde” alde horretatik begiratu beharko genituzke. Ildo beretik, euskalkiek gazte hizkeratan hartu duten garrantzia ere adierazkortasun horren bilaketatzat jo daiteke. Beraz, transgresio horiek “lasaitasunez” ulertu ezean eta “hiperzuzentasunean” eroriz gero, lau “arrisku” nagusi ikusten dizkio Amonarrizek euskarari: “fosilizazioa, degradazioa eta hibridazioa, txokokeria edo jatorrismoa eta urrunketa”.


Ildo beretik, euskararen kalitateaz arduratuta bagaude hizkuntza irakasteko eta bultzatzeko orduan “egokitasunari” eman beharko genioke lehentasuna. Hau da, hizkuntzaren helburu komunikatiboari eta ez orain arte beste zuzentasun gramatikalaren arauari.

AURRERA BEGIRAKO BEHARRAK ETA IRADOKIZUN BATZUK

Panorama gorabeheratsu honetan, hauexek dira Amonarrizen aburuz euskarak dituen beharrak:

  • Lege babesa eta erakundeen nahiz gizartearen bultzada. Lankidetza eta konplizitatea.
  • Transmisioa, ezagupena eta erabilera bermatzea.
  • Eremu edo arnasgune funtzional eta geografikoak bermatzea.
  • Irakaskuntzan ikuspegi komunikatiboa txertatzea.
  • Kultur eta zerbitzu eskaintza nahiz kontsumoa sustatzea.
  • Teknologia berrietan egotea.
  • Euskara jolas eta sormenerako izatea: ludolinguistika


Bukatzeko, iradokizun batzuk ere eman zizkien “zer egin” jakin nahi zuten entzuleei. Horra hor zuentzat ere:

  • Gaiari buruz hitz egin, “hizkuntzaz aldatzea asko kostatzen delako”.
  • Ikastetxeetan ere hizkuntzaren egoeraz eta gertaerez hitz egin.
  • Akatsak egiteari eta “euskañolari” beldurra galdu.
  • Euskararekin jolastu.
  • Harreman sareak eta erabilera guneak sortu eta hedatu.
  • Euskarazko kultur produktuak bultzatu eta sare sozialak erabili.
  • Gogoa piztu.
  • Eta, garbi adierazi, “guk egiten ez badugu beste inork ez duela egingo!”

   
AED elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu “Lau begiratu euskararen norabideari” zikloa artez edo moldez jarraitu duzuen euskaltzale guztioi, zabalkundean lagundu diguzuen hedabideei (Sustatu, Mondraberri, Goiena) eta, zelan ez, parte hartu duzuen lau hizlariei.    

Erantzunak

2013-01-14 : 16:57

Biziki interesgarria!
Kike Amonarrizek esandakoak kontuan hartzekoak dira; izan ere, Arrasateko AED elkarteak antolatutako “Lau begiratu euskararen norabideari” zikloan ezin hobeto aritu zen. Esandakoen artean, honako esaldi hau hautatu dute izenburu gisa sustatu.com albistegian: "Gazte batzuek ez lukete euskaraz hitz egingo euskañolik egongo ez balitz".

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago