Teknologia albisteak

Osaba

Erabiltzailearen aurpegia
Isiltasun emankorra
2017-01-23 : 13:58

Batzuetan, distortsionatu egiten dugu familiaren kontzeptua, nahitaez edota nahigabe, baina distortsionatu egiten dugu. Odolaren aitzakiapean errotzen gara, odolaren baitan bizi dugu familia, eta odolari erreparatzen diogu urlia sandiaren familiakoa denentz jakiteko. Baina oker gaude. Oker gaude, odolak ez duelako harremanik arautzen; oker gaude, uste baitugu odolekoa izatea dela famliakoa izatea; pentsatzen baitugu odolak margotzen duela lotura emozional-sentimentala, alegia, imanarena egiten duela odolak. 

Familiaren barruan odol-loturak daude, eta baita lotura gorriak ez direnak ere. Aitaren edo amaren senidea beti izango da familiakoa, hurbilekoa; ofiziala, alegia. Baina senidearen bikotea ez da ofiziala, ez da odolekoa; postizoa da ("politiko" ere esaten zaio, halakoaren jatorria zein den jakin gabe ere). Senide-orde horrekin dugun harremana bikaina izan daiteke, baina ez da arautua, "izebaren senarra" edo "osabaren emaztea" esatera ere ausartzen gara batzuetan. 

Nire bizitza ez labur honetan halaxe pentsatu izan dut beti, pasa den astera arte. Joan den ostegunean osaba joan zitzaigun, goizo, oso goizo. 64 urterekin, erretiroaren lehen hilabeteaz gozatzen ari zela hil zen, mendian ehizean ari zela, ustekabe beltzak harrapatuta. Arma puta horiek ondo dakiten moduan eragindako heriotzak hotz harrapatu gintuen guztiok. Eta modu berean hoztu zen gure zainetako odola, familia politiko eta ez politiko guztiarena.

Heriok azkar eraman nahi izan zuen, azkarregi, auskalo zergatik. Heriok esan dut, baina akaso naturak berak erabaki zuen osaba bertan gelditzea, ehizean ari izatearen mendeku gisa edo; edo bestela, hileta-elizkizunean apaizak esan bezala, Jaungoikoak egin zion dei zerutik, betikotasuna gazte bizitzeko edo. Kontuak kontu, arnasik gabe utzi gaitu guztiok, baita berekin zeraman zakurra bera ere.

Arestian esan dut familia distortsionatu egiten dugula batzuetan, eta hala izaten da. Baina osabaren heriotzarekin batera konturatu naiz, odol berekoak ez izanagatik, familia ofizialekoa nuela osaba. Alegia, barnean utzi didan min eta penak gehiegi balio du oharkabean alde egiten uzteko. Asko maite nuen osaba, baina uste dut orain gehiago maite dudala, eta maiteko dudala. Orain dela bi aste ikusi nuen azken aldiz, eta irudi horrekin geldituko naiz, alaitasun horrekin, zimur argal horiekin, bere ondoan egotea une berezi egiten zuen gaitasunarekin. 

Izeba daukat odoleko, sinesgaitza dirudien arren, orain alarguna den hori bera. Kurioski, izeba ere gehiago maite dudala uste dut; bere alboan egon nahi dut, zaindu eta maitasuna adierazi, lehen egiten ez nuen bezala. Osabak beti esaten zidan izebaren antza ikaragarria hartzen ari nintzela. Adierazten ez nuen arren, harrotasunak betetzen zuen nire baita. Ez odol bereko izateagatik, baizik eta berak, osabak eta lehengusuek beti ematen duten goxotasunagatik. Osabari hori entzuten nion bakoitzean pentsatzen nuen nik ere goxotasun horren emaria nuela aurpegian. Hori mundiala izaten zen.

Bizitzak sekulako kirtenkadak ematen ditu, galantak, garratzak. Mendian gertatutakoak odola isuri zuen belardian; ofiziala ez den nire odol bera. Horrelaxe sentitzen dut nik, eta beti sentituko dut. Ez adiorik, osaba!

Jatorrizkoa: Blogak.eus, Isiltasun Emankorra bloga, Saioa Irastortza Telletxea.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago